Mari Domingi lagunarekin etorriko da Olentzero, opariz eta aldarriz lepo
Euskal Herriko ikazkinik maitatuena jada ez da bakarrik ibiltzen tximiniaz tximinia, herrietan gero eta gehiago ikusten den Mari Domingi gona gorridun lagunarekin baizik. Haurrek ilusioz gainezka, kantuz eta muxuz hartuko dituzte gaur ere kalejira eta ekitaldietan. Zakutik, opariak ez ezik, aldarrikapenak ere aterako dira: euskal preso eta iheslariak herrira ekartzearen alde, hezkuntza murrizketen kontra...
Maider IANTZI
Gaur gauera edo bihar goizera arte itxaron beharko dute umeek Olentzeroren opariak irekitzeko. Baina pipa ahoan eta txapela buruan ibiltzen den gizon tripaundi hau bisitan izan da egunotan hainbat herritan. Garraldako eskolara Mari Domingi eta biak joan zitzaizkien ostiralean, ikasle eta irakasleen zorion eta gozamenerako. Atarian egin zieten ongietorria, kantu eta zorion mezuekin. Ikustekoak ziren txikien aurpegiak, begi handi-handiekin: «Olentzero eta Mari Domingi gure eskolan, karrotxoan denontzako opariak dituztela! Hau poza!».
Ikara ere hartu zuten gurdian, opariekin batera, Garraldako txondor berrian hartutako ikatz beltz-beltza ikusi zutenean. Baina hura Iruñerako zen, haurrak baino anitzez okerrago portatu zirenentzat, «eskoletara hainbertze kalte ekarri duten murrizketen eragileentzat: Barcina, Iribas...». Kontatu zietenez, eskolan egon ondotik Hezkuntza Sailera eta Gobernura zihoazen, «ikatza barra-barra banatzera».
Presoen aldeko Olentzero
UPNko agintariek ez dute maitasunez hartu izan Olentzero azken urteetan eta isunak eta trabak jarri dizkiote Iruñeko umeen artean ilusioa eta opariak banatzeagatik. Baina Nafarroako hiriburuan ere maite dute ikazkin begi gorria eta gaur ere esperoan izanen ditu herritarrak. Iturralde y Suit kaletik abiatuko da kalejira, 18.00etan.
Santurtzin, aldiz, Herrira mugimenduarekin bat eginen du Olentzerok, preso eta iheslarien alde; 13.30ean helduko da herriko parkera. Bertan, elkarretaratzea eginen dute abenduko azken ostiralean, 20.00etan, eta, Urtezahar egunean, mobilizazioa eta preso eta iheslarien aldeko brindisa.
Goiztiar ibili zen ikazkina Lapurdin: abenduaren 14rako gozokiak banatzen zebilen Hendaian. Haurrentzako jokoak, elkartasuna eta musika elkartu zituen Olentzero Rock jaialdiak herri horretako merkatu estalian. Ostiralean, «Baionargia» ikuskizuna egin zuten hiriburuan, eta, Seaskak antolatuta, Olentzero Park zabaldu zuten Lauga kiroldegian. Gaur, Eguberrietako kantak adituko dira Hendaia eta Urruñan, Hego Euskal Herrian hain ezagunak ez direnak tartean, «Olentzero jin zaiku» adibidez. «Olentzero jin zaiku menditik herrira,/ zahar gazte guztiak bozkariatzera./ Olentzero, Olentzero, Olentzero, Olentzero./ Urruñako herria baitzaio ederra,/ gurekin azaltzeko gelditzen omen da./ Olentzero, Olentzero, Olentzero, Olentzero».
Donostian, Mari Domingi eta biak Haurtxokoak alaitzen dabiltza egunotan. Gaur, Roteta Berrikoan eta Txomin Eneakoan izanen dira. Bilbon, milaka haurrek egin zioten atzo arratsaldean ongietorria egurrezko pottoka erraldoi baten gainean, Mari Domingi eta Basajaunekin batera, azaldu zen Olentzerori. Barakaldon, idiek tiratutako gurdi batean paseatuko du gaur, eta, aurretik, Gurutzetako erietxean dauden umeak bisitatuko ditu, baita Miranda fundazioaren egoitzako adineko jendea ere. Arratsaldean kalejira eginen dute erdiko kaleetan, eta, bukatzean, herriko plazan, erromeria eta haurrentzako dantzaldia, txokolate bero eta gaztaina erre eta guzti.
Gasteizen, postontzi bat egon da zabalik Goiuri jauregian haurrek eskutitzak uzteko eta Olentzerok berak jasoko ditu gaur goizean, udaletxean, 11.00etatik 14.00etara. Gero, 18.00etan, desfilea eginen dute Iparralde gizarte etxean hasita.
Gabon egun honetan, Olentzerorekin lotuta, bertzelako ekitaldiak ere eginen dira Euskal Herrian. Galdamesen, errate baterako, XXV. Ogi Eguna ospatuko dute. Ogia, opila, erroskillak eta euskal pastela egiten dituzten 30 bat artisau bilduko dira San Pedro plazan, eta zeramika, saskigintza eta egur tailua ere erakutsiko dituzte. Artisauek egindako ogi lehiaketak ikusmin handia pizten du; 45 ogi aurkeztu ohi dituzte. Txikientzat, tailer bat antolatu dute. Orea egin eta labean nola berotzen den ikusiko dute. Olentzeroren bisita izanen dute, eta, agian, berari eskainiko diote ogi bero-beroa haurren ilusioz oraindik gehiago gizentzeko.
Martin Berasategik Gabon gaueko plater tipiko bat nola prestatu gomendatu du: arkumea. Arrakasta erosketan bertan hasten da. «Ez dezala harakinak matxetearekin kolpatu!», ohartarazi du. Kolpatuta, zukua ateratzen da irekiduretatik eta idortu egiten da. Bestalde, animalia zenbat eta txikiagoa, esnekoagoa, orduan eta hobea, guriagoa izanen da. Harakinari eskatu behar zaio bizkarrezurretik mozteko, bi zatitan. Gero, erretilu batean jarri behar da erdia, hankak aurrerantz dituela. «Edalontzi bat sagardo, beste baso bat ur eta gatz pixka bat botatzen zaio. Koiperik batere ez zaio gehitu behar». Gauza bera egiten da bertze erdiarekin. Biak batera egin daitezke, edo banaka. Garrantzitsua da labea 180 gradutan jartzea, eta, hogei minuturo, zolako likidoa koilara batekin jaso eta gainera botatzea. Ordubetera buelta eman behar zaio, eta, hogei minutura, berriro zukua bota. Azken berrogei minutuetan ez zaio urik bota behar, kurruskari gelditzeko. M. I.