GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Aniceto Morales Horrillo | Arrotxapeako euskalgintza

Hizkuntz ereduaren aukeraketa Nafarroan

Zeuk aukeratuko duzu: emaitza akademiko onekin bi edo hizkuntza gehiago jakitea ala batekin geratzea, ahalegin berarekin

Askok 2013aren hasieran seme-alabaren bat eskolan lehenengo aldiz matrikulatu beharko duzue (Haur Eskolako 1. maila-3 urte). Agian pixka bat despistatuta ibiliko zarete Nafarroan zortzi hizkuntza eredu ditugulako (A, B, D, G, British, TIL, TIL-A eta TIL-D). TIL-D ez da eredu bat, baizik eta D ereduaren bertsio berria, ingelesa indartua. Nafarroako Gobernuak inposatu egin zuen D eredua eskatzen zen zentroetan (Sarriguren, Buztintxuri, Noain).

Zoritxarrez, eredu asko eta informazio gutxi. Gainera, ez dira eskaintzen baldintza berdintasunean eta bultzada instituzional berbera ere ez daukate.

Arrotxapeako euskalgintzatik gaiari argi pixka bat ematea gustatuko litzaiguke. Hala ere, informatzera animatu nahi zaituztegu, eta hori ongi egiteko, ahal bada oso ongi, zuen seme-alabentzako eredua aukeratzerakoan hartuko duzuen erabakia oso garrantzitsua delako eta haien etorkizun akademikoa, onerako eta txarrerako, erabaki horren menpe egon baitaiteke neurri handi batean.

Kontu pedagogikoetan sartu gabe, hori profesionalei dagokielako, eta irakasleen jarrera, gogoa eta profesionaltasuna baloratu gabe (eredu guztietan antzerakoa dela sinetsita), hauxe erran dezakegu: D eredua da ikasleei gainahaleginik gabe Lehenengo Hezkuntzaren amaieran bi hizkuntza (gaztelania eta euskara) menperatzea eta hirugarren hizkuntza (ingelesa edo frantsesa) baldintza hobeetan ezagutzea ahalbidetzen duen eredu bakarra.

Gure seme-alabentzat D eredua aukeratzeko arrazoi gehiago izanen dira, baina bi azpimarratu nahi genituzke:

1. Ikuspuntu linguistikotik, D eredua da Nafarroan eredu eleanitz bakarra: hizkuntza murgilketa duen eredu bakarra da. Gainontzeko ereduetan, nagusia ez den hizkuntzan saioak %50 edo gutxiago diren bitartean, D ereduan Haur Hezkuntzako lehenengo urtean %100 izatetik Lehenengo Hezkuntzako 6.ean %67 izatera doan tartean dago (%61 TIL-D ereduan).

D ereduko ikastetxeetan euskararekiko harremana %100ekoa da (gaztelania eta ingeleseko eskolak izan ezik, noski). Irakasleek, irakasle ez diren langileek, monitoreek eta abarrek menperatzen duten hizkuntza da. Pentsaezina da hori gainontzeko ereduetan.

Euskara gure gizartean hizkuntza bizia da. Hizkuntza honetan eskolatik kanpoko eskaintza oso zabala eta ekonomikoki arrazoizkoa da (telebista, irratia, kultur ekitaldiak, tailerrak, kanpamenduak), ikasleei eskola esparrutik kanpo erabiltzea ahalbidetzen diena.

Gaur egun D ereduan irakasleen ia %100ek euskara menperatzen duten bitartean, ingeleseko ereduetan, %10ek edo 20k soilik menperatzen dute.

Elebidun izateak (euskara eta gaztelania menperatzeak) hirugarren hizkuntza (ingelesa, frantsesa, alemana...) hobeto ikasteko laguntzen du.

2. Ikuspuntu akademikotik, azkenaldian prentsako informazio batzuk nabarmen ditzakegu: azkeneko bi urteetan selektibitatean izandako emaitzak hobeak izan dira D ereduan, eta Bigarren Hezkuntzako kanpoko probetan D eredukoen emaitzak beste ereduetakoenak baino hobeak izan dira.

Zeuk aukeratuko duzu: emaitza akademiko onekin bi edo hizkuntza gehiago menperatzea ala batekin geratzea, ahalegin berarekin. Zure seme-alabaren etorkizuna jokoan dago. Informa zaitez eta aukera ezazu ongi. Ez zara damutuko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo