sokatira
Lauko Txapelketako azken txapelak banatuko dira Ibarran
J.L.
Lauko Euskal Herriko Txapelketako azkeneko txapelak banatuko dira gaur, 17.30ean, Ibarran. Ordu horretan hasiko da gizonezkoen 300 kiloko azken jardunaldia, eta emakumezkoen 260 kiloko ligaxkako azken saioa.
300 kiloko finalean, Sokarri A, Sokarri B, Abadiño A, Amaiur, Ibarra B eta Ñapurrak neurtuko dira. Abadiño agertzen da faborito, baina Ibarra ere ezin da ahaztu. Sokarrik ere bi talde plazaratuko ditu. Horiek izan daitezke berdeen aurkari nagusiak.
Emakumezkoetan, berriz, Badaiotz, Ibarra A, Ibarra B, Berriozar, Artzeniega A eta Artzeniega B neurtuko dira. Badaiotzek eta Ibarra A taldeak saio bana irabazi dituzte, eta gaur garaipena lortzen duenak eramango du Euskal Herriko txapela.