GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Euskal Independentismoari erasoak

Oarsoaldeko gazteen militantzia politikoa zigortu dutela salatu dute

«Ez dago defentsa juridikorik militantzia politikoa epaitzen bada». Horixe atzo Eleak Mugimenduak eta hark egindako deialdiari jarraiki Errenteriara bertaratutako jende andanak egindako salaketa nagusia. Aste honetan epai irmoa jaso duten Oarsoaldeko sei gazteei beren elkartasuna adierazi nahi izan zieten eta erabakia Euskal Herriak bizi duen momentu politikoak ulergaitza dela ohartarazi zuten.

p006_f04.jpg

Maider EIZMENDI |

Errenteriako Zumardian jendea biltzen hasia zela iritsi zen bertara matriuska, erasoen aurrean, eskubide zibil eta politikoen gordelekuaren irudi bilakatu dena. Irudi hura ikus zitekeen, halaber, Eleak Mugimenduak deituta egin zen manifestazioa zabaltzen zuen pankartan. Alboan idatzita, mezu argigarria: «Gure etxeko atea zabalik dute!».

Jendetza bildu zen atzo Errenterian, aste honetan bertan Auzitegi Gorenak ezarritako epai irmoa jaso duten sei gazteei sostengua adierazteko. Horietako bosti, Xabier Lujanbio, Maitane Linazasoro, Aitor Alberdi, Arkaitz Antza eta Aitor Francori, sei urte eta erdiko eta sei urteko kartzela zigorrak berretsi dizkiete, bakar bat, Iosu Arruabarrena, absolbitu duten bitartean.

Manifestazioaren lehen lerroetan, auzi berean auzipetuak izan ziren eta absolbitu dituzten lagunak edota beste sumario batzuetan egondakoak bildu ziren bidea irekitzeko, besteak beste, orain bi aste absolbitutako Hernaniko eta Urnietako gazteak eta Donostiako auzipetuak.

Lehen pausotik deiadar ozenak entzun ahal izan ziren. «Euskal gazteria aurrera!», «Utzi bakean euskal gazteria!», edota «Gaztea izatea ez da delitua!» izan ziren manifestarien artean gehien oihukatu ziren leloetako batzuk. Txaloak ere entzun ahal izan ziren Errenteriako herriguneko kaleak zeharkatuz osatu zen ibilbidean. Behin Zumardira berriz ere itzulita, manifestariak prentsaurrekoaren atzeko aldean kokatu ziren, ezohiko irudi jendetsua osatuta.

Eleak Mugimenduaren izenean Txerra Bolinaga eta Itsasne Fernandezek hartu zuten hitza. Ezer baino lehen, sei urte eta sei urte eta erdiko kondenak jaso dituzten gazteei, eta euren gertukoei, babesa eta elkartasuna adierazi nahi izan zieten, «bizitzen ari diren egoera latza» dela ohartarazita.

Gogora ekarri zuten haiek eta sarekada berean atxilotu zituzten gazteek 2008ko apirilaren 18az geroztik bizitako kalbarioa. Orduan Espainiako Polizia 22 gazte atxilotzen saiatu zela gogora ekarri zuten, eta atxilotutako guztiek inkomunikazio aldiaren ostean epailaren aurrean torturak jasan izana salatu zutela: «Poliziaren esku egon ziren egunetan tratu txar psikologiko, sexual eta fisikoak pairatu zituzten». Adibide gisa aipatu zuten atxilotuetako bat ospitalean ingresatu behar izan zutela egun haietan «bere burua zauritu» zuelako. «Gaztearen esanetan, jasaten ari zen gehiegizko tratu txarrengatik egin zuen hori», ohartarazi zuten.

Egoera bertsuak jasan zituzten 2006 eta 2010 bitartean ehunka gaztek. «Egun, atxilotuetako 109 lagun epaiketaren edo epai irmoaren zain daude, 82 kartzelatu egin zituzten eta gehienetan inkomunikazio aldian tratu txarren itzala presente egon da», laburbildu zuten.

Eleak Mugimenduko eledunen hitzetan Estatu espainolak «errusiar erruleta aktibatuta» izan du, eta «gazte independentista eta ezkertiak izateagatik edozein gaztek egoera hau bizi behar izan du: jazarria, atxilotua edota kartzelatua izateko arriskua».

Euskal Herrian benetako bake agertokia eta irtenbide demokratikoa lortzeko urratsak ematen ari diren une honetan, hain justu, gisa honetako egoera larriak ez direla ulergarriak adierazi zuten, beren esanetan, «bide horren aurkako logikan kokatuta» daudelako.

«Jatorri politikoko epaiketak»

Beren ustez, erruleta berarekin izan dira epaituak Oarsoaldeko gazteak ere. «Bestela, ezin da ulertu epaitegi berak akusazio berdina izanda batzuk absolbitu eta hurrengo astean beste batzuk kondenatzea», nabarmendu zuten. Gogoratzekoa da iragan astean Hernani eta Urnietako sei gazte absolbitu zituztela. Eleak Mugimenduaren ustez, horren arrazoi bakarra honakoa da: «jatorri politikoa duten epaiketak» dira, eta, «militantzia politikoa epaitzen bada», ez dago defentsa juridiko posiblerik.

Egoera hori salatzeko harreman bira abiatu zuen Eleak Mugimenduak duela bi hilabete eragile politiko, sozial zein instituzioekin, besteak beste, epaiketaren edo epai irmoaren zain dauden 109 lagunen egoeraren berri emateko. Ildo horretan, eskerrak eman nahi izan zizkieten «Gure etxeko atea zabalik dute!» ekimenarekin bat egin duten Euskal Herriko eragile sozial, politiko eta sindikalei. Norbanako gisa atxikimendua agertu duten ehunka herritarrak ere izan zituzten gogoan. Eleak Mugimendutik nabarmendu nahi izan zutenez, ekimenaren bultzatzaileekin bildu diren alderdi politiko guztiek salatu dute epai zain daudenen egoera, «zehaztapen desberdinekin bada ere».

Euren sostengua eskaini dieten jendarte-eragile, sindikatuek eta alderdi politikoek eskubide zibilen eta politikoen aldeko defentsan, ilegalizazio politika bertan behera uzteko premia azaldu dute. Hala, «diskurtso zaharrak atzean utzi eta aurrera begirako apustu ausartak egiteko erantzukizuna» dutela adierazi eta «denon arteko elkarbizitza eta jendarte kohesioan urratsak emateko konpromisoa» berretsi zuten. Sinatzaileen artean dira, beteak beste, Alternatiba, Aralar, ezker abertzalea, Ezker Anitza, Lokarri, JSE-Egas, ezker abertzaleko gazteak, Gazte Abertzaleak, Ikasle Abertzaleak, Bai Euskal Herriari edota Batera Bai. Eskualdeko makina bat eragilek ere egin dute bat eskakizun berarekin: Oarsoaldeko Askapena, Oreretako Bilgune Feminista, Oreretako AEK, Oiartzungo Euskal Herrian Euskaraz edota Oreretako Etxerat, besteak beste. Guztira, 30 eragile, sindikatu eta alderdi politikok egin duten bat ekimenarekin.

Datozen egunetan espetxeratu nahi dituzten Errenteriako bost gazteen aldeko babes harresia indartzeko asmoz egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia ere luzatu zuten Eleak Mugimenduko kideek. «Egoera larri honen aurrean ez dugu-eta besoak gurutzatuta geratzeko inolako asmorik», aldarrikatu zuten bildutakoen txalo artean agerraldia amaitu aurretik.

atxikimenduak

Guztira 30 jendarte-eragile, sindikatu eta alderdi politikok sinatu dute eskubide zibilen eta politikoen aldeko defentsaren, eta, horrenbestez, ilegalizazio politika bertan behera uzteko premiaren alde.

deialdiak

Datozen egunetan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu diete herritarrei. «Egoera larri honen aurrean ez dugu besoak gurutzatuta geratzeko inolako asmorik», nabarmendu dute.

Ongietorri beroa jaso du Aurore Martinek

Lehendabiziko ongietorria egin zioten Aurore Martini larunbat gauean Donibane Garazin. Gauerdi aldera ailegatu zen Batasunako militantea Madrilen aske gelditu ondotik (bi ordutan bildu zituzten diru bilketa masiboan fidantza ordaintzeko 15.000 euroak). Guztira 50 bat lagun zituen zain harrera beroa egiteko, tartean irudian lore sortarekin ageri den Emilie ahizpa eta ohorezko aurreskua dantzatu zion adiskidea. GARA

Comienza una campaña en Argentina por la libertad de Otegi

El premio Nobel de la Paz Adolfo Pérez Esquivel y otros numerosos firmantes argentinos han hecho pública una carta dirigida al presidente del Gobierno español, Mariano Rajoy, y a la opinión pública para solicitar que Arnaldo Otegi sea puesto en libertad. «Entendemos que es reconocido como un líder por su pueblo, no solo por el amplio sector social al que políticamente representa, sino por la mayoría de la ciudadanía vasca tal como se ve en las diversas manifestaciones y actos por su libertad», reza el texto. Entre las personas y organizaciones que se han adherido se encuentran Luis D. Elia, secretario general del partido Miles; Atilio Borón, politólogo y sociólogo; Liliana Parada, diputada de la Unidad Popular; la escritora Elsa Osorio; y Periodistas y Comunicadores Nacionales y Populares. Consideran que el político vasco, que se encuentra preso en Logroño, es reconocido también como líder de su pueblo en el entorno internacional. Valoran que «viene luchando desde hace muchos años por la búsqueda de una solución democrática, a través de vías políticas, a las legítimas aspiraciones de su pueblo».

Creen que mantenerle en prisión supone, «objetivamente», privar a Euskal Herria de «una de las personas que pueden aportar más para que el proceso histórico avance de una forma justa y firme». Es por ello que cineastas, poetas, militantes peronistas, actores, comerciantes, taxistas, periodistas, diseñadores gráficos... se han unido en Argentina para exigir la libertad tanto de Otegi como de Sonia Jacinto, Miren Zabaleta, Rafa Díez y Arkaitz Rodríguez, encarcelados por el «caso Bateragune». Para más información sobre la campaña, se puede consultar en arnaldotegi.com. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo