Tolosako Udalak gazteentzako etxeen alokairua sustatzeko lehen urratsa egin du
GARA | TOLOSA
Etorkizuna etxebizitzak errentan jartzea dela konbentzituta, gazteentzako alokairua sustatzeko programa bat hasi du Tolosako Udalak, 35 urtetik beherako lagunei beren «bizitza eredu propioa» gauzatzen laguntzeko asmoz. Gazteentzako Etxebizitza Planaren lehen urratsa egin du, aurreneko sei etxebizitzen esleipenaren prozedura jakinaraziz.
Udalak sei etxebizitza eskuratu ditu, alokairuan jartzeko. Iragarri duenez, Agaramunduko etxeak esleitzeko kupo orokorreko zozketaren itxaron zerrendako 35 urtetik beherako eskatzaileei eskainiko dizkie eta horiek etxebizitzen jabeekin sinatuko dute alokairu kontratua.
Jabeen eta maizterren arteko alokairu kontratuek hiri-errentamenduen araubidea jarraituko dute, iraupen-epe eta alderdien eskubide eta betebeharrei dagokienez.
Errentaren zenbatekoari dagokionez, Udalak ezarriko du maizterrak ordaindu beharko duen zenbatekoa, Babes Ofizialeko Etxebizitzen araudia aplikatuta. Araudiak dioenez, urteko gehieneko errenta etxebizitza horien eta euren eranskinen gehieneko salmenta prezioaren portzentaje bat izango da eta bizikidetza-unitate errentariaren urteko diru-sarreren arabera zehaztuko da.
Bi aldagai hartuko dituzte kontuan: «Alde batetik, higiezinaren salmenta prezioa eta, bestetik, bertan biziko den jendearen diru sarrerak.
Zozketaren ordena errespetatuz banatuko dira etxeak, 2012ko otsailaren 28an 35 urte bete gabe zituzten eskatzaileen artean. 27 eskatzailek betetzen dute adinaren baldintza. Pauso honen ondoren gehiago etorriko direla ziurtatu du Udalak, «etxebizitza eskubide moduan kudeatuz» eta gazteei laguntzeko xedearekin.