GARA > Idatzia > Kultura

Begiekin musika entzuteko, atzera begirako argazkiak

Sakelako telefonoak atera eta segundo batean milaka argazki izango dira sarean Hatortxu Rock jaialdia hasi ostean. Baina izerditan, saltoka, ari diren gazte guztiez gain, botoi bat sakatzerakoan une berezi hori gordetzeko lana duten hainbat eta hainbat argazkilari daude lehenengo lerroetan. Josu Astrain etxaurriarra da horietako bat, hamarkada batez irudiak biltzen ibili eta gero, horiek erakusketa batean biltzeko ausardia izan duena.

p046_f01.jpg

p046_f03.jpg

p046_f02.jpg

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

Josu Astrain etxauriarra argazkilaria da afizioz, ofizioz ezinezkoa izan duelako. Hamar urte baino gehiago daramatza Hatortxu Rockeko kontzertuetako lehenengo lerroan, argazki kamera eskuan, atsedenik gabe kliskaka. Bere eta beste argazkilarien argazkiak CDtan grabatu eta taldeei ematen dizkiete, baita Interneten jarri ere, askotan kontzertua bera amaitu baino lehen. Oraingo honetan, Astraini berari ideia bat otu zitzaion: erakusketa bat prestatzea jaialdiaren izaera ahalik eta jende gehienari iristeko. «Asmoa da erakusketa herriz herri ibiltzea, eta gainera, pixkanaka beste argazkilarien lanekin osatzea», argitu zuen argazkilariak. «Hatortxu Rock zer den erakutsi nahi dut 17 argazkiokin».

Erakusketa Iruñeko San Fermin Peñan dago ikusgai, urtarrilaren 6ra arte, astelehenetik ostiralera 19.00etatik 21.00etara, eta asteburuetan arduradunen bat dagoen bitartean.

Astrain txikitan hasi zen etxean zegoen kamera batekin jolasean, eta ondoren eskolan argazkigintzaren lehen teknikak ikasi zituen. Argazkigintza analogikoaren xarma ezagutu badu ere, uste du hori ez dela garrantzitsuena baizik eta irudiak berak esaten duena. Hatortxuren musika ikus dezagun beraz...

Berri Txarrak: Europara joan, eta bertatik etorri
Sorkun: Ahots gozo bat Hatortxun
Kaotiko: Energia hutsa diren doinuak
«Hatortxu Rock bertan da», hamalaugarrenez eta indarrez betea

«Kristal kolpatuak lagun banatuen sintoma zutaz betetako laukidun poltsa bat eta zortziehun mendeku kilometro berriro ere egiteko irrikitan». Hala dio Governors taldeak jaialdiaren X. urteurrenerako egin zuen kantaren zati batek. Argi gelditzen da esaldi horietan Hatortxu Rock musika baino gehiago dela, elkartasuna ere badela. Izan ere, Gabon garaian euskal presoak gerturatzea eskatzeko ekimen masiboa izateko asmoz sortu zen.

Aurtengoa 14. edizioa da, eta urtero bezala egitarau oparoa prestatu dute antolatzaileek, azken uneko aldaketak izan badira ere. Abenduaren 28 eta 29an ospatuko dira kontzertuak Atarrabian. Bertan izango dira, lehen egunean, Keu Agirretxea & Fignuh Experience eta Selectah Stepi & Kentra Bad Sound System, Doctor Deseo taldearekin batera. Azken honetako abeslariak, Francisek, zeresana eman zuen edizio batean, segurtasun neurririk gabe agertokiaren goialdera igo zenean, euforia betean.

Larunbata izango da egunik indartsuena. 18.30etik aurrera taula gainetik pasatuko dira Nekez, Gatillazo, Des-kontrol, Tximeleta eta El Drogas, talde berriarekin. Horiez gain, Habeas Corpus eta Canteca de Macao talde madrildarrak -bigarrena Bongo Botrako talde katalanaren ordez-.

Koma taldeak «agur» esango die agertokiei Atarrabian, iragarri zutenez, eta Zea Maysek «gero arte» esango die, «Era» diskoarekin egiten ari diren biraren azken kontzertua izango baita abenduaren 29koa. Ondoren kanta berriak konposatzen hasiko dira. N.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo