Mas presidente; herri galdeketarekin sozialki independentziarako trantsizioa lantzea, erronka
Artur Mas Kataluniako presidente hautatu dute, sorpresarik gabe, CiUren eta ERCren botoekin. Iraganekoak ez bezalako legegintzaldi bati aurre egin beharko dio, dudarik gabe, 2014rako aurreikusi den herri galdeketa mugarri izango duena. Kataluniaren subiranotasunaren galeraren hirugarren mendeurrenean, eta Eskoziak independentziarako egingo duen erreferendumarekin bat eginez Europan altxatuko den olatuaren gainean igota erronka historiko baten promesa egin du Masek. Mehatxu eta etsai boteretsuen erasoen aurrean sendo eutsi beharko dio emandako hitzari, eta aukeran, egitasmo hori bideratzeko itun nazionala mamitzea egokia litzateke. Besteak beste CUP eta ICV indarrei eskua luzatuz.
CUPeko eledun David Fernandezek atzo adierazi zuen itun horretarako eskua luzatuta dutela, baina murrizketen aurrean ukabila itxita daukatela. Oroigarri egokia da, herri galdeketaren zentralitateak kudeaketa publiko serios eta aurrerazale batekin konbinatu beharrerako. Saiatu saiatuko dira finantza itolarria eragiten eta horrela independentziarako trantsizioa eragozten. Trantsizio hori ongi prestatzea, baina, gakoa da, sozialki eta ekonomikoki ere landuz.