GARA > Idatzia > Kultura

Zilargia elkartearen sorrera iragartzen duen erakusketa Azkainen

Argazkilaritza eta irudia hedatzeko asmoz sortu da Zilargia elkartea Azkainen. Abiatutako bidean, Alejo Moreno, Patrick Ondicola eta Amaia Jorajuriaren argazkiak biltzen dituen erakusketa da lehen pausoa.

p041_f01.jpg

Idoia ERASO | AZKAINE

«Elkarteak agerraldi eta erakusketak sortu eta antolatuko ditu, baita bestelako ekimenak ere arte bisualen bitartez sentsibilizatu eta bitartekaritza eskaintzeko», azaldu zuen Patrick Ondicola argazkilariak sortu berri den Zilargiri buruz. Erakusketa bat antolatuz eta argazki laborategi bat sortuz abiatu den elkarteak herriko ikastetxeetan ikastaroak ematea, saltegiak herri osoa hartuko lukeen argazkilaritza jaialdi batean integratzea edo irudi eta arte arloko artista eta profesionalak elkartzeko asmoz sortu da.

Elkartearen sorreran diharduten hiru argazkilariren lanen erakusketak eman dio hasiera ibilbideari. Azkaingo Elizako plazako lokalean urtarrilaren 6ra arte ikusgai izanen dira itsaso, mendi eta oro har izadiaren zehaztasunak erakusten dituzten argazkiak. «Gure helburua irudiaren bitartez komunikatzea da. Irudiaren bitartez egin dezakegun guztia elkartuko lukeen bilgune bat sortu nahi dugu», nabarmendu zuen Ondicolak.

Alejo Morenok, bestalde, horrela azaldu zuen elkartearen sorrera bultzatu duena: «Argazkilaritzan hasi nintzenetik beti ikasten ari naiz eta horrek motibatzen nau segitzera. Elkartea ikasten segitzeko bitartekari bat da, eta dakidana besteekin partekatzeko gunea».

Daniel Velez, Lapurdiko argazkilaritzako kide ezaguna, Zilargiren lehen pausoak ezagutzera hurbildu zen. «Kuraia behar da argazkilaritzari dagozkion egitasmoak abiatzeko. Gaur egun Iparraldean ez dago argazki galeria bakar bat ere. Argazkilariak euren kabuz antolatu behar dute, argazkilaritzaren merkatua oraindik ez dago kokatuta», adierazi zuen.

3 ikuspegi 11 interpretazio

Hiru argazkilari eta hiru ikuspegi eskaintzen ditu erakusketak, baina argazkiak ateratzen diren ikuspegitik harago irudiak izaten duen bideari buruzko gogoeta gune ere bilakatu zen erakusketaren estreinaldia.

«Denborarekin ikusi dut argazkiek sentimendu eta sentsazioak sortzeko balio dutela eta begiratzen duenaren begian dagoela epaia, zer transmititzen dion», gogoetatu zuen Morenok. Bere ideiaren adibide gisa itsasoaren aurrean urrunera begira dagoen body boarder baten irudia aukeratu zuen: «Honek batzuei baretasun, kontzentrazio edo erronka bati aurre egitearen irudia ekar diezaieke. Ez da kazetaritza argazkilaritza bezain esplizitua, interpretaziorako askatasun handiagoa ematen du, bizipenen araberakoa».

Daniel Velezek ere irudi hori izan zuen hizpide: «Itsasoari begira dagoen kirolariaren irudia anitz maite dut, galderak pausarazten ditu. Nire ustez, ez da uretara joanen ez dagoelako olaturik».

Amaia Jorajuria argazkilariak irudiarekin egiten duen lanak duen erakargarritasuna aipatu zuen: «Argazkia egitean ikuspuntu ezberdinak ikustea maite dut eta argiarekin jostatzea, baina gero lantzen denean beti ezberdina da».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo