GARA > Idatzia > Mundua

AEBek salbu, Segurtasun Kontseiluko kide guztiek salatu dute Israel kolonien auzian

Beste behin ere, AEBak bakarrik geratu dira Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluan. Izan ere, Washingtonek beto eskubidea erabiliko zuela iragarri ostean, kontseiluko kide diren gainontzeko hamalau estatuek Israelek Palestinan koloniak egiteko azaldutako asmoa gaitzetsi dute.

p023_f01_148x104.jpg

GARA |

Nazio Batuen Segurtasun Kontseilua osatzen duten hamabost estatuetatik hamalauk Israelek Palestinan koloniak zabaltzeko dituen planak gaitzetsi dituzte hainbat agiritan. Hala, AEBak bakarrik geratu dira gaitzespen horietatik kanpo. Washingtonek proposamen orori betoa jarriko ziola aurreratu ostean, gainontzekoek lau agiri sinatu dituzte: Lerrokatu Gabeko Estatuen Mugimenduko zortzi kontseilukideena, EBko lau estatuena, Errusiarena eta Txinarena.

Hardeep Singh Puri Indiako enbaxadorearen esanetan, agiria horiek AEBen betoari aurre egiteko «B plana» ziren. Kontseilua osatzen duten estatuek ebazpen lotesle bat lortzeko kontsultak egin zituzten, eta, Purik AEBei erreferentzia argia eginez esan zuenez, «hamabosgarren kide batek bat egin izan balu, ebazpena aurrera ateratzen saiatuko ginateke». «Hori ez zela gertatuko ikustean, `B plan' gisa erakundeko kideek banaka eta taldeka iritzia ematea erabaki genuen», gaineratu zuen. Victoria Nuland AEBetako Estatu Saileko bozeramailearen arabera, «herri bakoitzak bere ikuspuntua adierazi du eta guk ere horrela jokatu dugu».

Ikuspuntuak ikuspuntu, Israelek kolonia gehiago egiteko azaldutako asmoak «negoziatzeko borondatea bera kolokan jarri du» Segurtasun Kontseiluan dauden Europako estatuen ustez (Britainia Handia, Frantzia, Alemania eta Portugal). Errusiak eta Txinak ere, bakoitzak bere aldetik, euren kezka azaldu dute. Azkenik, Lerrokatu Gabeko Estatuek -Togo, Hegoafrika, Maroko, Pakistan, India, Guatemala, Kolonbia eta Azerbaijan-, «Israelen legez kanpoko jarduerek» Nazioarteko Zuzenbidea urratzen dutela salatu dute.

Salaketa gogorra jasoagatik, Israelek aurrera jarraitzen du kolonia gehiago egiteko asmoarekin, nazioarteko iritziari guztiz entzungor eginez. Hala, Jerusalemgo Eraikuntza eta Planifikazio Batzordeak auzo judutar berri bat eraikitzeko baimena eman du; 2.600 etxebizitza egingo dituzte Ekialdeko Jerusalemgo hegoaldean. Auzoa eraikitzekotan, Beit Safafa herri palestinarra bakartuta eta Jerusalemekiko loturarik gabe geratuko litzateke.

Orain dela bi egun, Eraikuntza Batzordeak beste 1.500 etxebizitza egiteko baimena eman zuen Ekialdeko Jerusalemgo Ramat Shlomo auzoan. Planok azken bi asteotan jarri dira abian; hau da, Israelgo Gobernuak Nazio Batuek Palestina estatu behatzaile bezala onartzeagatik palestinarrak zigortzeko 3.000 etxebizitza eraikiko zituela iragarri ondoren.

Beste kolonia bat

Israelgo Gobernuak Zisjordanian beste 523 etxe eraikitzeko baimena eman du. Ultraeskuindarren gorakadari aurre egiteko asmoz, Netanyahuk kolonien hedapena izugarri bizkortu du hauteskundeen aurretik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo