GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora | Gabonetako Torneoko finala

Mujikak iraupen proban erabaki du neurketa

Amaieran Ibarrakoak minutu eta erdiko tartea kendu dio Xabier Mindegiari.

p039_f01_148x096.jpg

Jon LEUNDA

Jexuxmari Mujikak irabazi zuen atzo Bilbon Gabonetako Torneoa. Ibarrakoa zen garaipena lortzeko faboritoa, eta iraupen proban erabaki zuen Xabier Mindegiaren aurkako finala. 45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagotan moztu, hori izan zen lehenengo proba, eta Mujikak irabazi zuen, 48 kolpetan erdibitu baitzuen. Labaiengoak, aldiz, 58 kolpetan amaitu zuen.

Bigarren lana erlojuz kontra zeinek 45 ontzakoa azkarrago moztu izan zen. Hor Mindegia izan zen onena, bere lana minutu batean amaitu baitzuen, eta 14 segundoko tartea kendu baitzion Mujikari, aurretik jarriz.

Hirugarren lanean, biak batera, kana-erdikoa zeinek azkarrago moztu neurtu ziren, eta oraingoan gipuzkoarra izan zen onena, bere lana amaitzeko minutu bat eta 14 segundo behar izan baitzituen, eta 11 segundo gehiago, berriz, nafarrak. Berriro ere sailkapenean aldaketa, eta orain Mujika jarri zen aurretik, eta horrelaxe izan zen bukatu arte. Laugarren lanean, biak batera 60 ontzakoa zeinek azkarrago moztu lehiatu ziren, eta oraingoan Mindegiak irabazi baldin bazuen ere, ez zuen lortu Mujikaren aurretik sailkapenean jartzea. Labaiengoak 3 minutu eta 12 segundo behar izan zituen enborra amaitzeko, eta segundo bat gehiago Ibarrakoak.

Azkeneko proba falta zen, eta garbi zegoen hor erabakiko zela dena, eta Mujikak ez zion Mindegiari inongo aukerarik eman. Lau kana-erdiko ebaki behar zituzten, eta gipuzkoarrak 12 minutu eta 59 segundoan burutu zituen lanak. Mindegiak, berriz, 13 minutu eta 50 segundoan. Lan guztiak amaitzeko, berriz, 19 minutu eta 33 segundo behar izan zituen Jexux Mari Mujikak, eta 20 minutu eta 50 segundo, berriz, Xabier Mindegiak. Txapela, Mujikarentzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo