GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

himalaia Nepal

Urteen poderioz, azkenean erdietsi dute Kyasharren hego zutoina

Hamaika urteko saioak jaso ondoren, Tatsuya Aoki, Yasuhiro Hanatani eta Hiroyoshi Manome japoniarrek Nepalgo seimilakoaren helburu nagusia igotzea lortu dute: «Nima Line» (2.200 m, 5.10a, M5).

p039_f01_199x132.jpg

Andoni ARABAOLAZA

2012. urtea amaitzeko astebete falta da, baina, oraindik, Nepalgo Himalaian egin diren jarduera interesgarrien berri jasotzen ari gara. Oraingoan sokada japoniar batek sinatutako eskalada bikain bat da. Protagonistak honakook dira: Tatsuya Aoki, Yasuhiro Hanatani eta Hiroyoshi Manone. Lortu duten saria, berriz: Kyashar mendiaren hego zutoina.

Aitortu beharra dago alpinista japoniar hauek eginiko lana goi mailakoa izan dela; izan ere, zutoin eder horren korapiloa askatzeko makina bat espediziok jardun dute. Bai, kosta egin da. Seimilakoaren lehen igoera ofiziala 2003. urtean egindakoa da. Sam Broderick, Andi Frank eta Bruce Normand mendebal aurpegian dagoen mendebal ertzetik igo ziren.

Bi urte lehenago, 2001. urtean, hego zutoin erakargarriak lehen bisita izan zuen. Marek Holecek eta David Stastny, 60 orduko eskaladaren ondoren, zutoinaren azpira iritsi (5.600 m) eta atzera egin zuten. Urte berean, Paul Ramsdenek eta Mick Fowlerrek beste saio bat egin zuten.

2005ean, Holecek berriro azaldu zen, baina Jan Doudlebskyrekin. Zutoina alde batera utzi eta hego-mendebaldeko aurpegian mendebal ertzean marra berria sortu zuten. 6.500 metrora jaitsi ziren. Bikote bera hiru urtera itzuli zen, eta hego zutoinaren hego-mendebaldeko pareta igo zuten. Eskalada gogorra izan zen, besteak beste, WI6 eta M7 zailtasunak gainditu zituztelako. Baina, beste pare bat saioren ondoren, aipatutako japoniarrek Holecek eta enparauek amestutako xedea bete zuten pasa den azaroan.

Zazpi egun

Tangnag herrixkan kanpaleku nagusia atondu ondoren, azaroaren 6an martxan jarri ziren. Duela bi urte Andy Houseman eta Tony Stone britainiarrak saiatutako bidetik hasi ziren. 17 luze egin eta lehen bibakera (5.200 m) heldu ziren. 5.8 eta 5.9 arteko zailtasun xumeak ziren, baina arrokaren kalitatea oso txarra izan zen. Biharamunean, bidearen erdian zintzilik dagoen glaziarra igo eta 5.800 metrora bigarren bibaka antolatu zuten.

Hirugarren eguna nahiko gogorra izan zen; izan ere, soilik 300 metro eskalatu zuten. Zazpi luze gogor izan ziren, 5.10 gradukoa zailena. Laugarren eguna ere ez zen batere erosoa izan. Mistoko hainbat zati gainditu behar izan zituzten, hainbat luze M5 zailtasunekoak. Lan eskerga egin ondoren, bidearen ertzera iritsi ziren. Elurrarekin egin zuten topo, baina oso baldintza txarretan zegoen: azukre modukoa. Azkenean, gaua pasatzeko bibaka 6.350 metrora atondu zuten.

Bosgarren eguna eskaladaren giltza izan zen: bost luze eta 80 graduko aldatsak ertz batean. Bibaka: 6.500 metrora. Seigarrenean, arratsaldeko lauretan, gailurra erdietsi zuten 5.9 eta M5 graduko luzeak gainditu ostean. Biharamunean kanpaleku nagusian zeuden. Emaitza: «Nima Line» (2.200 m, ED+, 5.10a, M5).

lehenak

Tatsuya Aoki, Yasuhiro Hanatani eta Hiroyoshi Manome japoniarrek Kyashar mendiaren hego zutoinaren lehen igoera lortu dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo