Fitxak mugitzeko baino, jaurti dadoak sormena eta baloreak lantzeko
Mahai jokoak, panpinak, bideo jokoak, kartak... jolas eta jokoetan aukera gero eta zabalagoa da, eta, haurrentzako eskaintzaz gain, helduei zuzendutako merkatua ere oparoa da. Gabonak dira sektorearen urrezko aroa eta dendak lanpetuta dabiltza. Ondo begiratu eta hautatu behar da, presarik gabe, eta, begi bistakoa iruditu arren, bi ezaugarri hartu behar dira aintzat: ume edo helduaren adina, eta zaletasunak. «Bestela, huts egingo dugu», diote adituek.
Oihane LARRETXEA
Mahaiaren inguruan, jolasen bidez, partaideek balio asko elkarbanatzen dituzte, izan ere, jolasaren tartea, tarte atsegin bat baino gehiago da. Bakarkakoak edo taldekoak izan, burua martxan jartzen da, helburua lortzeko estrategia edo urrats egokiak zeintzuk diren pentsatzeko.
Bide horretan, gero eta ezagunagoa da «jolas kooperatiboen» kontzeptua, baina, zertaz ari gara hori aipatzen dugunean? Taldeko jolasak dira, eta horietan bi aukera baino ez daude: denak dira galtzaile edo denak dira irabazle. Ez da pertsona bakarra nagusitzen, ez baita lehia, taldeko lana baizik. Olatz Aldabaldetreku pedagogoa da, eta Donostiako Kometa jolas kooperatiboen dendan egiten du lan hastapenetatik. Bere azalpenen arabera, jolasotan erronka bat dago, eta, horixe lortzeko, partaide bakoitzak gainontzekoak lagundu behar ditu; hau da, lagun bakoitzak bere onena eman behar du denona den helburua lortu ahal izateko. «Frustrazioa saihesten da horrela», eransten du.
Hala ere, Rocio Ramos-Paul «Supernanny» telebista saioko psikologoak dio lehiatzea beti ez dela txarra, arerio bati aurre nola egin ikasten dutelako haurrek. Horrek, hain justu, haurrari bere burua hobetzen irakasten diola adierazi du Ramos-Paulek umeei Gabonetako opariak erosteko Eroskik martxan jarri duen «InfoJuego» proiektu digitalean -informazioa gehiago www.eroski.es gunean- .
Jolas eta jokoen aberasgarritasunaren inguruan, Ramos-Paulek dio gizarteratzearen motorra direla, arauak onartzen ikasten baitute umeek. «Hasieran kosta egiten zaie galtzea -ohartarazten du-, baina pixkanaka barneratzen dute. Erantzukizunaren eta demokraziaren inguruan ikasten dute, eta, horrez gain, noski, jolasak berezkoa du besteenganako errespetua».
Urte osoan saltzen diren produktuak izan arren, zalantzarik gabe aste hauek dira urteko oparoenak, eta, horregatik, goizeko hamarrak pasatxo izan arren, lagun ugari dago dendan langileei galderak egiten, besteak beste hori baita gakoa, galdetzea eta aholkuak jasotzea. «Lehenik eta behin haurraren adina galdetzen diogu bezeroari, eta, ondoren, bakarkako edo taldeko jolasa bilatzen duen. Horrekin, lanaren zati handi bat eginda daukagu», dio. Hain justu, bezeroari eskaintzen zaion arreta da, bere iritziz, jolas denda hau ezberdin egiten duen ezaugarrietako bat.
Saltoki handietan jokoen kaxak itxita daude, eta ez dago erosi aurretik hauek probatzeko aukera, beraz, gerta daiteke etxean ireki ondoren ohartzea ez dela bilatzen zen hori. Zer gertatuko da orduan? Haurra -edo heldua- segituan aspertuko da, jokoak ez dituelako bere interesak, grinak, aseko; horrenbestez, jokoak ez du jokatu behar duenaren sormena motibatutako. Ondorioz, lehenago edo beranduago, jokoa alboratu egingo du. Beraz, jokoak ireki eta aldez aurretik erosi behar dena zehazki zer den jakiteak, eta nola jolasten den probatu ahal izateak, bezeroari zalantzak azkar argitzen dizkio, eta horrek, erraztasunak baino ez dizkio emango bat edo bestea aukeratzeko.
Laguntza eskatzea garrantzitsua dela argituta, halaber ezinbestekoa da umeekin denbora pasatzearen garrantziaz ohartaraztea. Aldabaldetrekuk ez ditu bideo jokoak edo pantailak alboratzen, finean gaur egungoa garai digitala delako eta horiek ere errealitatearen parte direlako, baina horrelakoak soilik eskaintzea akatsa dela iritzi du, horiekin askotan umea bakarrik uzten delako. Orekaren aldekoa da. Zentzu horretan, azken urteotan guraso edo helduetan aldaketa ikusi duela dio; bere ustez, gero eta kontzientzia handiagoa dute nagusiek haurrekin denbora konpartitzearen garrantziaren inguruan. Ez dute betebehar huts gisa ikusten, baizik benetako interes gisa: jolasaren bidez haurra hobeto ezagutu, berekin baloreak elkarbanatu, bere sormena lantzen lagundu... Helduaren eta txikiaren arteko harremana asko estutzen da azken finean jolasaren bidez.
Horren harira, beste herrialdeetan dauden ohiturak aipatzen ditu, izan ere, Kometan salgai dauden jolasak atzerritik ekartzen dituzte -Alemania, Belgika, Herbehereak...-, han helduak beste modu batean inplikatzen baitira seme-alaben jolasekin. «Han jolasak egiten dituztenak hemen idazleak bezain ospetsuak dira, eta, horrekin, aitortuak direla esan nahi dut. Aitorpen pertsonala jasotzeaz gain, egiten dituzten ekarpenei ere ematen zaie garrantzia. Euren lanaren garrantzia dago aitortuta».
Aisialdia, kaletik etxera
Jolasa gauza unibertsala da, kultura guztiek dituzte euren entretenimendu propioak, eta, unibertsala izateaz gain, adin tarte guztiak besarkatzen ditu: nagusiei zuzendutako jolasen merkatua umeena bezain zabala da.
Zenbat jostailu eta joko dituzu etxean? Eta horietatik zenbat erabiltzen dituzu? Urtebetetzeak, Gabonak edo beste edozein arrazoi medio, haur eta gazteei urtean zehar jostailu mordoa oparitzen zaizkie, eta, denborarekin, pilatu egiten dira. Egoera horri irtenbidea emateko asmoz, orain bederatzi urte abiarazi zuen Arrasateko Txatxilipurdi elkarteak jostailuen truke azoka, Olentzero Euskal Herriko etxeetara iritsi baino asteburu bat lehenago.
Harrera bikaina du ekimenak -jendeak dagoeneko deitu egiten du hitzordua noiz den galdetzeko-, eta jostailu mordoa biltzen dituzte edizio bakoitzean, askotan kutxa eta guzti, inoiz erabili gabeak. Dinamika honakoa da: bakoitzak erabiltzen ez dituen jostailu eta jolasak eraman behar ditu, eta horietako bakoitza beste batengatik aldatzeko aukera du.
Txatxilipurditik Arantza Osorok GARAri azaldutakoaren arabera, objektu bakoitzak balio berbera du; alegia, joko bakoitza beste edozeinengatik alda daiteke. Gainera, badira oso garestiak diren jokoak ere, familia askorentzat eskuraezinak direnak; hala, erosterik ez duten joko zehatz hori topatzeko zortea badute, hura lortzeko aukera izaten dute familiok. «Trukaketa zer den erakusteaz gain, umeei ere irakasten zaie trukearen bitarteaz gauzak eskura daitezkeela, hau da, beti ez dagoela erosteko beharra», azaldu du. O.L.
Psikologo eta «Supernanny» saioaren aurkezle Rocio Ramos-Paulek umearen oparia egokia izan dadin dekalogoa diseinatu du
1.- Aldez aurretik pentsatu. Tarte bat eskaini behar zaio, opariak erosi baino lehen, erosi nahi dena zer den erabakitzeko. Inprobisatzea ez da komenigarria.
2.- Nahiak kontuan hartu. Erosi aurretik, helduak aintzat izan behar ditu umearen desioak zeintzuk diren, izan ere, eta oro har bada ere, haurrek badakite zer nahi duten.
3.- Gutxi eta ondo aukeratuak. Ez da beharrezkoa eskatzen duten guztia ematea, gerta baitaiteke haurrek beraientzat aproposak ez diren jokoak eskatzea. Hobe da opari gutxi baina ondo aukeratutakoak erostea; ondo pentsatu eta aztertu behar da zer erosi.
4.- Hezteko aukera. Psikologoaren aburuz, jostailuak eta jolasak txikiak hezteko aukera bikaina dira. Horregatik, umeari erosketaren arrazoiak azaltzea gomendatzen du.
5.- Aurrekontura egokitu. Aldez aurretik zenbat diru inbertitu nahi den ondo zehaztu behar da, eta hori muga bezala finkatu. Gainera, gogoan izan garestiena ez dela beti egokiena.
6.- Adina eta ezaugarriak. Jostailu eta jolasak haurraren adinera egokitzeaz gain, haur bakoitzaren berezko ezaugarriak ere kontuan izan behar ditu helduak.
7.- Ziurtasun zigilua. Jostailu edo jolasaren kaxan zein adinerako aproposa den begiratu erosi aurretik. Halaber, komenigarria da Europar Batasuneko ziurtasun zigilua duela egiaztatzea.
8.- Teknologiari beldurrik ez eduki. Gaur egungo garaia digitala dela kontuan hartuta, eta teknologiak duen garrantzia eta erabilgarritasuna aintzat hartuta, psikologoaren iritziz bideo jokoak, sakelakoak, pantailak... positiboak dira, betiere egokiak badira eta zuzen erabiltzen badira.
9.- Irakurketagatik maitasuna sustatu. Entretenitzeko aukera zabala da, eta liburu bat horretarako denbora-pasa aberasgarria da. Txikitatik irakurketa sustatzeko proposatzen du, eta adin guztietarako liburu aproposak daudela gogoratu. Halaber, seme-alabek euren kabuz irakurtzen ikasi aurretik, aita edo amak umeei liburuak irakurtzea komeni da, irakurketaren ohitura barneratzen joan daitezen.
10.- Taldean jolasteko aukera eskaini. Jolasak erosi aurretik, gomendagarria da, denak ez badira, baten bat behintzat taldean jolastekoa izatea, asko ikasten baitute haurrek taldean jolasten. Gainera, sarri erraza ez den arren, nagusiek denbora eskaini behar diote seme-alabekin jolasteari.