«Oraindik bide oso luzea daukat egiteko, eta lanean jarraitu beharra dago»
Futbol atezaina
Aitzol Aizpurua atezain gaztea da, 18 urte besterik ez ditu, baina egun Gipuzkoan eta Euskal Herrian etorkizun handienetakoa duen atezainetakoa da zalantzarik gabe. Huesca taldeko kidea izanagatik, Almudevarren ari da jokatzen, utzita. Zumaiakon hasi zen futbolean, eta handik Athleticera joan zen, gero berriz ere herriko taldera itzultzeko. Iaz Elgoibarren aritu zen, eta aurten beste jauzi bat eman du.
Jon LEUNDA
Aitzol Aizpurua atezain zumaiarrak 18 urte besterik ez ditu, baina Bigarren Mailako Huesca taldeko hirugarren atezaina da. Aldi berean Hirugarren Mailako Almudevar taldean ari da jokatzen, Huescarekin hitzarmena duelako.
Nola doa bizitza Huesca aldean?
Egia esan, gustura. Urte gogorra ari zait egiten, goizetan Huescarekin entrenatzen dudalako, eta, arratsaldetan, berriz, Almudevarrekin, baina ikasten ere asko ari naiz. Oraindik 18 urte ditut, eta hilabete oso baliagarriak izaten ari direlakoan nago.
Huesca taldeko deialdietan ere sartu zara, ezta?
Bai, bi aldiz joan naiz haiekin, eta ikaragarria izan da. Bigarren Mailan estadio handiak daude, jende asko joaten da, eta nik asko bizi izan ditut bi partida horiek.
Zergatik ari zara Almudevar taldean jokatzen?
Almudevar aurten igo da Hirugarren Mailara, eta Huescaren bigarren taldea izateko akordioa lortu zuten. Horregatik ari naiz bertan lehen taldeko deialdietan sartzen ez naizenean.
Eta nola doa denboraldia hor?
Jokatzen ari naiz, baina bestela ez oso ongi, sailkapenean azkenak goazelako. Nik uste dut aurrerago joatea merezi dugula, baina hori ez da nahikoa, irabazi egin behar izaten baita, eta horretan ditugu arazoak. Hala ere, jendeak ongi erantzuten du; zelaiko harmailak bete egiten ditu eta gustura nago.
Iaz ere Hirugarren Mailan aritu zinen, baina laugarren multzoan. Asko aldatzen al dira gauzak?
Bai, oso ezberdina da. Euskal taldeen multzoa hau baino gogorragoa da. Lehen ez dakit nolakoak izango ziren multzoak, baina orain horrela dira. Han taldeak bai taktikoki bai teknikoki ere askoz ere gehiago landuta daude; jokatzeko zailagoa da. Hala ere, multzo honetako maila ere oso polita da; gustura jokatzeko modukoa da.
Oraindik gazte mailan aritu beharko zenuke, baina zure mailan ez duzu ia batere jokatu, beti helduen mailan aritu zarelako. Hori seinale ona da, ezta?
Horrela delakoan nago, baina hori denborak esango du. Oraindik ikasteko asko daukat, eta lanean jarraitu behar dut. Egia da gazte mailan aritu beharko nukeela, baina maila horretan ia ez dut batere jokatu. Athleticekin lehen hilabeteak bakarrik jokatu nituen. Gero utzita bidali ninduten Zumaiakora, nire herriko taldera, Gipuzkoako Ohorezko Mailara, eta, iaz, berriz, Elgoibarren jokatu nuen, Hirugarren Mailan. Egiten ari naizenarekin gustura nago, baina oraindik egiteko ere bide luzea daukat, eta orain arte bezalaxe jarraitu behar dut saiatzen.
Bigarren Mailan lehen aldiz jokatzeko aukera gertu izateak kezkarik sortzen al dizu?
Ilusioa gehiago. Ez da erraza izango, baina aukera hortxe dago. Jadanik bi aldiz sartu naiz Huescaren deialdian, eta badakizu jokatzeko aukera irits daitekeela; nahikoa da jokatzen ari denari zerbait gertatu edo txartel gorri bat ateratzea. Zelairatzeko prest izan behar dut, eta ez dit kezkarik sortzen.
Athleticekin nolako oroitzapenak dituzu?
Oso onak. Asko ikasi nuen Lezaman, jende asko ezagutzeko aukera izan nuen, bai nire adinekoak bai zaharragoak. Oso une politak bizi izan nituen han.
Nolako atezaina zara?
Nire ustez nortasun handikoa, eta burua hotz mantentzen dakiena. Hori oso garrantzitsua da, izan ere, atezainaren postua oso zaila da. Aurrelari batek aukera pila huts egin ditzake, baina horietako bakarra sartu eta garaipena ematen badu, partidako onena da. Atezain batek, aldiz, sekulako partida egin dezake, baina gero bere huts bat medio partida galtzen bada, sekulako egurtua hartzen du. Hortaz, garrantzitsua da burua hotz mantentzea.
Asko gustatzen al zaizu zure lekutik taldekideei agintzea?
Bai. Azken batean atezain batek ongi ikusten du nola dauden bere kideak, eta, beraz, taldea zuzentzen saiatu beharra du; nik asko hitz egiten dut, eta beti gainerako jokalariei animoak ematen saiatzen den horietakoa naiz.
Etorkizunean non ikusten duzu zeure burua?
Ez da erraza, azkenean hori ez baitago nire esku. Etxeko talderen batean jokatzen ikusi nahiko nuke neure burua, baina nik garbi daukat futboletik bizi nahi dudala; beraz, azkenean jokatzeko aukera ematen didaten lekuren batean bizi eta jokatu beharko dut. Etxeko talderen bat baldin bada, askoz ere hobe, hori nahi dut, baina kanpora joan behar baldin badut futbolean jokatzen jarraitzeko, arazorik gabe joango naiz.