Araban kultura hilzorian, euskara bidegurutzean
Inoiz baino meheago zetorren 2013rako aurrekontu egitasmoa ezingo du aurrera atera PPren esku den Arabako Foru Aldundiak, EAJk atzo gaurko bozketan abstenitu egingo dela iragarri ostean. Bere agintaldian zehar euskarari ebaki sakona eragin dio PPk, eta hurrengo urtean euskararen arloko aurrekontua %66 murrizteko prest ere bazegoen. Azken bi urteotan kultur hatsa darion orok pairatu ditu murrizketak Araban.
Amaia GARTZIA
Gasteizko kultur eragile eta gune nagusien itxiera jarioak ez du etenik. Hori gutxi balitz, ez zirudien Arabako Aldundiak 2013rako aurkeztutako aurrekontu proiektuak itogina ixteko asmorik zuenik. Asteburuetarako gazteentzako Gauekoak aisialdi zerbitzua izan zen duela aste batzuk murrizketen eragina zuzen-zuzenean jasan zuenetako bat. Aurretik ere gauza jakina izanagatik, erabakiak argi utzi zuen beste behin kulturak jasotzen dituen laguntzen erremusina funtzioa; izan ere, poltsikoak hutsago dauden garaiotan, bata bestearen atzetik erortzen ari dira hiriburu arabarrean kultur eragileak, dominozko segida bat bailiran. Gasteiz, hiri berde hura, eraikin huts eta erraldoien bilduma bihurtzen ari da, kultur kanposantu. Krea, Montehermoso, Artium... kultura kuantitatiboaren mesedetan jada erori diren edota erortzen ari direnetako batzuk besterik ez dira. Euskal kultura ari da bereziki murrizketa bortitzak jasaten. Horren erakusle, bi urte eskasetan, euskara sailaren aurrekontua %66ko murrizketa jasateko zorian egon da, Javier de Andres agintera heldu zenetik miloi bat euro inguru gutxiago jasoz. 2011n Xabier Agirreren Gobernuak 1.465.639 euro bideratu bazituen, 2013ko aurrekontuan 496.500 euroko partida eman nahi zion euskarari PPk. Haatik, gaurko bozketan aurreikuspenak bete eta 2012ko aurrekontuak luzatzen badira, milioi bat euro inguru jasoko ditu azkenean euskara sailak.
Arabako Bilduren eta Ezker Batuaren osoko zuzenketekin, gaur bozkatuko dira oposizioaren aurkaritza izango duten Arabako aurrekontuak. Izan ere, EB, PSE-EE eta Bilduk ezezkoa bozkatuko dute, eta, EAJk, berriz, abstentziora joko du atzo aurreratu zuenez. Horrenbestez, iaz ez bezala, aurtengoan PPk ez du nahikoa berme izango bere egitasmoa aurrera ateratzeko. Kontrakoa uste zuen Javier de Andres ahaldun nagusiak, baina, azkenean, bakarrik gelditu da, «nahiz eta aurrekontuak erretiratzea inoiz ez pentsatu» eta pasa den astean bertan EAJrekin negoziatzeko asmoa aurreratu. PPren nahietan aipagarria zen diru-sail batzuen desagertzea, besteak beste, Gasteizko Geu elkartearena -9.000 euro jaso ditu aurten-, euskararen gaineko mintegiena -10.000 euro-, Euskal Herriko Unibertsitatearen eta gizartearen arteko lotura agentzia den Eusko Iker fundazioarena -2.700 euro- eta Arabako Merkataritza eta Industria Ganberan euskara sustatzeko sailarena -25.000 euro jasotzetik ezer ere ez jasotzera igarotzekotan egon da-. Elkarte batzuei zintzurra moztu eta beste batzuk poliki odolusten utzi nahi izan ditu PPk; hala, Arabako Bertsozale Elkartea, Eusko Ikaskuntza edo Euskaltzaindia bera ere murrizketen jomugan izan dira.
Kasualitatez, «De repente... bertsoa» euskararen normalkuntza eta bertsolaritza hizpide izan zuten jardunaldien erdian harrapatu zuen Arabako Bertsozale Elkartea aizkorakada saiakerak: «Sorpresa desatsegina izan da, baina, batez ere, gauzak komunikatzeko modua izan da baldarra; prentsaren bidez jakin dugu gertatzen ari zena». Indarrean dituen proiektuak mantentzeko «izugarrizko ahalegina» egiten ari den Arabako Bertsozale Elkartearentzat kolpe handia izango litzateke diru laguntzarik gabe geratzea. «Marra gorria aurrez aurre dugu; murrizketa gehiago badatoz, proiektuak jausi egingo dira, ez dago konponbide errezik», azaldu du elkarteko lehendakari Ekaitz Elorriagak.
Ibilbide luzea duen Geu elkarteak oraindik ere albiste txarragoa jaso zuen: 9.000 euro jasotzetik partidarik gabe utzi nahi zuten. Gasteiz Euskalduna Elkartea duela hogei urte sortu zen «GEU Gasteiz» aldizkariarekin batera. Urteurrena ospatu berri dute. 2009an kaleratu zen aldizkariaren azken zenbakia, baina ordutik hainbat egitasmo eraman ditu aurrera elkarteak. Esate baterako, Geu elkarteak kudeatzen du 600 erabiltzailetik gora dituen Gasteizko Mintzalaguna programa. Horrez gain, Kultur Errota, Irakurle Kluba, GEUrekin Mendira, Hirinet Gasteizko euskaldunen ataria edota Euskararen Agenda bezalako ekimenak burutzen dituzte. Diputazioaren egitasmoak, aurrera egin izan balu, euskaldunen komunitate trinkoa eratzeko azken bi hamarkadetan izugarrizko ahalegina egin duen elkartea kaltetuko zukeen, eta, horrekin batera, noski, euskararen erabilera bera. Izan ere, Eñaut Iraeta elkartearen koordinatzaileak nabarmendu duenez, PPk euskararen arloan ezarri nahi izan dituen murrizketek ez lukete eragin handiegirik izango Arabako Aldundiaren aurrekontu orokorrean, «bai, ordea, euskara sustatzeko lanean gabiltzan hainbat eta hainbat eragilerengan, eta, ondorioz, herritarrengan». Lehen gutxi zena, «miseria hutsean» utzi nahi izan dutela salatu du Iraetak.
«Basamortu kulturala»
Lorena Lopez de Lacalle Bilduko foru diputatuaren ustez, «erreferentziazko basamortu kultural» bilakatu du PPk Araba. Aldundiak bertan behera utzitako espazioetan enpresa pribatuei ateak irekitzen ari direla uste du Lacallek. PPk egiten duen masa kulturaren aldeko apustu garbia, arrakasta salmentaren arabera neurtzean datza Bilduren aburuz.
Arabako 2013ko aurrekontuekin zer gertatzen den gorabehera, argi dago Gasteizko kultur egoitzen egoerak ere ez duela etorkizun oparorik aurreikusten. Azken bi urteotan hainbat proiektu bertan behera geratu izanak hiria kulturalki makaltzen ari dela agerian utzi du. Gasteizek hiltzen utzi dituen obra «faraoniko» asko izan ditu, ez kultur arloan bakarrik. Krea zentroa izan zen duela urtebete ateak ixten lehena. Ordurako, kultura arrisku bizian zela ahoz aho zen Gasteizen. Ordutik hona «bideraezin» izendatutako proiektu kopurua ikusita, Gasteizko kultura garaikidearen egoera zein den argi dago: ezereza.
Montehermoso, 2013an agur
Montehermoso jauregira begira ere egon dira begiradak Xabier Arakistain Arakis kargutik kendu zutenetik. Zentroaren «filosofia eguneratzea» ardatz, irudiari eskainitako egoitza bilakatuko omen zen. Ikus-entzunezkoen alorra «mauka» zela aipatu zuen orduan Encina Serrano kultura zinegotziak. 2011n, PPk boterea eskuratu eta aurreko lantaldea kaleratu ostean, Montehermosoren etorkizun proiektuaren gaineko proposamena behin eta berriz atzeratzen zela ikusteak lehen alarmak piztu zituen; azken urtean zentroaren aurrekontua %80 murriztu dela ikusita, argi dago alarmak ez zeudela oker. Serranok, baina, aurreko taldeak proiektu finkorik ez uzteari egotzi zion erantzukizuna...
Montehermosok kultura gestionatzeko politikarien ezadostasuna irudikatu du azken urteotan. Hala, Malentxo Arruabarrena jeltzaleak Arakisek zentroan garatutako modeloak emakumearen irudia kaltetzen zuela esan zuela gogoratu beharra besterik ez dago, edota Encina Serranok Montehermoso publiko guztietara zabaltzen bazuen Arakisekin kontatzen jarraituko zutela aipatu zuela.
Desadostasunak desadostasun, azken berriek zentroaren gainbehera egiaztatu besterik ez dute egiten. 2013an lau lagunek bakarrik kudeatuko dute egoitza, Udalak sei enpresekin zituen kontratuak bertan behera utzi ostean. Ondorioz, 18 langile kale gorrian geratuko dira, baita orain arte aldi bateko kontratuarekin ari ziren beste lau pertsona ere. Hortaz, epe motzeko proiekturik gabe, bere barrunbeak diru truk alokatuko dituen egoitza bilakatuko dela iragarri zuen duela gutxi Encina Serrano kultura zinegotziak. Hala, urtarrilaren 14tik aurrera Montehermosora kultura bila hurbiltzen denak, jauregiko ateak itxita aurkituko ditu.
Lan erregulazio espedientea Artium-en
Artium Arte Garaikideko Euskal Zentro Museoko 2013ko aurrekontuak ere %25eko murrizketa jasoko du: 1.130 milioi euro gutxiago. Horrenbestez, inor ez da harrituko museoko zuzendaritzak lan erregulazio espedientea aurkeztu duela jakitean. Espedienteak, besteak beste, hiru kaleratze, zortzi langileren lanaldiaren murrizketa eta geratzen diren gainontzeko 15 langileentzako %7 eta %14 arteko soldata murrizketak ekarriko ditu. Museoa 2,4 milioi euro kudeatzetik 1,8 milioi kudeatzera igaroko da, eta, hala, orain arte programazio dinamikoa izan duen museoaren eskaintza %75 murriztuko da. Lan erregulazio bat pairatzen duen lehen euskal museoa bihurtu da Artium eta horrek museoaren irudia kaltetuko duen galdetuta, Daniel Castillejo zuzendariak argi hitz egin du: «Garrantzitsua da jakitea non geratzen den kultura, bai gizarte aurreratu, kritiko, kultu eta prestatu baten sostengu bezala, bai baliabideak kontsumitzeaz gain aberastasunak eta lanpostuak sortzen dituen aktibo bezala ere».
Arabako Bilduk truke txanpona izatea maiz salatu izan badu ere, Gasteiztik kanpoko Araba izaten da kaltetuena. Aldundiaren murrizketek euskara teknikarien sarea deuseztatu nahi izan dute, Araban ugari diren herri txikien kalterako. Zuia eta Aguraingo kuadrillek ere gaitzetsi egin dituzte azkenean bertan behera geldituko diren aurrekontuak. Euskarara ez ezik, murrizketak beste arloetara ere eraman nahi izan ditu PPk, hala nola ingurumen, kultura, turismo eta enplegu sustapenera, eta gisa horretako murrizketek areago zailduko zuten Araba osatzen duten zazpi kuadrillen egoera.
Hiriburutik harago, hiru urte eta erdiz ezagutu dugun kuadrilletako euskara teknikariaren figura desagertzeko zorian egon da. Hauen helburu nagusiak bi dira. Alde batetik, urtero euskara biziberritzeko plan nagusiak (EBPN) kuadrilla zein udaletan onartu eta garatzea, udalerriko esparru guztiak normalizatzen joateko hizkuntza erabilerari dagokionez. Bestetik, beste helburu nagusietariko bat erabilera planak kudeatzea eta garatzea da, administrazioaren jarduera orekatzeko eta gaztelania hizkuntza nagusia izan ez dadin. Araba herri txiki ugariz osaturiko herrialdea izaki, euskara teknikarien desagerpena gertatuko balitz, kaltetu egingo lituzke hizkuntzaren normalizazioan, hauek kuadrilletako planak hartzen baitituzte eredutzat. Hala uste du behintzat Aguraingo kuadrillako euskara teknikariak, Joseba Legardak: «Herri txikietan orain arte oso gutxi zegoen eginda euskararen normalizazioan, Agurain, Asparrena eta Dulantzi kenduta. Langileen borondatearen arabera gelditzen zen». Legardaren iritziz, langile guztiek bide berbera hartuz plan hauek koordinatzea lortu dute, eta egun «sekulako aldea» nabaritzen da herrietan, lehen bezala teknikari bakoitzak bere iritzi propioarekin lan egiten zuen garaiarekin zerikusirik ez duena.
Bestalde, azkenean zapuztuko den egitasmoan PPk ez du izan zalantzarik udal eta kuadrilletan ekimen kulturalak egiteko lerroa kentzeko, ezta Agurain eta Amurrioko antzerki aretoek jasotzen dituzten 23.280 euroko lerroa kentzeko ere. Horiek horrela, ez da harritzekoa historikoki Nafarroara zein Bizkaira begira izan diren Arabako lekuek gero eta nabarmenago bizkarra ematea beren hiriburuari. PPren Foru Aldundiak Gasteizek bere bataila ospatzeko 80.000 euroko poltsa gorde nahi duen bitartean, Araba pitzatu bat bermatzen ari da alderdia.A.G.
Arturo F. Rodriguez artista gasteiztarrarentzat kulturaren makaltzea guztiz agerikoa da Araban: «Gertakizun, jai eta ikuskizunen bitartez ikusgai egiten zen kultura bat bizi izan dugu». Erabiliak izan diren sentimendu orokorrak hartu ditu hiriburuko kultura sustatzaile nagusiak, Gasteizko sortzaileen Amarika batzarreko partaide ere den Rodriguezentzat. «Gasteiz kultura aniztasunaren irudia zirudien, dena ondo artikulatzen zen Artium, Montehermoso eta Amarika bezalako egitura ezberdin eta osagarriekin. Denak leher egin zuenean horrek guztiak kulturaren aldeko benetako apustu bati erantzuten ez ziola ohartu ginen». Bere ustetan, egoera horretara eraman duen politika kulturala errentagarritasun ekonomiko eta sinbolikoa izan du ardatz bakartzat eta guztiz galdu du lotura kultura sarearekin eta batez ere, bere izaera publikoarekin. Haatik, Rodriguezentzat kezkagarriena orduko eskenatoki kulturalak promozionatu zituen proiektu, ekimen, elkarte eta pertsonak dira, egungo egoeran «itotzen» ari direnak. Artista berak azaltzen duenez, klase politikoarengan zabarkeria ikusten dute, eta axolagabetasun pittin bat bere burua «kultural» bezala definitzen zuen jende eta publikoarengan. A.G.