GARA > Idatzia > Kultura

HAIMAR AREJITA | GATIBUKO GITARRA-JOTZAILEA

««Kantuarekin irabazi behar duzu zalea, egunero piztu behar da sua»»

Hamarkada bat joan da Haimar Arejitak, Alex Sarduik, Mikel Caballerok eta Gaizka Salazarrek Gatibu sortu zutenetik. Laukoteak «Zazpi kantoietan» argitaratu berri du, Baga-Bigak argitaratutako diskoa -Durangoko Azokan salduenetarikoa--; hilak 29an Bilboko Santana 27 aretoan aurkeztuko dute.

p044_f02.jpg

p044_f03.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Exkixurekin oso ezagun bihurtu zen Sarduiren ahotsean eta bizkaieraz, derrepente lortu zuen arrakasta Gatibuk, «Musturrek sartunde» (alkondarieee!!) lako hit-a gordetzen zuen «Zoramena» (2002) lanagaz. Bigarrenarekin, «Disko infernu» (2005), apur bat apaldu egin zen zaleen grina, eta hirugarrenarekin, «Laino guztien gainetik, sasi guztien azpitik» (2008), berriro suspertu. 2010ean taldeak zuzeneko lan batean laburtu zituen hirurak, eta kontzertuetako berotasuna disko batean gorde; «egia esateko, zuzeneko diskoaren osteko kontzertuak izan dira jendetsuenak». Orain, «Zazpi kantoietan» heldu da, Gatiburen lan berria. «Jendeak talde berri bat deskubritu balu bezala izan da, eta iritzi positiboak izan ditugu foro sozialetan, kritika onak». Haimar Arejita da mintzo dena, diskoaren ekoizpenaz arduratu den gitarra jotzaile finarekin izan baikara berbetan. «Izan ere beti duzu errespetu handi bat, lanarekiko erantzuna nolakoa izango ote den. Diskoaren aurretik ezer ez dago eginda, kantuekin irabazi behar duzu zalea, eta proposamen bakoitzean gauza berriak eta kalitatezkoak eman. Egunero piztu beharreko sua da».

«Zazpi kantoietan» lanak Arejitaren etxeko estudiotxoan izan du abiapuntua, ordenadorea eta konposatzeko software batzuk erabilita, gehi gitarrak eta programazioak. «Gatiburako edo beste edozertarako, ni beti nago sortzen etxean, nire hobbya da. Balio dezakeen ideiaren bat pizten zaidanean, Alexi deitzen diot eta, mikroa hartuta, ideia bat hortik eta hemendik, pistak grabatzeari ekiten diogu, ensayo y error; zerbaitek forma hartu eta taldean entsegatzen dugun arte». Modu horretan ideia asko zokoratzen dituzten itaunduta, «oraingoan bai», onartu digu gernikarrak. «Baziren itzel funtzionatuko zutela uste nuen pare bat, baina eraman zuten bideagatik kanpoan gelditu dira azkenean. Kontutan hartu oso lan intuitiboa egiten dugula, soinuari eta dagokionez aurre hausnarketarik gabea. Gorputzak eskatzen dizu nora jo eta nora eraman kantua. Eta horregatik gure lanak batzuetan ez du izaten koherentzia estetiko larregi... baina berdin zaigu».

Kasu honetan, lan indartsua gauzatu dute, energikoa eta baikorra. «Ez dugu inor deprimitu nahi, guk positibotasuna eman nahi diogu jendeari, alaitasuna. Umiltasunez, bizitza hobeto eramaten lagundu nahi diogu zaleari, musika lagungarri izatea». Horregatik, etorkizuneko erronka bakarra «gero eta abesti hobeak egitea» duen Gatibuk, Arejitaren esanetan, naturaltasunez sortzen ei du bai musika zein hitzak, publikoak ere natural kantatu eta dantzatu ditzan.

Gatibuko musikariak ez dira taldetik bizi, «baina ahalik eta maila profesionalean daramagu -onartzen du Arejitak-, gauzak ondo egitea gustatzen zaigu-eta». Entzule legez musikariei eskatzen dieten moduan, artista moduan ere beren buruekin exijenteak ei dira. «Ez zait asko artista izena gustatzen, elite arraro batekoak ematen dugulako, baina azken finean artistak bagara perfekzionista da artista; beti dago zerbait lortzeko, eta uste dut musikari legez asko hobetu dezakegula, oraindik urrun dugu topea».

Helmugarako bide horretan, errepidean da berriro taldea eta dagoeneko itxiak ditu zenbait data 2013rako: Elizondo (urtarrilak 5, Seiurterekin), Bermeo (urtarrilak 11), Gasteiz (urtarrilak 12), Atarrabia (urtarrilak 26, En Tol Sarmiento eta Seiurterekin), Ondarroa (otsailak 2), Hazparne (otsailak 16, Willis Drummond, Gose eta Itziarren Semeak taldeekin)... -zerrenda osoa www.gatibu.net eta www.baga-biga.com atarietan duzue-. Eta noski, Euskal Herrian jo eta fuego ibiltzeaz gain, atzerrira ere joan nahiko lukete. «Denon desioa da, Madril edo Bartzelonara joan eta berrehun entzule izatea. Udaberri hasieran Londonen joko dugu».

Urtea bukatu baino lehen, abenduaren 29an (zapatua), Santana 27 aretotzarrean joko du Gatibuk lana aurkezteko bigarren hitzorduan. «Abesti berriak sartuko ditugu, zazpiko diskotik sei (hemendik laburrera zazpirak jotzea espero dugu, baina horretarako jotzen ikasi behar, kar, kar). Beti nahi dugu zerbait berria eskaini, zalea ez dadin betikoaz nekatu. Eta saiatu gara eszenatokia modu berezian apaintzen ere. Gainera, Jorge Pacheco perkusio jolea eramango dugu «ferreteria» guztia aldean duela. Soinu aldetik ere, uste dut musikari legez hobetu egin garela», bukatzen du Arejitak.

«Zazpi kantoietan» Plateruenan eman zuten aurrenekoz zuzenean, sarrera guztiak agortuta. «Jendearen erantzuna izugarria izan zen, nahiz eta abesti berriak ezagutu ez gogoa agertu zuen hauek entzutekoa; gu gure aldetik, urduri ginen, betiko moduan». Biharamunean ireki zituen ateak Azokak. Salmentek zalea Gatibu gosez zela berretsi zuten, eta lau taldekideak bertan izan ziren sinatu eta sinatu. «Jendeari ilusioa egiten diola ikusten duzu, zeuri ere zale bezala egiten zizun bezala; horrelakoak gara guztiok». Plateruena, Azoka... «ilusioz bete ginen», laburtzen du kontua Arejitak.

«Alex [Gatibuz aparte beste egitasmo batzuetan dabil] da kantatzetik bizitzera gehien hurbildu daitekeena, Mikelek Txokomex takeria du Bilbon [etxera eramateko mexikar janaria egiten dute], eta Gaizka eta biok musika maisuak gara, bera bateria irakasten du eta nik gitarra elektrikoa. Beraz, Gatibutik ez gara bizi». Baina zalantzarik barik taldekideak rock & roll izarrak dira gurean. «Local Hero (kar, kar) -dio adar joka gernikarrak-. Egia da ezagunak garela, eta jendea hurbiltzen da gugana, baina beti onerako, inoiz ez zait ezer negatiborik gertatu zaleekin. Erantzunkizun bat da beraie harrera egitea, eta saiatzen gara ondo atenditzen ondo gura zaituena». Ordorikak kantatzen duenez: «zaindu maite duzun hori».

 

Bilbon zuzenean

DISKO BERRIA

«Ez dugu inor deprimitu nahi, guk positibotasuna eman nahi diogu jendeari, alaitasuna. Umiltasunez, bizitza hobeto eramaten lagundu nahi diogu zaleari»

LAN INTUITIBOA

«Gorputzak eskatzen dizu nora eraman kantua. Eta horregatik gure lanak batzuetan ez du izaten koherentzia estetikoa... baina berdin zaigu»

PLATERUENA

«Jendearen erantzuna izugarria izan zen, nahiz eta abesti berriak ezagutu ez gogoa agertu zuen hauek entzutekoa; gu gure aldetik, urduri ginen, beti bezala»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo