Ipar Korea, gaur Hego Korean izango diren hauteskundeen ardatza
Park Geun-hye kontserbadorearen eta Moon Jae-in progresistaren artean bozkatu beharko dute gaur Hego Koreako biztanleek. Ekonomia eta Ipar Korea izan dira hauteskunde kanpainaren ardatz nagusiak.
GARA | SEUL
Hauteskunde eguna dute gaur Hego Koreako biztanleek. Estatuburu berria hautatu behar dute eta horretarako bi hautagai dituzte. Batetik, Park Geun-hye, Saenuri talde politiko kontserbadorearen hautagaia, eta, bestetik, Moon Jae-in, Alderdi Demokratiko Batuaren ordezkaria.
«Klase ertaina berreskuratuko dut. Aro berri bat zabaldu nahi dut, eta aro horretan, klase ertaina gizartearen %70 izatea da nire helburua», plazaratu zuen Parkek, Seulen, hauteskunde kanpainaren azken egunean.
Moonek, aldiz, «herritarren alde ipiniko» dela nabarmendu zuen. «Berdintasunari eta justiziari lehentasuna emango diet», gaineratu zuen. Aldaketa politikoaren beharraz ere ohartarazi zuen, Lee Myung-bak kontserbadoreak boterean bost urte daramatzala esanez.
Azken inkesten arabera, Parkek irabaziko du, baina tarte eskasarekin. Hego Korean 60 eta 70eko hamarkadetan agintean egon zen Park Chung-hee diktadorearen alaba da. Askok bere hautagaitza gogor kritikatu zuten, hain zuzen ere, diktadorearen alaba izateagatik.
Hautagaien profilak
60 urtekoa eta ezkongabea, oso gaztetik aritu da politikan. 1974an, 22 urte zituela, lehen damaren lekua bete zuen Ipar Koreako ekintzaile batek bere ama, Yuk Young-soo, hil eta gero.
Irabaziz gero, Hego Korean presidente izendatzen duten lehenengo emakumea izango da. Apirilean legebiltzarra aukeratzeko egindako hauteskundeetan, bere talde politikoak arrakasta handia izan zuen: 300 eserlekuetatik, 152 eskuratu zituen Saenurik.
Moon Jae-in, giza eskubideen defentsan aritu den 51 urteko abokatua, Roh Moo-hyun presidente ohiaren (2003-2008) gertukoa izan zen. «Printzipioen hautagaia» gisa aurkeztu du bere burua. 70eko hamarkadan, hain justu Park Chung-hee-ren diktadurapean, preso egon zen.
Ipar Korea hauteskunde kanpainaren ardatza izan da eta bozketa ere baldintzatu dezake. Pasa den astean, Pyongyanek helmen handiko suziria jaurti zuen. Bi hautagaiek jaurtiketa gogor gaitzetsi zuten arren, adituen ustetan, Parki mesede egingo dio, bere talde politikoa Ipar Korearen kontrakoa baita.
Aldiz, Alderdi Demokratiko Batua agintean egon zenean, bi herrialdeen arteko hika-mikak apur bat arindu ziren, baina 2010etik areagotu egin dira.
Bai Parkek baita Moonek ere jarrerak gerturatzearen alde lan egingo dutela esan dute.
Hauteskundeen irabazleak otsailean hasiko du bost urteko agintaldia.
Gazteek kalitatezko lana aurkitzeko oztopo handiak dituzte. Soldaten arteko tartea ere nabaria da Hego Korean. Horrek Mooni mesede egin diezaioke langileriaren alde lan egingo duela esan baitu.