GARA > Idatzia > Kultura

POESIA

Poeta baten aitormena

 

p050_f09.jpg

Ainara MAIA

Liburu honetan poetak euskara ongi eta umil idazten du harrotasunik gabe eta euskara batuaren gramatika-arauez haratago doa, eta aitortzen du bizi poza behar dugula aldiero eta bizipen berriak egunero, hartu indar berritze bat gauero. Poesia du bide bakarra, bere hitza, eta maite baten bila, poeta bere atariko atearen maratiletan gordetzen dituen eguneroko gauzak ditu, bakarrik niri, irekiko dizkidala beren atariko atearen maratilak. Oi poetaren mina!

Poetak batzuetan pentsatzen du norbaitek ihardetsi diezaion idazten duela, baina horrenbeste galdera erantzunik gabe gelditzen dira, eta zergatik ote horren maitasun gutxi gurean? Maitasuna gaitzat harturik askatasuna lau haizetara hedatzen du poetak bere poema-liburu honetan, bere hamabost urteko olerkien antologia pertsonal honetan.

Denborak aurrera darrai eta astiro doa, denbora badoa aurrera gizatasunez, utziaz maitemina, eta akorde disonantez bertaratzen ditu pentsamenduak eta ideia guztiak. Poetak eskatzen du benetako zuzentasuna, negarrez zotinka, dagoen horretan, bere egia ezin baita kabitu poema batean, eta aitortzen du gauza txarrez damu dela, aitortzen du damutu nahian bezala.

Poetak atzean utzitako gauza txarrak ahaztu eta onak gogoan izan behar direla erraten dit, aurrera segitzeko. Poetak dio erritmo bera duela errekak eta bizitzak, eta nik diot denok goazela maitasunaren eta poesiaren ibai berean; horregatik elkarri laguntzeko eta elkar maitatzeko gaude hemen, begiratu gabe nori, emaztea edo senarra soilik maitatu beharrez, gainerakoez ahazten baikara, eta poetak maite du egoera zibilari begiratu gabe. Erritmo kontua da dena, ura tantaka, maitaleak banaka eta lagunak aleka baitatoz eta baitoaz.

Poeta Koldo da, igel, bere bihotzeko azukre koskorraren gibel, eta kemen ematen dion bere bihotzeko Karmeni idazten dio, edo beste neska bati, entzun edo irakurri nahi dionari, amesteko eta hausnartzeko.

Poetak aitortzen du eta erregutzen egoera hobe batera guztiok iritsi gaitezen, eta Koldok nahi luke negar-malkoz betetako ozeanoan igeri egin, izaiteko esperantza enarak bolandan erakarriz, maitasuna izugarrizko nekea baita, baina gaixo bat, bihotz zauritu hau sendatzerainoko lana. Merezi du maitatzea, maite dugunez bizitza, eta euskal kantuen oihartzunez etorri zait liburu honetan Koldo: kantatu nahi dut bizitza, usteltzen ez bazait hitza, mundua dantzan jarriko nuke jainkoa banintza!

Bizitza anitza delako, Koldok bere antologia honetan herri-jakintza oroitarazten digu poemetan, baita liburuaren bukaeran txiste eta pasadizoak ere: dagoenean bonbon ez dagoenean egon eta beste guztia hor konpon! Bizitza bizi behar dugulako behar dugu ahaztu tristura eta bizipen berriak sortu, bizitza bakarra delako eta tasun guztiak ez direlako gau erdiko ahuntzaren eztula bezalakoak.

Poetak erregutzen dio ahal duenari Euskal Herrira bakea eta askatasuna ekartzeko, aitortzen du, minberetan. Aitortzen du onak izan behar dugula eta ez zentzugabeak, besteei lagundu behar diegula, bestea laztandu, maitatu. Poema-liburua bukatzen da inspirazioa bukatu zaionean, eta badoa iturri berrietatik edatera, berriz leku berdinera, Zaldibi maitera, gauza berriak idazteko. Bai Orixe! Aitortzen du poetak bihotzean mina izena duen putzu bat duela eta damu dela, bere malkoen ozeanoan murgildu da eta kementsu segitzen du, eta bakarrik daki bere maitea maitatzeko gai dela. Norberak jar dezala puntua i-aren gainean besteak jarri behar ez izateko aitortzen du, eta egin duela bizitza guztian sentitu, nahiz eta koadroan ez kabitu. Ai irakurleok, zuek ez dakizue poesia-liburu bat idatzi behar eta letretan galduta ibiltzea zer den: Gora Koldoren poesia, ai denok zu bezain traketsak bagina, hobe geundeke!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo