Berezkoak
Waltari eta Ducassou II.a dira Donibane Garazin jokatuko diren Superprestigioko finalerdiak irabazteko faboritoak
Jon LEUNDA
Donibane Garaziko Garat trinketean 16.00etan abiatuko da gaur Superprestigioko finalerdiak jokatuko diren jaialdia. Bi amerikarrak, gainera, Waltari eta Lemuno, gaur sartuko dira lehiaketan, eta batez ere lehenengoak, Kubako aurrelariak, ikusmin handia piztu du.
Herve Etxeberriren aurka jokatuko du. Lehiaketa honetan, gainera, Waltarik Euskal Herrian jokatzen den eran jokatu beharra dauka. Txapelketa honetan bakarrik jartzen diote baldintza hori, eta amerikarrak onartu egiten du. Pilota behetik gora astindu beharko du, eta ez berak normalean egiten duen moduan. Hala ere, bera izango da faborito. Horrek aukera batzuk kenduko dizkio, baina Etxeberri baino gehiago da, eta garaipena lortu beharko luke. Egia da ere Garat ez dela beretzat trinket aproposena. Lehengo zahar horietakoa da, pilota motelago ibiltzen da bertan, eta denok dakigu Agusti Waltariri joko azkarra komeni zaiola.
Etxeberrik galtzeko ez dauka ezer, eta horrek agian lasaitu egingo du, izan ere, nerbioek baldintzatu egiten dute askotan. Beregan beti egon dira itxaropen handiak, baina profesionaletan ezer gutxi egin du orain arte. Ahalmen handiak dituela ikusten da, baina kale egiten du lehiaketarik handienetan.
Bigarren partidan Lemunok Ducassou II.aren aurka jokatuko du. Azken hori da profesionaletan ari den pilotaririk gazteena; 20 urte bete berriak ditu, eta bera da zaleen itxaropena. Ezkurra mendean hartuta sartu da finalerdietara, eta ez hori bakarrik, itxura aparta emanda gainera.
Lemunok zer egin dezakeen ikusgai dago. Ezker paretan ari den pilotaria da; bertan oso ongi moldatzen da, batez ere lau eta erdian. Iaz Bigarren Mailako finala jokatu zuen. Horrek, ordea, ez dauka trinketean egiten den jokoarekin zerikusirik.
Pasa den astekoa ikusita, Ducassou gaztea aterako da faborito, eta zaleek ere beraren eta Waltariren arteko finala nahi dute datorren igandean, askoren iritziz hor egongo baita aldaketa, lehenago edo geroago Ducassouk gaindituko omen du-eta Agusti Waltari.