Estibalitz EZKERRA | Literatur kritikaria
Munduaren amaiera
Azken egunotan hainbat mezu elektroniko heldu zaizkit, batzuk lagunek bidalita, beste batzuk spam moduan, munduaren amaiera iristear dela gogorarazten. Mezu horietako batzuek serio hartzen zuten maien egutegiaren iragarpena eta hondamendiaren kalkulu zehatza egiten zuten: zenbat espezie desagertuko diren, zer itxura izango duen lurrak aurrerantzean, eta abar. Beste batzuei, ordea, umore mikatza zerien. Ezagutzen dugun mundua amaituko dela esaten zuten, krisiaren eta gobernuen murrizketen ondorioz. Edo mundua amaitu egingo dela, berriro akats berberekin hasi ahal izateko. Egia da aurten ez nuela Gabon kantu askorik espero, nor du haiek entzuteko gogoa? Baina politikaria banintz kezkatuta egongo nintzateke jendearen aldartearekin. Oraindik ohartu ez baitira, jende neka-neka eginda dago. Horregatik ez dakit Wert bezalako batek Gabriel Aresti bezalako poeta bat aipatzen duenean, ez haren hitzak errespetatu egiten dituela esateko, baizik eta kontrakoa, poetaren kezkak politikariaren kezkak ez direla eta ez dutela zertan izan adierazteko, ez dakit minduta sentitu behar dudan (munduaren amaiera badator, bai) ala barre egin behar dudan egoeraren absurduagatik. Ez dut esaten (ezta pentsatu ere) poetak politikari hobeak izan daitezkeenik; klaseak sortzen ariko nintzateke orduan eta, Platonek ez bezala, ez dut uste prestakuntza dela eta gainerakoak baino hobea den giza-talderik. Baina Gabriel Arestik bazuen sentsibilitate bat hizkuntzekiko eta kulturekiko Wertek faltan duena eta, gauzak dauden moduan, inoiz garatuko ez duena. Hezkuntzaren eta kulturaren ikuspuntutik, Wert da hondamendia.