Floren Aoiz | www.elomendia.com
Onar dezagun: negua ez da joan!
Ez da aski negua joan dela pentsatzea, negua bota egin behar da, berez ez baita joanen. Asmatu beharra dago. Indarrak bildu eta hobeki baliatu, hormak apurtzeko
Bai, niri ere gustatzen zait Zea Maysen kanta. Hunkigarria da, zinez. Ez dakit zer esan nahi zuten egileek baina zer ulertu nahi dudan ederki dakit, berriz. Nik ere, kanta adituta, negua joan dela, hots, gure gainean eroritako negu bukaezina joana zela sinetsi nahi izan dut. Ez da egia, alta. Negua ez da joan, hemen dugu, gure aitzin, gure gainean, gure gibelean, nonahi. Haize hotza, besterik ez Paris eta Madriletik. Horma ere nagusi bertako batzuengan iristen zaigun horretan. Argi esan dezagun, neguan jarraitzen dugu!
Ez da betiko negu bera, egia esan. Izotzaren erdian loreak ugaltzen dira. Arnasa hartzen dugu, lehen ez bezala: hotz honek ez gaitu izoztuko. Negu berezia da, kontraesankorra, elur ekaitzaren erdian ere, eguzkiak laztantzen baikaitu. Ados, baina ez da gozoa, ez baita nahi genuen udaberria. Ondorio ezberdinak ateratzen ahal ditugu hausnarketa honetatik. Beharbada batzuek pentsatuko dute alferrikakoak izan direla azken urteotako ahaleginak. Errespetagarria da, jakina, baina ez nator bat irakurketa horrekin. Izan ere, aurreko bideak ez zigun udaberriaren itxaropen handirik eskaintzen. Neguan jarraitzen badugu ez da horregatik, beraz. Horma apurtzeko indar nahikoa ez dugulako egin gaude oraingoz neguan, ene uste apalean. Afera ez da bidea, abiadura eta energia baizik.
Bestelako erantzunak espero genituen espainiar eta frantziar agintarien aldetik, bestelako erantzunak nahi genituelako, baina, sakonki aztertuz, ez al da ulergarria eroso sentitzen ziren agertoki batetik erabat ezeroso egonen diren batera pasatu nahi ez izana? Nik, bederen, ulertzen dut. Ez nago ados, jakina, ez da zilegi, ez da justua, ez da demokratikoa, ez da onargarria, nahi duzuena, baina noiz jardun dute frantziar eta espainiar agintariek oinarri horien arabera?
Krisialdiak gogotik jo ditu bi estatu hauek. Sakoneko arazoak dituzte; gurekin lotutakoak, batzuk; besteak, berriz, bestelakoak.
Ekonomia mailako aferak garrantzitsuak izanik ere, estatu ereduaren egonkortasun eza ez da makala. Parisek beldurrez egiten dio so deszentralizazioari, indar irudia eginaz, kezkak ezkutatu nahian. Madrilek gau bakoi- tzaren ondotik goiza iristen dela atzematea aski du, espainiar estatua ez dela hondatu ospatzeko.
Gauzak horrela, zaila da haiengandik maila handiko ekimenak itxarotea. Sobera inozoak izan gara, bada, oraingoan ere? Demokraziaren arabera aurreikusi dugu demokrazia gorrotatzen dutenen erantzuna? Estatu indar- tsuen araberako neurriak espero genituen estatu ahulen aldetik?
Beharbada, agian, menturaz... Ez dakit, baina hala balitz ere, honetatik ere zerbait ikas dezakegu. Ez da aski negua joan dela pentsatzea, negua bota egin behar da, berez ez baita joanen. Asmatu beharra dago. Indarrak bildu eta hobeki baliatu, hormak apurtzeko. Neguari gerla aldarrikatu behar diogu, fronte guzietan, baliabide guziekin. Horrela ekarriko dugu udaberria, ez dago besterik.
Hobe gustuko ditugun kantuen ahalezko esanahiak neurrian hartzea, gogoa eta errealitatea nahasi gabe. Agian neure akatsa besterik ez da. Agian gaurkoa neure buruari begira idatzitako zutabea besterik ez da. Agian...