Bodyboarda
Jeff Hubbard da 2012ko munduko txapelduna
Eunate Aguirre eta Alex Uranga goi mailan izango dira datorren urtean ere.
Abenduaren 14an amaitu zen mutilen itzuliko zortzigarren eta azken proba. Kanaria Handia uharteko El Fronton eskuin olatu indartsuan jokatu zen txapelketa. Bi eta hiru metroko olatu ederrekin egin zuten proba, eta, iaz bezala, aurtengoan ere Pierre Luis Costes frantsesak eskuratu zuen garaipena.
Pierre Louis iazko munduko txapelduna izan zen, eta pasa den urrian Zumaian izan zen goi mailako txapelketa ere berak irabazi zuen. Aurtengoan, ranking orokorreko hirugarren postuan amaitu du 2012ko zirkuitua kirolari frantsesak.
Jeff Hubbard hawaiiarrak, Fronton PRO txapelketan soilik bosgarren postua eskuratu arren, aurtengo munduko txapela lortu zuen Kanaria Handian urtean zehar bildutako puntuei esker. Beraz, denboraldia amaituta, lehen postua Hubbardentzat izan da, bigarren postua Dave Winchester australiarrak eskuratu du, eta, hirugarren postua, berriz, Pierre Louis Costes frantsesak.
Fronton PRO txapelketako finala oso lehiatua izan zen. Bi eta hiru metroko eskuin olatu ederrak izan ziren eta lehiakideek urtea ahal bezain ongi amaitzeko zeukaten onena ematen saiatu ziren.
Jared Houston hegoafrikarra eta Pierre Louis Costes iritsi ziren aurtengo azken txapelketako azken txandara; alegia, finalera. Bien arteko lehia zein gogorra izan zen jakiteko, lortutako puntuazioa ikusi besterik ez dago: Jared Houstonek 17,7 puntu bildu zituen, eta, Pierre Louis Costesek, berriz, 17,77 puntu. Horrenbestez, soilik 0,07 puntuko aldearekin irabazi zuen frantsesak.
Alex Uranga zumaiarrak, bere aldetik, ez zuen zorte handirik izan Fronton PRO txapelketan, hirugarren txandan kanporatua izan baitzen. Ranking orokorrean postu bat behera egin zuen, eta, azkenean, hamalaugarren postuan amaitu du 2012ko itzulia.
Hala ere, datorren urtean GSS zirkuituan, hau da, lehen mailan, jarraitzeko bere postua ziurtatu du zumaiarrak. Izan ere, ranking orokorreko lehen hamasei postuetako bat eskuratzen duten lehiakideek zuzen-zuzenean eskuratzen dute hurrengo urtean goi mailan izateko txartela.
Guztira 24 dira lehen mailako itzulia egin dezaketen lehiakideak. Horrenbestez, gainontzeko zortzi postuak bigarren mailako zirkuituan puntu gehien biltzea lortu duten lehiakideentzat izango dira.
Nesken kasuan, Isabela Sousa brasildarra izan da 2012ko txapelduna. Eunate Aguirre sopelarra, berriz, aurtengoan bigarren postua eskuratzeko zorian izan da, baina, azkenean, hirugarren postuan amaitu du urtea. Beraz, Eunate ere datorren urtean goi mailan izango da.
2013ko zirkuitua Hawaiin hasiko da, Pipelineko urautsian. Otsailaren 16tik martxoaren 2ra bitartean egingo da txapelketa.