GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Harri-jasotzea | Harri Handien Euskal Herriko finala

Irigoien besteen gainetik dago

Errezildarrak hasieratik amaierara agindu du Asteasun jokatutako neurketa, nahiz eta Ostolatzak eta Eizmendik ere lan ona egin.

p033_f01_148x100.jpg

Jon LEUNDA

Aimar Irigoienek ez zuen hutsik egin, eta erraz irabazi zuen atzo Asteasuko pilotalekuan jokatu zen Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa. Seigarren aldiz irabazi zuen errezildarrak. Pilotalekuko harmailen hiru laurdenak bete ziren finala ikusteko.

Kirolari bakoitzak 200 kiloko harri errektangularra, 175eko zilindro kopa, 150eko kubikoa eta 125eko bola erabili behar izan zituen. Bakoitzarekin lanean aritzeko hiruna minutu izan zituzten harri-jasotzaileek.

Zozketa egin ostean, Jokin Eizmendiri egokitu zitzaion lanean hastea, eta zarauztarrak bost jasoaldi eman zizkion 200eko errektangularrari. Ondoren etorri zen Aimar Irigoien, eta errezildarrak zazpi eman zizkion, eta, azkenik, Ostolatzak, sei. Horrekin gabi geratu zen, nahiz eta beste hiru harri geratzen ziren, txapela zeinek eramango zuen.

Bigarren harria, 175eko zilindro berria zuten, eta Jokin Eizmendik bederatzi aldiz lortu zuen bizkarrean berdintzea. Ondoren Aimarren txanda izan zen, eta txapeldunak hamasei aldiz jaso zuen. Azkenik, Joseba Ostolatzak hamar aldiz leporatu zuen harria. Hemen aldeak gehitu egin zituen errezildarrak, eta, bide batez, norbaitek oraindik izan zitzakeen zalantza guztiak uxatzeko modua egin zuen.

Hirugarren harria, 150eko kubikoa zen, eta Eizmendik hamar jasoaldi eman zizkion. Ondoren etorri zen Aimar Irigoien, eta honek hamahiru eman zizkion. Ostolatzak, berriz, hamaika. Beraz, bola bakarrik falta zen erabiltzeko, baina ordurako dena erabaki samartu zegoen. Zerbait gertatu ezean, txapelak lehengo lekuan jarraituko zuen, eta, gainera, azkeneko harriak alde horiek baieztatu besterik ez zuen egin.

Azkenik 125 kiloko harri bola erabili behar izan zuten. Jokin Eizmendik hamalau jasoaldi eman zizkion, egindako saio bikainari amaiera oso ona emanez. Guztira 21 jasoaldi lortu zituen, berriz, Aimar Irigoienek, eta hamahiru jasoaldi, Ostolatzak. Beraz, lehen zeuden aldeak gehitu egin zituen Aimar Irigoienek eta txapelari eutsi egin zion. Iaz ezin izan zen jokatu final hau, jende gutxiegik eman zuelako izena. Lehiaketa ofizial bat jokatu ahal izateko, gutxienez hiru partaide behar izaten dira, eta iaz ez zen kopuru horretara iritsi eta jokatu gabe geratu behar izan zen.

Hiru kirolariek emandako itxura oso ona izan zen. Irigoieni buruz ez dago esateko asko, beste guztien gainetik baitago. Ostolatzak ere lan bikaina egin zuen. Lesio asko izan ditu aspaldian, baina itxura bikaina eman zuen, Eizmendik eman zuen bezalaxe. Zarauzko harri-jasotzailea lehen aldiz aritu zen Harri Handien Txapelketan.

bi urte

Errezildarrak bi urte itxaron behar izan ditu txapela defendatu ahal izateko. Lehiaketa bat jokatzeko hiru partaide behar izaten dira gutxienez, eta, iaz kopuru hori lortu ez zenez, ezin izan zen txapelketa jokatu.

Aimar Irigoien: «Egin dudan lanarekin oso gustura geratu naiz»

Aimar Irigoien oso gustura zegoen finalaren ostean. «Ilusio handia egin dit final hau jokatzeak, eta txapelari eusteko modua egin dut. Oso gustura geratu naiz orokorrean egin dudan lanarekin», esan zuen.

Atzokoan lan ona egin zuen, baina batez ere bolarekin egindakoarekin geratu zen gustura: «Orain arte behin bakarrik nuen 21 aldiz jasoa, eta gaur ere hala izan da. Poz handia eman dit», aitortu zuen txapeldunak.

Aurkariei buruz ere hitz onak izan zituen: «Uste dut biek egin dutela lan ona. Josebak arazo asko izan ditu, baina bikain jardun du. Eizmendi, berriz, aurreneko aldiz aritu da, eta marka ederrak lortu ditu».

Neguko asmoei buruz ere aritu zen amaieran. «Txapelketak amaitu dira, eta negurako markaren bat egiteko prestatu nahiko nuke. Ikusiko dut», esan zuen errezildar gazteak. J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo