GARA > Idatzia > Kultura

Modernizatzeko gogoeta abiatu du Baionako Euskal Museoak

1920an zeuden bilduma berberak ikusgai dira egungo Euskal Museoan. Urteen poderioz jendarteak bilakaera izan du, eta iragana eta orainaren arteko zubiak eraikitzeko beharra nabaritu dute arduradunek. Horretarako, museoa modernizatzeko hausnarketa abiatu dute.

p041_153x.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

Biharko museoari buruzko hausnarketa zabala abiatu du Baionako Euskal Museoak, eta hortik jasotako lehen uzta berriki kaleratu duen laurehun bat orrialdeko liburu sendo batean plazaratu du. «Que reste-t-il du présent? Collecter le contemporain dans les musées de société» (Zer geratzen da orainaz? Garaikidea bildu gizarte museoetan) izenburua duen ikerketa lan horretan, hamalau nazionalitatetako ikerlariek eta Euskal Herriko zenbait adituk parte hartu dute.

Baionako Euskal Museoaren eta museoaren adiskideen elkarlanaren bidez argitaratua, liburuak museo modernizatu bati buruzko bidea irekitzea du helburu. Jacques Battestik, Euskal Museoko zaintzaileak, eramandako lan horren garrantzia azpimarratu zuen. 2010an abiatu zuten lana galdera nagusi bati erantzun nahian: zein museo nahi dugu gaur egun? tradizio eta baserri munduan oinarrituriko museo santutegi bat edo iraganean oinarrituz egungo gizartearen artean zubiak eraikitzen dituen erakustokia? Horrenbestez, gizartea modernizatzen zihoala, museoak tradizioa mantentzeko sortu zirela gogora ekarri zuen Battestik.

Urtetan ideia nagusi horrek premiatu du Baionako Euskal Museoaren bildumaren bilakaera geldiaraziz. Euskal Museoko adiskideek argitu zuten: «Museoko bilduman Euskal Herriko eta Baionako historiaren garai mugatu bat islatzen da. XIX. eta XX. mendeetako urte giltzarrietan kokatzen da, urte horiek definituak izan baitziren tradizioan».

Museoan erakusteko tresnak biltzerakoan zein irizpideren arabera bildu behar diren jakitea, Jacques Battestiren esanetan, oso «gai zabala» da.

«Galdera horri erantzuteko hausnarketa zabaldu behar izan dugu, Euskal Herrian zein atzerrian. Ideien kutxa bat egin nahi izan dugu hainbat gogoetarekin biharko museoa sortzeko. 2001ean Baionako museoa ireki zenetik proposatzen dugun erakusketa 1920an ikusgai zen berbera da», goraipatu zuen zaintzaileak. Bere lurraldeko historiarekin bat egiten duen museo bati buruzko bidea ireki nahi duen lehen harria baizik ez da kaleratu den liburua.

2013an bigarren etapa

Euskal Museoak eta Museoko Adixkideen Elkarteak Estatu frantseseko ekomuseo eta gizarte museoekin batera hausnarketa egiten jarraitzeko asmoa dute. «Txinparta piztu dugu liburu hau kaleratuz, baina emaitza bat lortzeko bidea oraindik luzea izango da. Noizbait, gogoetatik atera diren ideiak aplikatzen hasiko gara», gehitu zuen Jacques Battestik.

2013an Estatu frantseseko Ekomuseoen Federakuntzaren biltzar nagusia Ipar Euskal Herrian iraganen da. Elkartze horretan museoetako ordezkariek liburuaren bidez abiaturiko modernizazioaren gaineko eztabaidari jarraipena emango diote. «Bilera horretan gai bakarra izango da: biharko museoak zer nolakoak izango dira. Abiatu gogoetaren bigarren etapa izango da», bukatu zuen.

ERRONKA BERRIAK

Euskal Museoak eta Museoko Adixkideen Elkarteak kaleratu liburuak laurehun orrialde eta 350 ilustrazio biltzen ditu. 42 adituk parte hartu dute sorturiko erronka berriei erantzuteko gakoak eman nahian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo