GARA > Idatzia > Kultura

Hirugarren poema liburua eman du Rikardo Arregik

Hogei urtean idazten duen hirugarren liburua da, aurrekoak bezala Alberdania argitaletxearekin. Bere denbora hartu du Arregik hiru zatiz osaturiko «Bitan esan beharra» poema liburua idazteko. Harkaitz Cano idazleari egokitu zaio aurkeztea, eta uste du denbora ez duela alferrik galdu.
p048_f01.jpg

GARA | DONOSTIA

Rikardo Arregi Diaz de Herediak hirugarren poema liburua aurkeztu zuen atzo Donostian. «Bitan esan beharra» (Alberdania) hiru zatitan banatzen den lana da aurreko bi liburuei jarraipena ematen diena.

Inazio Mujika Iraola editoreak azaldutakoaren arabera, berarentzat ohore bat izan zen liburu hau aurkeztea aurreko bi poema liburuetako editorea ere izan zelako. «Hogei urtetan hiru liburu argitaratzea ez da asko, Rikardo, baina lan guzti horiek euskal poesiaren historian fundamentalak dira», esan zuen.

Liburu bakar bat bezala argitaratu badute ere, berez testua hiru liburu izango balira bezala dago pentsatuta. Jorratzen diren gaiak askotarikoak dira. Alde batetik, bizitzaren eta artearen arteko harremana dago, bestetik heriotza, eta azkenik amodioa. Guztiak poesiaren forma guztietan barneratuz proposatzen ditu. «Bere libururik bikainena da, eta esango nuke urte hauetan nire eskuetatik pasatu den ederrenetarikoa dela», gaineratu zuen editoreak.

«Espero genuen liburua»

Harkaitz Cano idazleari egokitu zitzaion bere azken lana irakurri eta honen inguruko hitz batzuk esatea. «Iritsi da denok espero genuen liburua, irakurri gabe iruzkindua izan dena. Banatu gabe zegoenean liburu dendetan eskatua izan dena».

Idazlearen esanetan dendariak harritu egiten ziren ordenagailuan agertu ez eta batek baino gehiagok eskatu zuelako liburua, eta are gehiago harritzen ziren poesia liburua zela jakitean, hainbeste jakin-min sortu duelako.

«Geruzaz geruza sortutako liburu bat da; aurreko urteetan gertatutakoak aztertzen ditu, baita horien aurrekoak eta etorriko direnak ere -azaldu zuen- iraganean bizi garelako poemak behar ditugu».

Hamabi urte pasatu dira Arregik «Kartografia» testu bilduma atera zuenetik, denbora luzea, agian, idazle batentzat. Haren aurretik «Hari hauskorrak» (1993) kaleratu zuen. Biek ala biek Kritika Saria irabazi zuten argitaratu eta hurrengo urteetan.

Orain arte pasa den denborari buruz Canok adierazi zuen urteak pasatzea ez dela meritua, baina «urte horietan ixiltasun poetikoa izan bada, poeta bere poemei behar duten denbora ematen saiatu bada, poemen geruzetan urtaroak kateatuta gelditzea lortu badu, orduan bada meritua agian -bota zuen-, beraz, utzi bakean poetak, utzi bakean euren poemak idazten».

HITZORDUA

Gasteizko Irakurle Klubak Arregiren liburu berriari egun bat eskainiko diola iragarri du. Hitzordua 2013ko ekainean izango da Ignacio Aldecoa kultur etxean, Iban Zaldua idazleak koordinatua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo