GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Iker Bizkarguenaga | Kazetaria

Badaezpada

Adierazpen askatasunari dagokionean, aste iluna izan da hauxe. Beno, adierazpen askatasunari, edo, besterik gabe, abizenik gabeko askatasunari erreparatzen badiogu. Tristea da egunkari bateko zuzendaritza onartzean, beste egitekoen artean, badaezpadako motxila edo maleta bat prest utzi behar izatea. Baina gurean halakoak gertatzen dira. Oraingoan Iñakiri tokatu zaio Madrilera bisita egitea, orrialde hauetan sei euskal herritarrek idatzitako eskutitz bati leku egin geniolako. Horretarako sortu ginen, herritarrei ahotsa emateko, alegia, baina, antza, hori Espainia aldean delitu da.

Eta hainbeste aldrebeskeria ikusita, hitzak, adjektiboak, bukatuko zaizkigula ematen duenean, Carlos Urquijok enegarren astakeria oparitu digu: Txillardegi zenari domina emateagatik Donostiako Udala Auzitegi Nazionalean salatzea erabaki du.

Eta akabo. Orduan hasten zara aurrean daukazuna horma dela pentsatzen, herri honetatik heltzen zaizkion borondate on, errespetuzko hitz, bakerako ekimen guztiak zorne bihurtuta itzultzen dituena. Edo hori da pentsa dezagun nahiko luketena. Baina saiatu arren, azkenaldian kosta egiten zait gertakari hauen aurrean haserretzea. Erresumin apur bat bai, sortzen zait, ez dut ukatuko. Baina haserrea, nik, beraien aurpegietan ikusten dut. Begiratu Urquijori...

Ekialdean, Kataluniako auzia dute, erabat aztoratuta dituena. Herrialde hartako agintariak kargugabetzea ere aztertzen ari omen dira. Imajinatzen al duzue Artur Mas indarrez gobernutik kanporatzea? Ez da analista fina izan behar horrek Estatuaren zilegitasunari ekarriko lizkiokeen arazoez jabetzeko. Eta, hala ere, Rajoy eta enparauak hori planteatzen ari direla ematen du.

Etxean, aldiz, egunero hamaika mobilizazio eta protesta dituzte, egunetik egunera handiagoak. Jendea kokoteraino dute. Urte askotako ustelkeriak, nepotismoak eta basakeria ekonomikoak goia jo du, eta orain fandangoaren buelta heldu zaie.

Berandu baino lehen Estatu espainolarenak egin duela esango nuke. Lehen ere esaten genuen, baina eperik gabeko etorkizun batez aritzen ginen ia beti. Orain ez. Trantsizioaren osteko trantsizioa, azkena izango da Espainiarentzat. Baina, kontuz! Beraiek badakite hori, eta azken unera arte min ematen saiatuko dira. Beraz, badaezpada, euskal herritarrok, guztiok, hobe dugu etxeko atarian maletatxoa prest uztea. Egun handia gertu dagoelako, bai, baina heldu arte luze egingo zaigulako...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo