ZIENTZIA
Edaten dugun ura hobea izateko teknologia berri bat asmatu dute
Hidroambiente ingeniaritzak eta Gaiker-IK4 zentroak teknologia berri bat garatu dute erabilpen publikoko uraren kalitatea hobetzeko. Erreaktibo kimikoak saihestu, eta instalazioentzako lekua txikiagoa izatea ahalbidetu dute.
Maider IANTZI
Ura edangarri egiteko sistemak biltegiratzearekin lotuta egon izan dira historian. Dekantazio prozesuetan oinarritutako sistema horiek industrializazioarekin batera garatu ziren, aldaketa honekin ura edateko eta jasotzeko gero eta behar handiagoa sortu zelako. Gaur egun, solidoen dekantazioarekin garbitzen da ura oraindik, nahiz eta jatorrizko dekantagailuen ordez sistema garatuagoak erabiltzen diren. Orain, instalazioen errendimendua hobetzeko eta behar duten lekua txikitzeko, garapen teknologiko berria sortu dute Bizkaiko Hidroambiente ingeniaritzak eta Gaiker-Ik4k. Erreaktibo kimikoak (koagulatzaile eta flokulanteak) erabiltzea, dekantazio sistemei lamelak gehitzea eta lokatz, mikrohondar eta halako materialak berriro zirkulazioan jartzea ditu oinarri. 2009an ekin zioten ikerketa eta garapenerako proiektuari, erabilpen publikorako ura edangarri egiteko sistemen kontzeptu berri bat sortzeko helburuarekin.
Elikagai jatorrikoak ez diren erreaktibo kimikoak erabili gabe ur edangarria lortzea zen kontua, Tekno-Eko teknologiak eta mintzak sartuz koagulazio-flokulazio eta sedimentazio etapa klasikoen ordez. Azken xedea, gizakiak kalitate handiagoko ura edatea.
Elkarlanean hiru urtez aritu ondotik, ikerketaren emaitzek planteatutako helburuak bideragarriak direla baieztatu dute. Lortutako urak ez ditu soilik RD 140/2003 legeak finkatutako mugak betetzen, instalazioak behar duen lekua dezente txikiagoa izatea ahalbidetzen du, gaur egungo sistemek dituzten beharrekin konparatuta. Gainera, oraindik behin betiko kalkulurik egin ez badute ere, sistema berriak hobekuntza nabarmena ekartzen du prezioari dagokionez. «Oso konponbide lehiakorra da merkatu globalean», adierazi dute sustatzaileek.
Ura gorde eta banatzeko sistemak
Gizakiek mendeetan gorde eta banatu dute ura. Ehiztari eta biltzaile ziren garaian erreka eta lakuetako ura edaten zuten, eta halakorik ez zegoenean, lur azpiko ura ateratzen zuten putzuetatik. Biztanleria hazi zenean, ordea, bertze modu batzuk bilatu behar izan zituzten. Antzinako Grezian, erabilitako ura hondakin-uren sistemekin bereizten zen, baita euri ura ere. Greziarrak izan ziren uraren kalitateari arreta jarri zioten lehenetakoak. Aireztapen urtegiak erabiltzen zituzten ura garbitzeko. Erromatarrak, aldiz, ura banatzeko sareak eraiki zituzten arkitektorik handienak izan ziren. Kalitaterik handieneko ura mendietatik zetorrena zen. Akueduktuen bidez, milaka miliatara garraiatzen zuten.
Ur edangarriarekin hiri oso bat hornitzeko aurreneko sistema Paisleyn, Eskozian, eraiki zuen John Gibbek 1804 inguruan eta geroago, 1827an, James Simplonek legarrezko iragazki bat eraiki zuen. Gaur egun, osasun publikoa bermatzeko lehendabiziko sistema eraginkortzat jotzen da oraindik.
1970ean industriako eta nekazaritzako hondakin-urak kutsadura iturri zirela jakin zuten eta, geroztik, kontrol eta prebentzio neurriak hartzen hasi ziren. Neurri horietaz gain, ordea, normalean ura tratatu egin behar da gizakiak edan dezan. Lenntech haizea eta ura garbitzeko sistemak garatzen dituen Herbehereetako elkarteak zehazten duenez, urak ez luke usainik eta zaporerik izan behar, eta gardena eta kimikoki egonkorra izan beharko luke.
Usain, zapore eta kolorerik gabea, baina hagitz desberdina izaten da ura hartzen den lekuaren arabera. Badira iturriak burdinan hagitz aberatsak direnak, gehiegi batzuentzat, sabeleko mina eragiten baitie. Botila bete eta denbora bat geldirik utziz gero, laranja kolorea ikusten da zolan. Badira ur arinagoak, herritarrak eta kanpokoak ere erakartzen dituzten iturri estimatuak... Fama kontua izaten da batzuetan: batek bertzeari erran iturri bateko ura ona dela, honek bertze bati aipatu... eta konturatzerako jende mordoa biltzen da botila eta bidoi hutsekin. Dena den, menditik datorren ur freskoa, dendan erositakoa edo etxeko iturriko kloro zaporeduna dastatu, aldea nabaritzen da. Lenntech-eko kideek azaltzen dutenez, uraren tratamendua bi prozesutan oinarritzen da: partikula solidoak fisikoki ezabatzean eta mikroorganismoak hiltzeko desinfektatze kimikoan.
Osasunerako Mundu Erakundearen eta Unicefen aurtengo txostenaren arabera, ur edangarririk ez duten pertsonen kopurua erdira jaistea lortu da. 1990 eta 2010 artean, 2.000 milioi lagunek baino gehiagok zituzten eskuragarri ur edangarriko iturri hobetuak; 2010 bukaeran, munduko biztanleriaren %89k, 6.100 milioi pertsonak. Halere, oraindik biztanleriaren %11, 783 milioi lagun, daude ur edangarririk gabe.