GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Top 14

Paris izan daiteke gorantz abiatzeko leku aproposa

Biarritzek gaur 18.30etik aurrera jokatuko du Stade Français talde handiaren zelaian.

p037_f02_148x108.jpg

Jon LEUNDA

Europako lehiaketak alde batera utzi, eta berriro ere burua Ligan jarri beharko dute bai Biarritzek eta baita Avironek ere. Beren benetako erronka une honetan hor daukate, eta bi taldeek puntuak behar dituzte.

Biarritzek Parisen jokatuko du, Stade Françaisen zelaian, 18.30ean. Orain urte batzuk oso talde garrantzitsuak ziren biak, beraien artean bai Ligako eta Europako finalak ere jokatu zituzten, baina biek egin dute behera azken urte hauetan. Hala ere, bien arteko neurketak beti izaten dira oso erakargarriak.

Une honetan, Biarritz sailkapeneko zazpigarren postuan dago. Hamabi partida jokatu ditu, eta Agilerako taldeak erdiak irabazi egin ditu, eta beste erdiak, berriz, galdu. Lau puntu gehigarri ere eskuratu ditu. Bi postu atzerago dago, berriz, talde frantziarra, bost partida irabazi, beste horrenbeste galdu, eta bat berdinduta. Besteak baino partida bat gutxiago jokatuta dago. Bi puntu gehigarri lortu ditu. Biarritzek guztira 28 puntu ditu, eta Stadek, 24. Beraz, gaur galduz gero, lapurtarren gainetik jarriko dira Frantziako hiriburuko taldeko jokalariak.

Biarritzen hamabostekoa honako hau izango da: Balshaw, Ngwenya, Baby, Traille, Brew, Peyrelongue, Yachvili, Harinordoki, Lakafia, Dubarry, Taele, E.Lund, Broster, August eta Barcella. Aulkian, Genevois, Blaauw, Lauret, M.Lund, Lesgourgues, Barraque, Borutu eta Synaeghel geratuko dira, partidan zehar minuturen bat edo beste jokatzeko itxaropenarekin.

Aviron

18.30ean Avironek erdi derbia jokatuko du Jean Dauguer estadioan, Stade Montois hartuko baitu. Ikusmin handia piztu du, Landetakoen aurkako partida guztiak bezalaxe. Hala ere, neurketa irabazi beharrekoa du Baionako taldeak, Mont de Marsanekoa sailkapeneko azken postuan baitago.

Stade Montoisen zenbakiak oso eskasak dira. Orain arte partida bakar bat irabazi du eta beste hamaika galdu. Defentsako bi puntu lortu ditu. Sailkapeneko azkeneko postuan dago, eta mailari eustea oso zaila dauka. Hori guztia ikusita, gaur Avironek garaipena lortzeaz gain, erasoko puntua ere lortu beharko luke, nahiz eta aurrean lehen Jean Dauguerren ibilitako bat baino gehiago dauden, eta neurketa ematen duena baino arriskutsuagoa izan daitekeen.

Honako hau izango da Avironen hamabostekoa: Spedding, Gerber, Ahotaeiloa, Rocokoco, O'Connor, Boyet, Phillips, Haare, Marmouyet, Bernad, Chisholm, Senekal, Tialata, Arganese eta Igiñiz. Aulkian, Manukula, Lafond, Boutaty, Baget, Garcia, Potgieter, Lacroix eta Boyoud geratuko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo