GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi | Kazetaria

Gerra Hotza berriro?

 

Gerra Hotza datorrela berriro diote orain, bero-bero. Bizpahiru hilabete besterik ez dute behar izan batzuek munduko asalduren ardatza mutur batetik bestera eramateko. Aurtengo udan, japoniar eta txinatarren artean Senkaku/Diaoyu harkaitz punten inguruko liskarra gori-gori zegoenean, mespretxu imintzioz begiratzen zuten auzia mundu parte honetan... saiatuek; gainerakoek, aditzerarik ere ez zuten, noski. Orain, ordea, jabetu bide dira Xi-Abe-Park-Kim «lauki deabrutu» bat eratu dela azken urtebetean Asia Ekialdean, eta erabat zurbildu dira. Bejondeiela.

Egia konplitua da iraganean gutxitan bezalako aurpegi aldaketa izan dela mundu-alde horretako politikan iragan hamabi hilabete hauetan. Lau agintari goren (bost, Ma, Taiwango lehendakaria ere aintzat hartuko bagenu) berri izango dira datorren urtetik aurrera. «Berritasuna», hala moduzkoa bada ere, alajaina: lautatik bi, Kim Jong-un Ipar Korean eta Shinzo Abe Japonian, agintearen gorenera iristen den hirugarren belaunaldikoak dira nor bere familian; eta beste biak, Xi Jinping Txinan eta Park Geun-hye Hego Korean, bigarrenekoak «soilik». Abe, Xi eta Park, bestalde, eskarmentu handieneko politikoak dira, zein bere herrialdeko sistema politikoan. Ezusteko gutxi iguriki liteke, beraz.

Sinesgarritzat jo genezake, bestalde, aldaketa hauek, oro har, eskualde hartako tentsioak areagotze aldera bideratzen direla. Xi Jinping, Hu Jintao baino ahoberoagoa eta Armadarekiko adeitsuagoa dela deritzote denek; beraz, edozein okasioren aurrean, gogorrago jokatuko duela igartzen da, Txinako iritzi publikoak ere halaxe eskatuko diolako. Shinzo Abek, bere aldetik, aurrekari kezkagarriak ditu Japoniaren zor historikoei dagokien guztian, eta jakina da Konstituzioa aldatu eta Armada «normaltzeko» deliberoa duela aspalditik. Eskualdeko bi herrialde nagusienen arteko tentsioak gora egin dezakeela aurresan daiteke, beraz. Park anderea eta Kim gaztetxoa ez direla elkar maiteminduko apustu egin genezake, bestalde, historiari adarra jo nahi ez badiote behintzat.

Harremanak pipertzetik eta tentsioak ugaltzetik Gerra Hotzera aldea, alde handia, dago, ordea. Eta alde horren atal nagusia armamentu lehiaketa izanen litzateke. Hark berezkoak lituzkeen ondorio guztiekin. Eta hortxe datza niri, gaur-gaurkoz, ezinezkoa iruditzen zaidana: armamentu lehiaketa batek ezinbestekoak lituzkeen ondorio sozio-ekonomikoak onesteko prest ez dauden gizarteez ari garela. Armateria eta gizarte-zerbitzuak batera biderkatzea ezinezkoa dela badakitelako.

Duela 80 urte, krisiari irtenbidea emateko (edo iskin egiteko) modua izan zitekeen armatzea. Keynesianismo militarra deitu ohi dute batzuek, eta Hitlerren hastapenetako politika ekonomikoa izendatzeko ere erabili da etiketa hori. Baina orduan sobera zen eskulan asko eta kapital kopuru neurritsuak eskatzen zituen armagintzak, eta haren ezkontidea den militarismoak; egun, kapital kopuru ikaragarriak eta eskulan apurrak eskatzen ditu horrelako edozerk... Ez da oso formula erakargarria inorentzat. Ezta Asia Ekialdeko potentzientzat ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo