Aberatsen pribilegioak bermatzea, betebehar
Hiru egun baino ez dituzte AEBetako demokratek eta errepublikanoek akordio bat lortzeko, amildegi fiskala delakoa saiheste aldera. Amildegi ertzean daude, beraz, abenduaren 31 baino lehen akordiorik lortu ezean, defizita gutxitzeko zerga-igoera orokorra eta murrizketa ugariak ezarriko baitituzte. Errepublikanoen jarrera ez da berria. Jakina da horien interesak lehenik handikien interesak direla, erabili ohi duten diskurtso populista gorabehera. Eta bakan batzuen interesak defenditzeko ez dute dudarik herrialdearenak, herritar guztienak, alegia, arriskuan jartzeko. Hala erakutsi izan dute behin baino gehiagotan eta hala erakusten ari dira egunotan. Akaso, baten batek esango du akordioa lortzeko ardura demokratena ere badela. Eta hala da, baina ezin esan Obamaren politika sozial eta ekonomikoa sozialismorantz lerratzen denik, hain justu. Iragan astean, Ordezkarien Ganberako presidente John Boehner errepublikanoak milioi bat dolarretik gorako errentei zergak handitzea proposatu zuenean, haren alderdiko kideak berak neurri horren aurka agertu ziren. Aberatsen zama fiskala pixka bat handitzea ez da sistema fiskala iraultzea, baina bistan da errepublikanoak horretarako ere ez daudela prest. Argi dute bakan batzuen pribilegioak ukiezinak direla eta, arriskuan ez badaude ere, pribilegio horiek inork ez ukitzea dute betebehar nagusia.