GARA > Idatzia > Euskal Herria

EH Bilduk erregearen mezuaren harira ausardia gehiago eskatu dio EAJri

«Mezua ez ematea ez da arazo juridikoa, erabaki politikoa da; argi eta garbi. EAJk borondate politikoa izan balu, erregea ez litzateke ETBn izango». Hala mintzatu zen atzo Laura Mintegi. Koldo Mediavilla EAJko ordezkariak erabakia EITBko zuzendari nagusiari dagokiola defendatu du.

GARA |

EH Bildu koalizioak kontzentrazio bat deitu du biharko, Bilboko EITBren egoitza aurrean, Estatu espainoleko erregearen mezua telebista publikoan emititzearen aurka protesta egiteko. Laura Mintegiren hitzetan, «mezua ematea lekuz kanpo dago, anakronikoa da eta ez dator bat egun gizarteak nahi duenarekin. Gainera, ez dio elkarbizitzari mesede egiten».

Atzo egindako agerraldian, EH Bilduren Legebiltzarreko bozeramaile Laura Mintegik gai honen harira EITBko zuzendari nagusi Alberto Suriori erregearen mezua ez emateko eskatzeko eman dituzten urratsak azaldu zituen. «Bide guztiak jorratu ditugu, bai Legebiltzarrean bai Legebiltzarretik kanpo», nabarmendu zuen. Hain zuzen ere, Legebiltzarraren kasuan, EAJri leporatu zion «oztopoak» jarri izana aurrerapausoak emateko. Bestalde, EH Bilduk gutuna ere idatzi zion Suriori, bere iritzia jakinarazteko. «Jakin badakigu EAJk ere idatzi ziola gutuna Suriori. Beraz, zuzendariak bere mahai gainean ditu biak, EAJrena eta gurea, eta bi indarron artean 48 legebiltzarkide ordezkatzen ditugu», gaineratu zuen.

EAJk Legebiltzarrean jarritako oztopoen harira, argi hitz egin zuen Mintegik: «Erregelamenduek eta zailtasun administratiboek ezin dezakete Legebiltzarra ahots gabe utzi». Horregatik, salaketa gogorra egin zuen: «EAJk Legebiltzarra mutu utzi du. Mezua ez ematea ez da arazo juridikoa, erabaki politikoa da; argi eta garbi. EAJk borondate politikoa izan balu, erregea ez litzateke ETBn izango», leporatu zion.

Mintegik EITBko zuzendaritzari gizartearekiko errespetu gehiago izateko ere eskatu zion. EAJri ere zuzendu zitzaion: «Ausardia gehiago eskatzen diogu herritarren iritzia gauzatzeko eta herri honek gehiengoz hartzen dituen erabakiak betetzeko».

Koldo Mediavilla Euzkadi Buru Batzarreko Arlo Instituzionaleko arduradunak ere auziari buruz idatzi zuen atzo «Deia» egunkarian. Azaldu zuenez, EITBko administrazio kontseiluko kide zenean, erregearen mezua «beste kate batzuetan» entzun daitekeela, eta, beraz, «gure telebistan» emateak ez duela «inolako balio gehigarririk» sortzen defendatu zuen. Salatu zuenez, Borboiaren diskurtsoa eman behar den edo ez erabakitzea Legebiltzarrari dagokiola defendatu izan dute uneren batean edo bestean EH Bildu, PP eta PSOEk, «baina azken erabakia zuzendari orokorrarena da». Eta Alberto Suriok, erabakitzeko gaitasuna duenak, «Legebiltzarrak eskatuz gero, proposamena onartuko lukeela esan zuen. Halakoa da komunikabide publikoen `independentzia', Legebiltzarraren programazioaren baitan dagoena», amaitu zuen Mediavillak.

Elkarretaratzea

Koalizio abertzaleak Estatu espainoleko erregearen mezuaren emisioa salatzeko elkarretaratzea egingo du bihar EITBren Bilboko egoitzaren aurrean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo