Murrizketarik egin omen ez duen Gobernuaren laguntzarik ezagatik, Donostiako Kofradia ixtear
Egoera ekonomikoa txarra da denontzat, horregatik administrazioek egin behar duten ahalegina denen egoerari ahal bezain modu eraginkorrean aurre egitekoa da, lehentasunak kontuan izanda, jakina. Behartsuenei lagunduz eta jarduera ekonomikoa eta, beraz, enplegua sustatuz. Zenbait administraziok, ordea, krisiaren aurrean hartu dituzten neurriak justu kontrakoak izan dira, hain zuzen -jendaurrean bestela agertzen badituzte ere-, «murrizketa» hitzak laburbiltzen baititu. Behartsuenak gero eta babesgabeago utzi eta jarduera ekonomikoa oztopatu dute. Donostiako Arrantzale Kofradiaren kasuan, itxieraraino oztopatu ere, Lakuako aurreko Gobernuak agindu zien laguntza ez baitzaie iritsi eta ezin baitiote azpiegitura-gastuari eutsi. Behin-behineko itxiera izatea espero dute, baina hori ez dago Kofradiaren esku, eta Gobernu berriari irtenbideren bat eskatuko diote. Edonola ere, hilaren 31n itxi egingo dute Donostiako Kofradia, egoera negargarrian dagoen sektore baten gainbehera areagotuta. Lakuako aurreko arduradunek diote eurek ez dutela murrizketarik egin eta kudeaketa ona egin dutela. Donostiako Arrantzale Kofradiaren itxiera, beraz, kudeaketa «onaren» ondorio da.