Julen MURGOITIO
Negu-efektua, Gabonetan!
Zin dagit. Etsitzeko bidean izan naiz, munduaren azkena izan ez dela egiaztatu eta gero. Tira, ea hurrengo batean asmatzen duten behingoz! Azken egunak dutxatu barik pasatu ditut, munduaren azkena izatekotan zertan garbitu ez zegoela zinez sinetsita. Baina mundua aurrera doala ikusita, maldan behera joan ere, dutxatu behar izan dut, aurreko egun guztietan dutxatuta erabiliko nukeen ura baino dezente gehiago xahututa honetan. Hain neukan lohia itsatsita! Hortaz, poz batean nintzen ni amaiera horrekin, ditxosozko errege haren zoritzarreko gabon-mezutik hitz-erditxo bat bera ere entzuteko paradarik izango ez nuelakoan. Eta hara! pikutara! zer eta munduak aurrera segi! maldan behera bada ere. Harrapatzen baditut maia horiek!
Ez mezua bakarrik, Gabonak ere hortxe, munduarekin batera! Berriro ere! Horra, horra, talo eta txistorra! Santomasak han-hemenka. Txerrama azokan hesituta, txerraitak merkatuetan aske. Hau mundu aldrebesa gero! Maiok! Gabon-kan- ten murmurioa nonahi. Jaiotzetan abererik ez, atean notario bat baino ez; hori bai, paperak eskuan. Eta argi-bonbillak eskegita, bazterrik bazter, baina kale nagusietan bakarrik, arboletako fruitu transgeniko bailiran edo. Orain bai, orain ez, aldizka pizten, zer argitzen duten argi ez badut ere. Hain da iluna argiek argitzen ez dutena! Are gehiago komertzio-gune ez diren auzoetan. Energia xahutzea gero! Meteosat lekuko! Zarrastelkeria. Negutegi-efektuari bultzada galanta egunotakoa, beharbada neguan sartu berriak garelako. Hau kolpea ere! Neguan sartu eta ustea ustel! eguna luzatzen hasi! eta gaua laburtzen! Tira, harira! Bai gizajoak kale izkinako zakarrontziak, kolore guztietakoak, lehertu arteraino beteak izango dira datozen egunotan; nahi gabe, seguruenik. Horra, horra, goraino zaborra! Eta argiak teilatutik keinuka, orain bai, orain ez. Dena kit berean; Gabonetako kita. Sabela betea daukat eta besteak hor konpon. Ohitura edo. Eta, ohiturari jarraituz, Gabonak pasatuta dietan hasiko dira batzuk, sabelari denbora batez agindutako austeritatean. Eta, seguruenik, tradizioak tradizio, etengabeko borrokan arituko dira beren sabelarekin, marra gorria non jarri eztabaidan. Eta, hozkailuko atean kartela ipini ere, begien gogoangarri: «Dietan Jarrai!».