GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

HARRI-JASOTZEA | Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa

Aimar Irigoien mendean hartzea oso zaila izango da

Errezildarrarekin batera, Jokin Eizmendi eta Joseba Ostolatza ere arituko dira lanean Asteasuko pilotalekuan bihar eguerdian, 12.30etik aurrera. Sarrerak 10 euroren truke egongo dira salgai.

Jon LEUNDA

Euskal Herriko Harri Handien Txapelketako finala jokatuko da bihar Asteasun 12.30ean hasita. Aimar Irigoien, Joseba Ostolatza eta Jokin Eizmendi neurtuko dira. Finala ikusteko sarrerak 10 euroren truke egongo dira salgai pilotalekuko leihatiletan, finala hasi aurretik.

Harri-jasotzaile bakoitzak lau harri ezberdin erabili beharko ditu. 200eko edo 175 kiloko errektangularra edo zilindroa. 200eko errektangularra erabiltzen badute, 175eko zilindroa erabili beharko dute, edo alderantziz. Bi harri horiez gain, 150 kiloko kubikoa eta 125 kiloko bola ere erabili beharko dituzte. Bakoitzarekin lanean aritzeko hiruna minutuko txandak izango dituzte kirolariek.

Pasa den urtean ezin izan zen jokatu txapelketa hau. Lehiaketa ofizial bat jokatu ahal izateko, gutxienez hiru lehiakide aritu behar izaten dira, baina pasa den urtean kopuru hori ez zen lortu, eta jokatu gabe geratu zen. Federazioak txapelketa honi urteroko jarraipena eman nahi dio, baina horretarako kirolarien laguntza ere beharrezkoa izango da, beraien parte-hartzerik gabe jokatzea ezinezkoa izango baita.

Aimar Irigoien da irabazteko faborito nagusia, eta ezeren okerrik ez duela, errezildarrak eramango du txapela. 26 urte ditu, baina azkeneko bost txapelak berak jantzi ditu, eta lehenengoa bereganatu zuenean, irabazi duen gazteena bihurtu zen.

Euskal Herriko Harri Txikien Txapelketa ere sei aldiz irabazi du, eta azkenekoa pasa den urriaren hasieran izan zen. Aurten, gainera Laukiriz Harria Txapelketa, Gorostidi Harria Txapelketa eta Errota Harria Txapelketa irabazi ditu. Gainera, 125 kiloko zilindro zaharrari 45 jasoaldi eman zizkion bost minutuko txanda batean, errekor berri bat ezarriz. Bera da faboritoa, baina baita finalean arituko den gazteena ere.

Badirudi Joseba Ostolatza izango dela bere aurkari nagusia. Zestoarrak badaki txapela irabaztea zer den. 39 urterekin bera izango da finaleko zaharrena. Lau aldiz irabazi du txapelketa hau, eta azkenekoa 2005ean bereganatu zuen; ordutik aurrera jokatu diren final guztiak Aimar Irigoienek irabazi baititu. Harri Txikien Txapelketak ere irabazitakoa da Zestoako kirolari hau, eta han hiru aldiz jantzi zuen txapela. Azkenaldian lesioek arazo dezente sortu dizkiote, baina maila handiko kirolaria da bera ere, eta harri-jasotzaile oso ona.

Jokin Eizmendi da final honetan parte hartuko duen hirugarrena, baina ez du eskarmenturik, lehen aldiz arituko baita txapelketa honetan. Oso maila onekoa da, eta denboraldi ona egiten ari den kirolaria. Ostolatza da bere entrenatzailea, eta irakaslearen eta ikaslearen arteko dema oso polita izango delako itxura guztia dauka.

Azkena

Azkeneko Txapelketa orain dela bi urte jokatu zen, eta orduan ere Irigoienek jantzi zuen txapela. 56 jasoaldi lortuta jantzi ahal izan zuen txapela. Guztira 8.675 kilo bizkarreratu zituen. Bigarren postuan Joseba Ostolatza sailkatu zen, eta honek bederatzi jasoaldi gutxiago lortu zituen. Denera 7.250 kilo bizkarreratzea lortu zuen.

Bihar bi kirolari hauek lanean arituko dira Asteasun, baina orain dela bi urte aritu ziren beste biak, Telleria eta Lertxundi, alegia, ez dira bihar Asteasun arituko. Azken txapelketa erreferentzia bezala hartuta, Irigoien dela faborito garbia inork ez du zalantzan jartzen. Badirudi emoziorik handiena bigarren posturako izango dela, Eizmendiren eta Ostolatzaren artean.

Aurrekoa

Pasa den urtean ezin izan zen txapelketa hau jokatu. Lehiaketa bat aurrera eramateko hiru partaide behar dira, gutxienez, baina iaz ez zen kopuru hori lortu, eta bertan behera geratu zen Harri Handien Txapelketa.

berria

Jokin Eizmendi zarauztarra izango da aurtengo Txapelketako berrikuntza, orain arte gipuzkoarrak ez baitu parte hartu. Maila handiko kirolaria da, eta saiatuko da bigarren postua eskuratzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo