GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

itsasoa

Galea muturra, olatu handien munduko itzulian

Lehen aldiz egitekoak dira olatu handien munduko itzuliko proba bat Europan, eta, estreinakoz, «Qualifier» motakoa izango da. Galea muturrean izango da.

p042_f01.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Olatu handien munduko itzuliak geldialdi bat egin nahi izan du datorren urtean Europako urautsi batean. Horretarako hautatu duten lekua Galea muturra da, Algortan.

Lehen mailako txapelketa izango ez bada ere, BWWT goi mailako erakundearen babesa izango du, eta, modu horretan gainera, maila gorenekoa ez izan arren, puntuak biltzeko balio dezakeen proba aitzindaria izango da lehen aldiz.

Proba honekin, beraz, bigarren mailako olatu handien zirkuitu posible bati ematen zaio bide. Ondorioz, hautatutako urautsiak maila goreneko txapelketak egiteko leku izan daitezke etorkizunean.

Big Wave World Tour (BWWT) olatu handien munduko itzulia da, eta bost txapelketek osatzen dute zirkuitua. Horietatik hiru ipar hemisferioan egiten dira: Todos Santos, Mexikon (Kalifornia Beherea), eta Nelscott Reef (Oregon) eta Mavericks (Santa Cruz) AEBetan. Aipatu hiru olatu horiek eskuin olatuak dira.

Hego hemisferioan txapelketak egiteko hautatutako lekuak, berriz, Punta de Lobos eta Pico Alto dira. Lehena Txilen dago eta itzuliko ezker olatu bakarra da. Bestea, aldiz, Perun dagoen eskuin olatu ezaguna da.

Datu bitxia da itzuli osoan ezker olatu bakarra egotea, baina, olatu handietako urautsiak kontuan hartzen baditugu, gehienak eskuin olatuak direla ohartuko gara.

Gurean, esaterako, olatu handiak hartzeko leku gehienak eskuin olatuak dira: Parlamentia (Getaria, Lapurdi), Izuztarri (Roca Puta, Gipuzkoa), Sorgin Etxe (Deba, Gipuzkoa), Meñakoz (Bizkaia), eta, noski, baita Galea muturra bera ere.

Hori bai, tubo handienak dituzten munduko leku ezagunenak ezker olatuak izan ohi dira, Pipeline (Hawaii) edo Teahuppo (Tahiti) kasu. Gurean, dudarik gabe, adibide esanguratsuena Mundaka litzateke.

BWWT olatu handien munduko itzulia surf munduan goi mailan izaten den ASP zirkuituarekin alderatuko bagenu, maila gorena litzateke; alegia, WCT deritzona zatekeen.

Mundu mailan, ASPko bigarren mailako itzuliari WQS (World Qualifyng Series) deitzen zaio. Olatu handien munduko itzulian, ordea, ez da bigarren mailako txapelketarik izan orain artean; beraz, Galea puntan egitekoa den txapelketa bigarren maila horretan egindako lehena litzateke.

Txapelketak egin eta surflariak epaitzeko modua oso desberdina da surf zirkuitu arrunt batean edo olatu handietan. Izan ere, baldintzak arras desberdinak dira, baita kontuan hartu beharreko irizpideak ere.

Lehenik eta behin, olatu handien txapelketa bat egiteko ezinbestekoa da olatu handiak ekarriko dituen itsaski indartsu bat, eta, noski, hori ez da edozein asteburutan ematen. Beraz, olatu handien txapelketa bat egiteko epea askoz ere zabalagoa da; hilabeteak iraun ditzake itxaronaldiak, eta, askotan, gutxieneko itsaskirik izan ezean, txapelketa bertan behera geratzen da.

Munduko surf txapelketa arrunt baten kasuan, gutxieneko baldintzak izatea errazagoa da. Aldiz, puntuak emateko irizpideak konplexuagoak dira, izan ere, lehiakideek askoz ere ariketa desberdin gehiago egin ditzakete. Lehentasun arauak ere, zentzu horretan, askoz ere zehatzagoak izan ohi dira.

Mendebaldetik etorrita, Euskal Herriko lehen itsasargia da Galea muturrekoa. Algortatik gertu dago, eta, itsaskiak indartsuak direnean, eskuin olatu handi bat altxatzen da Bilbotik datorren Ibaizabal ibaia itsasoratzen den bokalean. Bertan izango da munduko olatu handien lehen «Qualifier» txapelketa.

Arnette Punta Galea Big Challenge egiteko itxaronaldi epea azaroaren 10ean ireki zen, eta, itxi, berriz, datorren martxoaren 31n itxiko da. Bitarte horretan izaten den itsaski handiena baliatzen saiatuko dira antolatzaileak txapelketa egiteko.

Gutxieneko baldintza olatuek zazpi metroko altuera izatea da, beraz, ez da nolanahiko baldintza. Izan ere, oso gutxitan izaten dira tamaina horretako olatuak. Punta Galeakoa, olatu handien itzulian kontuan hartu duten lehen olatu europarra da, eta bertan irabazten duenak BWWT itzulian parte hartzeko gonbita jasoko du.

Olatu handien munduko txapelketetan 24 lehiakide izaten dira, gehienak gonbidatuak. Gainontzekoak, berriz, aurreko urteetan lortutako puntuei esker txapelketetan izateko lekutxoa eskuratu ahal izan duten surflariak dira. Punta Galean, hamasei izango dira itsasoratuko diren lehiakideak, den-denak antolatzaileek aukeratutakoak.

Guztira lau ordu iraungo du txapelketak. Lehiakideek nahi moduan antola dezakete denbora, txanda bakar bat izango baita. Kanpora atera eta berriz itsasora daitezke, baina guztia lau ordu horien barruan.

Olatuaren tamaina eta jaitsierak izan dezakeen zailtasuna hartuko dute kontuan epaileek. Olatu berean bi lehiakide izatekotan, soilik aparretik gertuen dagoen lehiakidea puntuatuko dute. Kasuren batean, olatuan bertan lehiakide batek beste bati traba egiten badio, lehiakide hori zigortuko dute epaileek, bere olatu onenari emandako puntuak bitan zatituz.

Antolatzaileek telefono zenbaki bat jarri dute eskuragarri, txapelketa egiteko behar den itsaskia etorriko dela ikusten badute ikusleei berri emateko. Horrez gain, antolatzaileen webguneetan ere iragarriko dute txapelketa noiz egitekoak diren. Ikuskizuna, beraz, prest da; orain itsaski handi bat sartzea falta da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo