GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Berezkoak | Superprestigioa

Waltarik eta Ducassouk aurreikuspenak bete dituzte, eta denek nahi zuten finala jokatu ahal izango dute

Jon LEUNDA

Ez zen inolako ezusterik izan, eta datorren igandean jokatuko dute finala Ducassou II.ak eta Waltarik. Biak ziren atzoko finalerdiak irabazteko faboritoak, eta iragarpenak bete egin ziren.

Lehen partidan, Waltarik 40 eta 28 irabazi zion Etxeberriri, 54 minutu pilotan aritu ostean. Kubakoa jaun eta jabe izan zen, nahiz eta 8-12 galtzen ere aritu zen. Tartetxo hori kenduta, Kubakoa erraz aritu zen, nahiz eta txapelketa honetan hemengo erara jokatu behar duen, pilota behetik gora astinduz eta ez berak normalena jokatzen duen bezala jokatuz.

Etxeberri saiatu zen amerikarra estutzen, baina bien artean tarte handi samarra dago, nahiz eta lehen zatian ihes egin gabe eustea lortu ahal izan zuen. Saketik seina kintze egin zituen pilotari bakoitzak. Jokoan 24 tanto egin zituen amerikarrak, eta 13 lapurtarrak. Galdu, berriz, 9 eta 10 egin zituzten. Markagailua, berriz, honela joan zen: 2-0, 2-2, 3-3, 6-6, 7-7, 8-12, 12-12, 17-12, 19-19, 20-20, 31-20, 34-22, 38-24, 39-28 eta 40-28.

Bigarren finalerdia ikusteko ere ikusmin handia zegoen. Bertan Ducassou II.ari begira zeuden begi asko, bera izango baita askoren ustez hurrengo txapeldun handia. 20 urte besterik ez ditu, eta bere lehen final handia jokatuko du datorren igandean.

Atzo ez zuen neurketa erraza izan, Lemunok estutu baitzuen, baina kalitate handiko pilotaria da Ducassou, eta ederki jakin zuen neurketa eramaten eta amaieran garaipena lortzen.

Lemunok ere ez zuen itxura txarra eman. Ezker paretan ari den pilotaria da, eta hortik trinketera gauzak ikaragarri aldatzen baldin badira ere, ongi moldatu zen, nahiz eta gaztearen kemenari eta indarrari ezin izan zion aurre egin.

Guztira 85 minutu iraun zituen finalerdi dotore honek. Saketik 10 kintze egin zituen irabazleak, eta 7 galtzaileak. Jokoan, berriz, 18 eta 16 egin zituzten, eta galdu 10 eta 12. Markagailua honela joan zen: 0-2, 5-5, 7-7, 9-9, 10-10, 16-12, 20-13, 24-20, 32-23, 36-27, 37-33 eta 40-33. Finala, beraz, datorren igandean jokatuko dute, 17.00etatik aurrera, Waltarik eta Ducassou II.ak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo