GARA > Idatzia > Kultura

Erhard Loretanen «erretratu intimoa» egiten duen lana gailendu da Mendi Film Festivalen

Alpinista ezagunaren omenez Suitzako Irrati Telebistak egindako lanak eskuratu du Kutxabank Mendi Film Festival jaialdiko Urrezko Eguzki- lorea. Carlos Rodriguezen «Berriro igo nauzu» izan da euskal film onena.

p047_f02.jpg

GARA | BILBO

Benoît Aymonek zuzendutako «Erhard Loretan, breathing the smell of the sky» film suitzarrak eraman du Mendi Film Festival jaialdiaren bosgarren edizioko sari nagusia. Epaimahairen hitzetan, ikus-entzunezko lan horretan «parekorik gabeko izaki baten erretratu intimo eta gizatiarra maisutasunez» egiten da. Filmak Erhard Loretan alpinista suitzarrari egiten dio omen; hamalau zortzimilakoak igotzen hirugarren mendizalea izan zen Loretan eta helburu hori 36 urterekin bete zuen, hamahiru urteko ahaleginaren ostean. Loretan pasa den urtean zendu zen Suitzako Grunhorn mendian ezbeharra izan eta berrehun metro amildu ondoren.

Epaimahaiaren hitzetan, Suitzako Irrati Telebistaren ekoizpena «gidari jakintsu eta eredugarri bati egindako merezitako omenaldia» da. «Loretanek bere barrenera begiratzeko gaitasuna eta ausardia izan zuen. Hala, munduko gailur nagusienei bezala, gai izan zen patuak gorde zizkion bere barneko mendi malkartsuei aurre egiteko ere», epaimahaiak nabarmendu duenez.

Zilarrezko Eguzki-lorea, aldiz, «Silbergeier» ekoizpen frantziarrak irabazi du. Lan horretan, Nina Caprez eskalatzaileak Suitzako Alpeetako biderik zailenetakoan egindako igoera jasotzen da. Euskaraz egindako lan onenaren saria, bestalde, Carlos Rodriguezen «Berriro igo nauzu» dokumentalak eskuratu du. Lanak Kirmen Uriberen testu bat du oinarri eta landa guneen garapena du hizpide.

Gainerako sariak

Saritutako gainontzeko ikus-entzunezko lanak honakoak izan dira: «Unicorn sashimi» (argazki onena), «Pura vida» (mendiko film onena), «Origins: Obe and Ashima» (mendiko kirolei buruzko film onena), «Himalaya, le village suspendu» (Mendiko Kultura saria) eta «Of souls + water: The nomad» (film labur onena).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo