GARA > Idatzia > Iritzia> Gaurkoa

Iratxe esnaola arribillaga | Informatika ingeniaria

Internet librea, noiz?

Telekomunikazioen Nazioarteko Batasunaren Dubaiko bileran Interneten gaineko hegemonia Ameriketako Estatu Batuei kentzeko asmoz eta Interneten kontrola gobernuen eskuetan uzteko aurkeztu zen proposamenari erreparatu dio egileak. Paradoxikoa deritzo «Interneten gobernantza» delakoari, askatasunaren izenean, AEBek emandako ezezkoari eta benetan arautu beharrekoa Interneten erregulaziorik eza dela dio. Arauen bitartez neutraltasuna bermatzea gakoa dela defendatzen du, Internet inorena izan gabe denontzat funtziona dezan.

Abenduaren 3tik 14ra Telekomunikazioen Nazioarteko Batasuna (TNB) bildu zen Dubai-n. TNB Nazio Batuen Erakundearen baitan kokatzen da eta nazioarte mailan telekomunikazioak arautzeaz arduratzen da. Azken araudia 1988koa da eta bertan, oro har, nazioarteko deien konexioa arautzen da. Ez da Internet aipatu ere egiten, Internet eta World Wide Web-en jaiotzarekin bat egiten baitu azken araudi horren datak. Eta araudi horretan Interneten erregulazioa txertatzeko nahia da azken urteetan TNBn, NBEko egungo 193 herrialderen artean, behin eta berriz eztabaidatzen ari direna. Interneten askatasuna edo kontrola zeuden (eta daude) jokoan. Behin konferentzia hau ere bukatuta, gauzek orain arte bezala jarraituko dute, baina eztabaida ez da bukatutzat jo.

Baina gauzak orain arte bezala jarraitzeak ez du esan nahi Internet guztiz librea denik, batetik, potentzia handiek Interneten publikatzen denaren gaineko kontrol handia egiten dutelako egun ere (nola ulertu bestela Wikileaks eta Megaupload ixtea eta arduradunak epaitu eta zigortzea?) eta, bestetik, AEBak partikularki Internet funtzionarazten duten erakundeen jabe direlako. Eta kontrol hori herrialde gehiagotara zabaltzea da TNBn eztabaidatu den azken proposamenaren muinetako bat, alde batetik AEBei duten hegemonia hori kenduz, baina bestetik Interneten kontrola gobernuen eskuetan utziz. Internetek behar duen askatasunetik urrun dabiltza bai egungo egoera, baita egoera aldatzeko proposamenak ere.

Proposamena mahai gainean jarri zen. TNBn akordioak adostasunez hartu izan dira beti, bozketarik gabe. Hori zen asmoa, berez, kasu honetan ere, eta eztabaida bi astez luzatu zen. Eta egoera horren aurrean, espero zenaren kontra, bozketa probokatu zen. Eta une horretan begi bistan geratu ziren bi korronte eta korronte bakoitzaren babesleak.

Errusia izan da, Txina, Saudi Arabia, Sudan, Aljeria eta Arabiar Emirerri Batuen babesarekin, Nazioarteko Telekomunikazioen Itunean Internet sartu eta herrialde ezberdinetako gobernuei Internet erregulatzeko botere gehiago emateko proposamenaren burua. Sarearen kontrola gobernuen, sektore pribatuaren eta jendarte zibilaren ardura izan behar duela defendatzen dute. Baita herrialde guztiek Interneteko zenbakitze eta helbideen izendatze sistema maneiatu eta baliabideak identifikatzeko eskubide berbera izan behar dutela. Modu horretan, AEBen hegemoniarekin apurtu eta, bide batez, gobernuek webguneak blokeatzeko aukera izatea lortu nahi dute, edukiak publikatu aurretik ordaindu beharra ezarriz eta, besteak beste, interesen arabera konexioaren kalitatearen murriztea kontrolatuz.

Konferentzian parte hartu zuten herrialdeetatik 89 agertu ziren proposamen horren alde, tartean Errusia, Txina, Brasil, Mexiko, Burkina Faso, Turkia, Kongo, Burundi, Kuba, Dominikar Errepublika, Egipto, Iran, Somalia, Irak, Libia, Panama, Arabiar Emirerri Batuak, Sudan, Hegoafrikako Errepublika, Tunisia, Ukraina, Korea eta Venezuela. 55 herrialdek ez zuten sinatu, besteak beste, AEBak, Suedia, Alemania, Kanada, Belgika, Albania, Costa Rica, espainiar Estatua, frantziar Estatua, Italia, Israel, Irlanda, Norvegia, Finlandia, Danimarka, Japonia, Txile, Portugal, Serbia, Polonia eta Australia. Google-k ere ez onartzearen alde egin du. Baita Vint Cerf (Interneten aita izan daitekeena) eta Tim Berners-Lee WWW-ren sortzaileak ere.

Proposamena, guztiek sinatu izan balute ere, ez zen 2015era arte indarrean sartuko eta, edozein kasutan, ez zen legalki loteslea izango; hau da, herrialde bakoitzaren esku geratuko zen haren aplikazioa. Halere, adostasunez onartua izan balitz, batetik egun AEBen menpeko diren eta Interneten funtzionamendua bermatzen duten erakundeen funtzionamendua aldatu beharko litzateke eta, bestetik, NBEren babesarekin Interneten gainean kontrol jakin bat burutzeko aukera izango lukete herrialdeek. Hori horrela, proposamenaren alde egin duten herrialdeek 2015ean aplikatu egingo dutela esan dute, baina ezingo dute NBEren onespena dutela esan. Eta Internet funtzionarazten duten erakunde horiek, egun bezala, AEBen eskuetan jarraituko dute. Ez dira gauzak asko aldatuko.

Zentzu horretan, begi bistakoa da, itun berrirako proposamenak gobernuei Internet kontrolatu eta erregulatzeko sekulako boterea emango liekeela. Baina egia da ere AEBen hegemonia eta botere egoera irauliko lukeela. Horretxegatik, hain zuzen, badu zentzurik «gobernu guztiek Internet erregulatzeko eskubide berbera» izatea eskatzeak (proposamenaren puntu bat hori da). Eta ez da harritzekoa ere proposamenaren kontrako korrontearen buru AEBak izatea. AEBak ez baitzeuden proposamen osoaren kontra, baina testua bere horretan eta osotasunean ezin zutela onartu esan zuten, egun duten jabetza galduko lukeelako.

Baina hori aitortu beharrean, AEBek, beren ezezkoa argudiatzeko, Internet ireki eta libre baten aldeko diskurtsoa erabili zuten. Eta NTBk ez duela Internet arautu behar adierazi zuten, nazioarteko telefono deien konexioak arautzea bezalako auzi teknikoetara mugatu behar duela. Are, adierazpen askatasuna murriztuko lukeela eta «Interneten gobernantza» estilo hori ezin duela babestu esan zuten. Paradoxikoa da. AEBak dira, hain zuzen, Interneteko zerbitzuen blokeoa presio politikorako erabiltzen duen herrialde nagusia. AEBetako enpresek ezin dute Iran edo Ipar Korearekin negoziorik egin, ez behintzat AEBen zigorrik jaso gabe. Eta ironikoki, Internet libre eta irekiaren bandera ateratzen duten AEBak dira, izatekotan, gaur egun Interneten gainean kontrol gehien duen herrialdea (nork itxi ditu bada Wikileaks eta Megaupload?). Eta egun duen kontrola ere areagotu nahi du, baina beste herrialdeetara zabaldu gabe. AEBek egungo egoera mantentzeko interesa badute, egungo egoeran eroso daudelako baita. Edo AEBak Internet librearen eta adierazpen askatasunaren aldeko direla sinetsi behar dugu orain?

Hori guztia oinarri, Interneten erregulazioak hausnarketa sakona behar eta merezi duela argi dago. Eztabaida honen guztiaren jatorrian Internet dago. Internet libre jaio zen. Interneten arrakastaren funtsa bere esentzia librean dago. Internet sortu zutenek bere azpiegitura liberatu egin zuten eta horregatik zabaldu zen. Horregatik garatu da. Horregatik berritu da, irauli eta etengabe eraldatu da. Sortzaileek une hartan ez zuten gertatuko zena aurreikusiko, baina sortutakoa libreki zabaltzeko erabakiari esker Internetek ibilbide eta bizitza propioa egin ditu. Baina egia da ibilbide hori AEBen eskutik egin duela eta Interneten jaiotzatik 20 urtera, AEBen hegemonia hori apurtzeko garaia ere badela.

Internetek iritzia sortzeko, zabaltzeko, pertsonak komunikatzeko, antolatzeko, edukiak sortu eta partekatzeko balio du. Eta etorkizun hori bermatu behar zaio. Benetan arautu behar dena Interneten erregulaziorik eza da. Mundu mailan Interneten neutraltasuna arautzea da lortu behar duguna: herrialde guztiek eskubide berberak izatea, baina Interneten parte hartzen duten norbanako, kolektibo, erakunde eta zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresa ezberdinek ere parte hartzen duten erabakiguneak sortuz. Internetek neutrala izan behar du. Eduki guztiek maila berekoak izan behar dute. Internetek, inorena izan gabe, denontzat funtzionatu behar du. Guztiz librea izan behar du: eduki eta ideia guztiek lekua izan behar dute. Eta hori bermatzeko aukera bakarra dago: neutraltasuna arautzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo