Sonia Gonzalez | sagarroiak@gmail.com
JC I. «El campechano» eta 2. trantsizioa
Gidoi zurrunek ez dute funtzionatzen, estadio zurrunetan itotzeko ez bada. Bizitzen ari garen abiaduran atzokoak ez du gaurko balio, baina gaurkoak ere ez digu biharko balio
Hemendik pare bat mendetara -mundua orain arte bezalako mundu bada, jakina- errege ezberdinen egite eta desegiteak jasoko dituzte historia liburuek. Era berean, historiaren funtsari jarraiki, kontakizunaren egia historialariaren zalantzagarritasunaren araberakoa izango da. Hala ere, zerbait aurreikus genezake: Borboi hau el campechano ezinenaz ezaguna izango da. Ez sabio, ez fuerte, ez cruel, ezta grande ere. Herrialde eta sasoi guztietan lege zein mass mediek gehien zaindu eta babestutako erregea, campechano ezizenaz pasatuko da historiara. Eta bere egiteko nagusia, trantsizio irudia izatea.
Ez da kasualitatea Gabonetako diskurtsoaren funtsa krisiaren aurrean bat egitearen beharrean zentratu izana; Estatu ituna edota kontzentrazio gobernuak eskatzen dituzten mota guztietako ahotsei baturik eta bedeinkazio guztiak emanda, lehen trantsizioko jokoa errepikatzeko ahaleginetan. Bide horretan espainolek daukaten harri trokorik handienak katalan eta euskaldunak garen heinean, normala izan da guri ere berba batzuk zuzentzea erabilera eskasa daukan idazmahai hartatik. Lehen trantsizio hartan gurekin zer egin, eta Estatu barruan gelditzeko zer eman izan bazen afera, orain afera da zer eman eta, inportanteena, zer egin, ospa ez egiteko. Eta alde ezberdinetatik datozen adierazpenen beligerantzia mailari erreparaturik, lasai antzean ez dabiltzala nahiko argi dago.
Sozialki, lehenbizikoan, eskubideak irabazi eta eskuratzea zen langileriak Estatu mailan zeukan erronka; bigarren honetan, ordea, erronka biziena eskubideak ez galtzean datza. Esan barik doa, posizio hori ez dela bikainena. Euskal langileria ere ataka horretan dago, gure eskubide sozial eta nazionalak guztiz zapalduak eta ostuak ez izatea, alegia.
Zeren eta Estatuko ezker politiko zein sindikalen aldetik herritarrek esperantza handirik ez izaten ikasi dute, euskal herri- tarron eskubideak babestuak izango ez direlako froga nahikoa jaso ditugu eta.
Borboia «pegamentu» irudi moduan baliagarria izan zen, zerbaitetan den-denak bat etortzen dira eta. Ezaguna zaigu antes roja que rota esaldia batzuen ahotik, baina, era berean, oso esanguratsua izan zen azken greba orokorrean horien «kontrakoen» ahotsetan mejor español que eskirol entzutea. Horixe bai itun konpartitua.
Estatuaren bigarren trantsizio honetan gure herria ere bere trantsizio propioan barneratuta dago. Akaso, ez da Katalunian momentu honetan bezain esplizituki adierazten, han sinatu berri den akordioari «trantsizio nazionalerako» deitu baitiote, baina ibiliaren ibiliaz gabiltza eta etengabeko mugimendua da adierazgarriena.
Baina mugimendu arinetara gaude beharturik. Egunetik egunera azterketak berriztu eta malgutasunez jokatu behar dugu. Gidoi zurrunek ez dute funtziona- tzen estadio zurrunetan itotzeko ez bada. Bizitzen ari garen abiaduran atzokoak ez du gaurko balio, baina gaurkoak ere ez digu biharko balioko. Gure historia ez da filmatzen ari zinematografo astunaz, segundo bakoitzeko askoz koadro gehiago hartzen dituen kamera digitalaz baino.