Josebe Egia
Irmotasunaren lorpenak
Mundu honetan, negar egiten ez duenak ez du titirik lortzen: kexatu, garrasi egin, behin eta berriz jardun... Nabarmendu beharra dago, justiziazko zerbait eskatuta ere, kalapita eragin beharrean gaude, kontuan hartuak izango bagara.
Ondotxo daki hori Argentinan emakumeen salerosketaren kontrako ikurra den eta egunotan hedabideek lehen berrietara ekarri duten Susana Trimarcok. Bahitua izandako bere alabaren bila hamar urte eman ondoren, poliziaren eta estamentu ofizialen ahalegin ezaren aurrean bere kabuz ikertuz, arrisku pentsaezinak jasanda eta barne indar ikaragarriak eraginda, epaiketara hamar pertsona eramatea lortu zuen. Ibilbide latz horretan, neska asko eta asko ere salbatu ditu infernua besterik ez den egoera horretatik. Mundu zabalean, mundua bera bezain zaharra den infernu horretatik. Nekaezin, Susanak -eta Argentinako jendarteak- epai eredugarri bat espero zuen, behin betiko argi utziko zuena emakumeen esplotazio sexuala, salerosketa, bortxaketa eta esklabotza ezin direla izan inongo jendarteren ezaugarri. Behin betiko ausartuko zena boteretsuak zigortzera, erakutsiko zuena izen-abizen jakin batzuek ez dutela salbuespenezko babesik. Epaiaren zain, Susanaz harago, jendarte oso bat egon zen, itxaropentsu.
Epaiak, baina, hamar laguni izan ezik, guztiei egin die huts. Hamarrak errugabe, hamarrak atera ziren auzitegitik bere kasa, aske. Epaileek ez zituzten nahikoa frogatutzat jo beren kontrako karguak, eta, legearen arabera, ezin kondenatuak izan. Legeak lausoak, zurrunak, osagabeak direnean, hori gertatzen baita: sortuak izan zirenerako baino, ematen du gehiago balio dutela delitu horien ondoriozko zigorrak ekiditeko, eta babestu beharko lituzketen eskubideei muzin egiteko, apur bat azeria izanda eta legea ezagututa, errazagoa baita harrapatua izateari iskin egitea.
Denok dakigu mundu osoan gertatzen den negozio honetan, negozio erraldoian, etekin oso handien iturrian, jendarteko estamentu askoren konplizitatea, babesa eta partaidetza dagoela; jakina da tartean, besteak beste, poliziak eta epaileak izaten direla, emakume horiek babestu beharko lituzketenak, alegia. Horien laguntza barik, zailagoa litzatekeela sare horiei eustea, eta errazagoa berauekin bukatzea, benetako borondatea egongo balitz, paperetik harago.
Oraingo honetan, Argentinan, ez da epai eredugarririk izan. Baina horregatik, hain zuzen, jendarteak bere sumina adierazi du, Susanari ez ezik, bere borrokak esan nahi duenari ere atxikimendu irmoa emanda. Eta jendartea astintzeaz harago, asmo irmo eta suntsiezinezko emakume honek, lortu egin du hilabetez alde batera utzitako delitu honen kontrako lege proiektu bati berehala heltzea, politikariek nahitaezkoa den seriotasunez eta premiaz kontuan hartzea. «Negar» asko egin ondoren, bazterrak nahasita, ikur bihurtzerainoko adorea auskalo nondik atera ondoren. Ez luke horrela izan beharko, norbanakoek ez lukete bizitza osoa eman beharko baliabideak dituztenak mugitzen has daitezen.