GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Jose Campos Araña | Etxarri Aranatz

Etxarri Aranatzen eraso sexista gehiagorik ez!

Orain beste pertsona bat gehiago dugu gure artean beldurtua, biziki ikaratua, badakielako beste behin gerta dakiokeela tratu txarrak jasatea

Emakume bat kalera atera zen joan den astean laguntza eske, bere bikoteak gupidarik gabe jipoitzen zuen bitartean. Zortea izan zuen, eta zortea izan zuela esaten dut, auto bat gelditu zelako bera laguntzeko asmoz. Orain gertatutakoa konta eta sala dezakeelako. Izan ere, tratu txarrak jasaten dituzten emakume guztiek ez dute zorte bera izaten. Askok ezin dute gertatukoa kontatu, euren bikote, senar, maitale, lagunek... hil egiten baitituzte emakume asko eta asko.

Oraingoan gertukoa zaigu gaia, eta tratu txarrak jasan dituen emakumeari aurpegia jar diezaiokegu, baita tratu txarrak eragin dituenari ere. Orain beste pertsona bat gehiago dugu gure artean beldurtua, biziki ikaratua, badakielako beste behin gerta dakiokeela tratu txarrak jasatea. Orain kalera aterako da, soilik, bere alboan jendea badu eta bakarrik egotea saihestuko du, beldurra baitu. Beldur da ere bere etxeko pertsianak irekitzeko.

Erasoa jasan duen pertsona honek bere familia baino ez du, adin txikiko haurrak, zeintzuk gertatutakoaren lekuko izan diren. Salaketa jarri ostean lortutako emaitza bakarra zerraldo aldaketa bat baino ez da izan, eta bere erasotzailearengandik 300 metroko urruntze agindua.

Egun hauetan sarritan pasa zait burutik, eta pertsona hori ni izango banintz? Eta nire ahizpa edo alaba izango balitz? Nola sentituko nintzateke jasandako tratu txarren aurrean herritarrek izan duten erreakzio falta ikusirik?

Beste behin burura gauza asko datozkit: zergatik ez dago inolako kartelik egoeraren berri ematen duenik, egoera salatzen duenik? Tratu txarren aurka eta berdintasunaren alde gaudela ezin gara soilik urtean hirutan gogoratu. Ezin dugu emakume eta gizonen arteko berdintasunaren aldarria egin, eta, gero, gure herrian bertan horrelako gertakari bat gertatzen denean, beste alde batera begiratu. Onartezina da!!!

Gure isiltasunak nolabait gertatutakoaren konplize egiten gaitu, eta hori ezinezkoa da. Jendarteak oso argi izan behar du eraso sexista baten aurrean gure jarrerak beti berdina izan behar duela: erabateko desadostasuna, are gehiago, gizarte osoaren salaketa. Tolerantzia zero. Oso garrantzitsua da ere, erasotzailea baztertzea, gizartearen aurrean babesik gabe uztea, beste behin egoera salatu eta berriro gertatuko ez delakoan. Erasotzaileak jakin behar du herritarrok ez dugula onartuko horrelako jarrerarik, egindakoa ezin dela besterik gabe pasatzen utzi.

Denon artean eraso sexistei ez. Eraso sexisten aurrean erantzuna. Ekin diezaiogun bada, hel diezaiogun elkarri eskutik, sor dezagun biolentziarik gabeko gizarte berri bat. Heldu nire eskua, nik zurea helduko dudala, neure lagunarena, neure amarena, neure ahizparena. Eta zuk zer egingo duzu?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo