GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Ixabel Etxeberria | Irakaslea

Garaipen batekin!

«Le Figaro»-ren lehen titulu gisa Auroren askatzea ikustea ia-ia bihotzekoa ematekoa da. Artikuluan beste seiehun presoak aipatu dituzte, «Le Figaro»-ren lehen tituluan!

Baionako forumak irudi ederra zabaldu zuen. Unibertsitateak funtzio soziala baduela erakutsi du, gizartean gertatzen denarekin bat egiten badakiela ikusi dugu. Hori garrantzitsua da gizarteko lerro guztiak hunkitzea funtsezkoa baita bake prozesu honetan, aginte, tradizio, usai guztiei aurre egiten baitiegu. Lur honetan herriari ez zaio inoiz botererik eman; hemen demokrazia zer den gainetik erran zaigu eta guk askotan men egin dugu. Men egin eta jasan. Jasan eta aitzina jo. Zer egin bestela? Boterea hain azkarra izanik, jauntxoek hain hitz, hizkuntz eta kultura ederra zuten... Gurea, berriz, azpi hizkuntza, azpi kultura zela sinestarazi ziguten. Baina gaur unibertsitateak ere erantzuten digu eta gurekin lan egin nahi duela dio. Hau aldaketa!

Eta politikoak! Gurekin ezin zela deus egin esaten zutenak desagertu dira eta politikari berriak gurekin arraun egiteko prest!

Bizi bakar batean, hain azkarrak diren alderdietako lerro politiko bat eta horren aurkakoa ezagutzea ez da gutxi, ezta? Eta, gaur, sozialistak Auroren fidantza ordaintzen laguntzen ikustea bere alderdiko Barne ministroak eta Hollandek berak Aurore Espainiako presondegira igorri dutelarik! Ez baitzuten azkenak izan nahi diru laguntza ematen. Oso ona da hori, ezker abertzalea kokoteraino baita Madrileko kutxak betetzeaz; gainera, jakinez ez dela ordaindu beharko den azken fidantza...

«Le Figaro»-ren lehen titulu gisa Auroren askatzea ikustea ia-ia bihotzekoa ematekoa da. Artikuluan beste seiehun presoak aipatu dituzte, «Le Figaro»-ren lehen tituluan! Ez du horrek luzaz iraunen beharbada, baina ZEN planaren hastapenetik frantses prentsaren mututzea ezagutu dugunontzat sinestezina da! Abenduaren 21ean ez omen da deus gertatu; haatik, 22an espazio berrien irekitzeko aukera badagoela ematen du, behintzat horretara goazela lanean jarraitzen baldin badugu eta ahaleginak egiten baditugu zentzu berean aritzeko. Jende asko falta da oraindik, gizarte eremu asko hunkitu behar ditugu, eta hori da demokrazia parte hartzailea, politika mugiarazten duena, eraginkorra dena eta esperantza berpizten duena.

Lille herrian, eliza batean paperik gabekoak protesta ekintza bat antolatu zuten, kanporatu dituzte, ez baitiete paperik eman nahi. Sozialista den Barne ministro batek agindu du kanporaketa. Konzertazioa zen gobernu horren lema eta konzertazioa ezagutzen ez duen Barne ministroa hautatu dute. Gose greban zeudenak ziren eliza okupatzera joan diren horien artean, protesta ekintza besterik ez baita gelditzen gaur egun Frantzian entzuna izateko. Notre Dames des Landes herrian berdin gertatu zen. Giro bortitza bihurtu zen tokiko nahia ez baita errespetatzen. Louvren egoera salatzeko banderola zabaldu zuten eta denek atxilotuta bukatu zuten. Ministroak urtea horrela bukatzea erabaki du, ahulenak kanpoan utziz. Seinale ezkorra igortzen dio frantses gizarteari. Euskal gizarteak urtea garaipen batekin bukatu du, estatuen aurrean lortutako garaipen batekin. Goresmenak lan egin duten guztiei, euskal mundua libreago egiten lagundu duten guztiei.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo