GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

cierre de la lonja del puerto de donostia | leandro azkue, gipuzkoako kofradien zuzendaria

«Sektore potentea da arrantza eta, zergatik ez, beste lan irtenbide bat»

Arrantza sektoreak bizi duen «pixkanakako gainbehera» gertutik bizi du Gipuzkoako kofradietako baliabide zuzendariak. Hala ere, esperantzarako arrazoiak badirelakoan dago, azkeneko kanpainak emaitza txukunak utzi ditu eta, gaur-gaurkoz, badago sektoreari eutsiko dion oinarria. Ostera, gazteriaren grina botatzen du faltan.

p005_f01.jpg

 

 

Donostiako kaian, kofradiaren itxieraren atarian, arrantza sektoreak oraindik ere etorkizuna baduela baieztatu du Leandro Azkuek. Harrapaketen emaitza onak nabarmendu ditu eta aurrera begira egiteko asko badute ere, ez du galdu Euskal Herriko funtsezko sektore hau suspertzeko itxaropenik.

Garai zailak bizi dituzue arrantzan. Nolakoa izan da 2012ko kanpaina?

Gipuzkoako arrantzaleei begiratuta, ikusita lehorrean zein egoera larria dagoen, ez da hain urte txarra izan. Antxoaren kostera ondo joan zen, ez ginen iritsi ezarritako kuota betetzera eta, zientzialariek diotenez, stock-a beteta dago. Arazoak prezioarekin izan genituen. Ez zen ordaindu guk nahiko genukeen prezioan, baina orokorrean kostera ona izan zen. Hegaluzearen kostera ere ondo joan da. Lehorreratutako tona kopuru aldetik azkeneko bost urteko kosterarik onena izan da. Prezio aldetik ere ez da izan kexatzeko modukoa. Salneurria azkeneko bost urteotako batez bestekoan mantendu da eta orokorrean balantze ona egiten dugu. Bere osotasunean hartuta, kostera ona izan da 2012koa.

Aurreko astean Bruselan zenbait espezieren kuota ezarri zen. Ze ondorio izango du Euskal Herriko arrantzan?

Gure arrantza nagusiak, antxoa eta hegaluzea, ez dira azkeneko Ministro Kontseilu horretan erabakitzen, aurretik ezarrita daude. Zorionez, bi espezie horien stock-a berreskuratuta dago, antxoaren arrantza bost urtez itxita egon ostean. Bruselan egindako azken bilera horretan erabaki dutena beste espezie batzuen ingurukoa da, baina guretzat ere badu nolabaiteko garrantzia, legatza eta berdelari dagokionez batez ere. Orokorrean, sentsazio gazi-gozoa geratu zaigu. Legatzaren kuota %15 igo da, pixkanaka berreskuratzen ari dela ikusi dutelako. Berdelari dagokionez, ordea, kuota %25 jaitsi da. Berdelaren kasuan guk Kantauri itsasoan harrapatzen duguna Europa mailan arrantzatzen denaren %1 baino gutxiago da. Azken finean, berdelaren stockak hartzen du Ipar Itsasotik Eskozia, Irlanda, Frantzia eta Kantauri itsasoraino. Hortaz, kuotaren ezarpena iparraldeko estatuek erabakitzen dute: Norvegia, Islandia, Alemania, Eskozia.... Herrialde horiek kuota euren artean banatzen dute eta guk, zoritxarrez, oso gutxi daukagu erabakitzeko.

Nola ikusten duzu arrantzaren etorkizuna?

Gainbeheran gabiltza azken 25 urteetan. Egia da kasuz kasu aztertu behar dela eta Donostiako egoera tamalgarria dela, baina Hondarribian edo Getarian ikus daiteke han oraindik mantentzen dela eta sektore ekonomiko indartsua dela, bai herri mailan bai probintzia mailan. Gure pixkanakako gainbehera horretan nik uste dut gure arrantza aurrera doala. Bestalde, kudeaketa arloan hartzen ditugun erabakiak uste dut egokiak direla. Zentzu horretan, esperantza pixka bat eman nahiko nuke.

Ba al dator sektoreari jarraipena eman nahi dion belaunaldirik?

Itsasontzi modernoak ditugu eta patroiak oraindik gazteak dira, nahiz eta arrantzale berriak ez diren oso gazteak. Donostiako proiektuaren beste helburu bat zen hori, hain zuzen dibertsifikazio arlo horretan gure arrantza mota ezagutaraztea jende gaztea erakartzeko. Ikusten ari garena da lehorrean lanean zebilen jendea egoera ekonomikoa ikusita berriro itsasora bueltatzen ari dela. Garrantzitsuena falta zaigu: gazte jendeari arrantzarako eta itsasorako grina sortzea. Hor lan handia daukagu egiteko. Oraindik ere sektore ekonomiko potentea da arrantza eta gaur egun bizi den egoera honetan, zergatik ez, beste lan irtenbide bat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo