GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora | Urrezko lehiaketa

Sei bikoterekin abiatuko da maila nagusiko lehiaketa

Joseba Otaegi eta Unai Otaño dira egungo txapeldunak, eta aurtengoa irabazteko ere faborito nagusiak izango dira Zizurkilgoa eta Ibarrakoa.

p035_f01.jpg

Jon LEUNDA

Hastear da Urrezko Aizkora. Bihar Otsagabian jokatuko da lehen saioa, eta martxoaren hasieran amaitu nahi dute Azpeitian, han baitute aurten ere finalak jokatzeko asmoa.

Aurten bi mailatan bakarrik jokatuko da, Urrezko Mailan, eta Zilarrezko Mailan. Aurreko urteetan gazteena ere jokatu da, baina krisiak gogor jo du, eta aurten bi mailatan jokatzeko hautua egin dute.

Urrezkoen Maila, igandean hasiko da Arbizun, eta bi multzo ezberdinetan banatuta sei bikote lehiatuko dira. A multzoan, Nazabal-Zubiaga, Lopez-Senosiain II.a eta Atutxa-Mugertza II.a lehiatuko dira. B multzoan, berriz, Otaegi-Otaño, Olasagasti-Larretxea eta Rekondo Erasun.

Lehen fasean, multzo bakoitzean ligaxka jokatuko da, eta denak denen aurka neurtuko dituzte indarrak. Multzo bakoitzeko lehenengo biek lortuko dute finalerdiak jokatzeko txartela, eta finalaren atarikoan gurutzatu egingo dira. A multzoko lehenengoa B multzoko bigarrenaren aurka lehiatuko da, eta B multzoko onena, A multzoko bigarrenaren aurka. Finalerdia bi saiotara jokatuko da, eta bietako denborak batuta, onenak dituzten biak sailkatuko dira Azpeitian martxoaren 3an jokatuko den finalera.

Bikoteak nahiko orekatuak dira, eta faboritoak aipatzea ez da batere erraza. Garbi dago horien artean, eta beste guztien gainetik, Otaño eta Otaegi agertzen direla. Nazabal ere ateratzen den guztietan faboritoen zerrendan agertzen da, eta oraingoan Zubiagaren laguntzarekin zeresan handia emateko asmoz plazaratuko da.

Bi beteranoek osatzen duten bikoteak ere arrisku handia izango du. Olasagastik eta Donato Larretxeak eskarmentu handia dute, eta ongi moldatzen baldin badira, arazo ugari sortuko dizkiete gainerakoei. Mugertzak eta Atutxak osatutako bikotea da denetan gazteena, eta lan hauetan ongi moldatzen diren bi aizkolari izanda, ez dira faboritoen zerrendatik kendu behar.

Zilarrezko maila

Zilarrezko Mailan, gauzak ezberdin izango dira. Bikote askoz ere gehiago arituko dira lanean, eta kanporaketa eran jokatuko dira hasieratik amaierara. Finala maila nagusikoarekin batera izango da. Parte hartuko duten bikoteak ondorengo hauek dira: Vicente I.a-Vicente II.a, Etxeberria-Etxeberria II.a, Telletxea-Alkizalete II.a, Erdozia-Beltza, Garcia-Laredo, Olano I.a-Pellejero, Oihan Larretxea-Irazabal, Rodriguez I.a-Rodriguez II.a, Zaldua-Dorronsoro, Jauregi-Kañamares III.a, Larrañaga-Mugertza III.a eta Mujika-Eneko Otaño izango dira. Aurten lehenengo aldiz Urrezko Aizkoran asturiar bat arituko da, Laredo gaztea bertakoa baita.

Otsagabian abiatuko da lehiaketa, Zilarrezko Mailako kanporaketarekin

Aurtengo lehiaketa gaur hasiko da, eta Otsagabian izango da lehen kanporaketa, 12.00etatik aurrera jokatuko baita Zilarrezko Mailako lehen norgehiagoka. Daniel Vicente eta Iker Vicente Etxeberria I.aren eta Etxeberria II.aren aurka neurtuko dira.

Kanporaketa dotorea da aita-semeek osaturiko bi bikote arituko baitira. Daniel Vicentek eta Felix Etxeberriak hartuko dute kanporaketako ardura, baina beraien semeak ere oso maila oneko aizkolariak dira, eta jadanik zeresana ematen ari direnak, gainera. Hasiera emateko kanporaketa ezin hobea izango da, eta ez da ikuskizunik faltako. J.L.

ligaxka

Bi multzotan banatuta arituko dira sei bikoteak, bakoitzeko hiru. Lehen fasean denek denen aurka jokatuko dute, eta lehenengo biek lortuko dute finalerdiak jokatzeko txartela.

Zilarrezko maila

Aurten Zilarrezko Mailako txapelketa ere jokatuko da, eta han bikote asko izango direnez, kanporaketa eran jokatuko dira saio guztiak. Gazte mailakorik ez da izango.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo