GARA > Idatzia > Euskal Herria

Zigortuen hitzaldi batekin berreskuratuko dute Burgosko prozesuaren «memoria»

Burgosko prozesua izango da hilak 27an Donostian antolatu duten hitzaldiaren protagonista nagusia. Izan ere, frankismo garaiko epaiketa ezagunean auziperatuak izan ziren hainbat euskal militanteren testigantzak entzun ahalko dira, «gertatu zena berreskuratu eta zabaltzeko».

GARA |

Goldatu elkarteak eta Euskal Memoria fundazioak Burgosko prozesua gogoratzeko ekitaldia antolatu dute hilak 27rako Donostian. Iragarri dutenez, epaiketa hartan 15 eta 37 urte bitarteko espetxe zigorrak jaso zituzten Jon Etxabe, Itziar Aizpurua eta Antton Karrerak parte hartuko dute ekitaldian.

Kutxako Doctor Camino aretoan izango da hitzaldia, 19.00etan. Aurretik, Euskal Memoriako Joxean Agirrek eta Goldatuko Josu Ibargutxik sarrera hitzaldi txiki bat egingo dute, «epaiketa burutu zen testuinguruaren memoria» berreskuratzeko.

Diktadura frankistako euskal preso eta errepresaliatuak biltzen duen Goldatu elkarteak gogorarazi duenez, 42 urte igaro dira Burgosko prozesutik, «non herri mobilizazio handiak ekidinez, frankismoak erregimenaren aurka altxatzen ziren euskal gudariei zentzagarri kriminala ezarri nahi izan zien». Ekimenaren antolatzaileek nabarmendu dutenez, «borrokalari haien arrazoiek eta helburuek egun indarrean jarraitzen dute, Euskal Herriak pairatzen duen egoera politikoa, ekonomikoa eta soziala ikusita».

Epaiketa hartan auziperatuen abokatu izan zirenek eta auziperatuek beraiek ere hartuko dute parte hitzaldian. Izan ere, Euskal Memoriak bere web orrian iragarri duenez, ekitaldian Miguel Castells eta Periko Ibarra ere izango dira, garaiko egoera juridiko-soziala eta prozesua bera azaltzeko.

«Geure historia guk geuk kontatzeko asmoz» jaio zen 2009an Euskal Memoria, eta, diotenez, «errealitate bilakatu nahi dugu geure historiaren berreskurapenaren ariketa kolektiboa, garaiz garai, arloz arlo, herriz herri..». Ildo beretik, frankismoaren bukaeran eta «trantsizioan» izandako basakerien memoria bizirik mantendu nahi dute.

Goldatu elkarteari dagokionez, bere aurkezpen publikoan nabarmendu zuenez, ezinbestekotzat jotzen du gertatutakoaren egia gordetzea eta zabaltzea, «azken urteotan frankismoaren historiaren inguruan dagoen manipulazio izugarria da-eta». «Egiazkoa ez den errelatoa eraikitzen ari dira», salatu zuten, zenbait komunikabidek argitaratutakoa eta politikari batzuen adierazpenak ikusita.

Hala ere, memoria berreskuratzea ez da Goldaturen helburu bakarra, «ohorea eta duintasuna berrezartzea» ere helburu nagusi gisa aipatu baitzuten elkartearen aurkezpenean. Eredu gisa, Periko Solabarria militante historikoa omendu zuten. Esan zutenez, oraindik bizirik daudenen testigantzak biltzen eta zabaltzen zentratuko da Goldaturen lana. Auzitegi Nazionala bezalako epaitegi bereziak ixteko eta alderdi frankistak legez kanpo uzteko ere eskatzen dute.

HILAK 27an

Ostegunean, Kutxako Doctor Camino aretoan egingo da hitzaldia, 19.00etan. Burgosko prozesuko auzipetuen testigantza zuzenak entzun ahal izango dira, baita epaiketaren testuinguru historikoari buruzko azalpenak ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo