GARA > Idatzia > Euskal Herria

Etxerik gabeko pertsonen kopurua %14 goititu da 2005etik hona EAEn

GARA | DONOSTIA

Eustatek INE espainiar Estatuko estatistika institutuarekin batera egin duen inkesta baten arabera, lo egiteko zentroetan eta jantoki sozialetan hartzen duten etxerik gabeko lagun kopurua %14 hazi da 2005etik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. INEk atzo plazaratutako datuek diotenez, 100.000 biztanleko 141,3 pertsona daude etxebizitzarik gabe EAEn eta 129,5, Nafarroan.

INEk 18 urtetik gorako etxerik gabeko lagunei egin die inkesta 2012 honetan, euren bizi baldintzei buruz gehiago jakiteko. 20.000 biztanletik gorako herrietako zentroetako erabiltzaile izandakoak dira lagun hauek.

EAEko zentro eta jantokietan, aurten 2.090 pertsona hartu dituztela kalkulatzen dute. Horietatik %60 Estatu espainoletik kanpokoak dira, batez ere Afrikakoak, Maroko eta Aljeriakoak zehazki. Etxerik gabekoen erdiak Bizkaian artatu dituzte, gehienbat Bilbon. Gipuzkoan, 623 laguni eman diete laguntza, horietatik %63ri Donostian. Araban, azkenik, artaturiko 328 lagunak hiriburuan hartu dituzte.

Hiru lurraldeak kontuan hartuta, etxerik gabeko gehienak gizonak dira, %81 Estatu espainolekoen artean eta %63 estatutik kanpokoen artean. Bertze datu deigarri bat 18 eta 29 urte arteko gazteen kopurua da, %35.

Lo egiten duten lekuari dagokionez, %40k toki kolektibo batera jotzen dute, %49k erakunde publikoen edo GKE-en pisu edo ostatuetara, eta gainerakoek bizitzeko prestatu gabeko lekuetara. %46k hiru urte baino gehiago daramate etxerik izan gabe, eta %5ek ez zuten deus jana elkarrizketaren egunean.

%24k osasun arazo larria ala kronikoa dute, %15ek ezintasunen bat dute eta %22k erietxean eman dute denbora bat azken urtean. 2005etik hona izan den bilakaerari erreparatuz gero, lurralde bakoitzean ezberdina izan dela ikusiko dugu: Araban %35 lagun gutxiago artatu dituzte, Bizkaian %36 gehiago eta Gipuzkoan, %28 gehiago.

Zentroetan hartutako pertsonen %88k harremana izan dute gizarte zerbitzuetako langileekin eta jasotako laguntza ongi dagoela adierazi dute %58k.

INEk emandako estatuko datu orokorren arabera, etxerik gabekoen erdiek seme-alabak dituzte. 2012an etxerik gabe gelditutakoen %45ek lana galdua zuten, %26k ezin zioten aurre egin etxearen ordainketari eta %20,9 bikotearengandik bereizi ziren. Erdiak delitu edo eraso baten biktima izan dira, irain, mehatxu edo lapurretak kasu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo