GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Ariane Kamio | Kazetaria

Eztabaida biziatuaren bizioak

Osteguna, gaueko 21.38. Postontziaren ahotik aldizkariaren gorputz erdia kanpoan da, eta sarraila zabaldu gabe hartu dut eskuekin. `EAJ Zurekin'. Ea bada, zer esaten duen. Ireki gabe pentsatu dut Bilduren aurkako panfletoa izan zitekeela, eta ez naiz urrun ibili. Are gehiago, bete-betean asmatu dut. Herrian egin dituztenak eta egin ez dituztenak azalera eramateko apetaz igorritako liburuxka da. Eta nola ez, eztabaidaren sarrerarako, zaborren bilketa sistema, Atez Atekoa eta, erdian, `Polizia berdea'ren elastikoa daraman laguna -orain Bildu Polizia berdea da, antza-.

Zilegi da nork bere ideiak defendatzea eta bakoitzaren proiektuari ahalik eta zukurik gehien ateratzea. Horraino ados. Baina zaborren inguruko eztabaida biziatuari are eta zabor gehiago botatzearekin ez nator bat.

Halaxe dio liburuxkak: Atez ateko bilketa sistema garestia da, «zaborra jaso behar duten pertsona kopuru handia dela eta». Lehen, edukiontziekin, kamioi bakarra eta bi lagun behar ziren. Atez atekoarekin, aldiz, hiru kamioi eta hamabi langile. Kritika izan daiteke, ados, baina tontakeria ere itzela da hamar lanpostu sortuko dituen sistema berria estutzea.

Eta onena, ondoren. «Errauskailuek ez dute osasunarentzat arriskurik suposatzen. Paris, Viena, Monakon... hirigune bertan daude kokatuta». Egia esan, ez dakit non dauden hiriburu horietan errauskailuak, ez dakit existitzen diren ere; nik behintzat ez dut Notre Dame ondoan edo Eiffel dorrearen parean halakorik ikusi, ez oraino behintzat.

Baina hala bada, eta ikusmenak huts egiten badit, ekar dezagun eredu europarra geurera, Euskal Herrira, Gipuzkoara, eta pentsa dezagun non kokatu ditxosozko errauskailua. Paris, Viena eta Monako bezalako hiriburu historiko eta eder baino ederragoetan erdigunean baldin badauzkate halakoak, zergatik jarriko dugu guk geurea Zubietan? Donostian jartzea ez legoke gaizki, edo Bergaran, edo Oñatin, edo Zarautzen.

21.50. Zortzi minuturekin nahikoa. Aldizkaria postontzian sartu dut berriro, baina ahoa estalita utzi diot badaezpada, ezer kanpora atera ez dadin. [@arianekamio]

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo