GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

Mikel ETXARRI | EUSKAL SELEKZIOKO HAUTATZAILEA

«Oso pozik egotekoa da nire herriko selekzioko hautatzaile izatea eta besteekin konpartitzea»

Entrenatzaile lasartearrak 2003. urteaz geroztik zuzentzen du taldea. Aulkian urtean behin soilik esertzeak hutsunea sortzen diola aitortzen du, baina bihar, zortzi urte igaro ostean, etxera itzuliko da, Anoetara. Euskal Herri osoko zaleak bertara gerturatzea nahiko luke.

p030_f02_097x136.jpg

Imanol CARRILLO

Lasai igaro ditu egunok Mikel Etxarrik familiakoekin Gabonak direla-eta. Alabaina, Boliviaren aurkako neurketa buruan du jada hautatzaileak.

Aulkian berriro esertzeko gogoz al zaude?

Urte osoa ematen dut horren zain. Eskerrak, behintzat, urtero esertzeko unea dugula, eta gogoz nago.

Euskal Selekzioa bezalako talde batean zein da hautatzaile baten eginbeharra?

Normalean, aurrena euskaldun guztiek non jokatzen duten ezagutzea. Urtean zehar partidak ikusten ditugu eta gure jokalariek nola jokatzen duten aztertzen dugu. Ondoren, azkeneko bi hilabeteetan partida prestatzen hasten gara: entrenatzaileen bidez jokalariak nola dauden jakiten dugu, lesioren bat duten edo ez, edo jokatzea komeni zaien edo ez.

Profesional izanda eta kontuan izanda gure partida ez dela ofiziala, entrenatzaileekin eta jokalariekin konplitu behar dugu. Horrela errazagoa da jokalariak ekartzea. Pena handia da Ingalaterran direnak behin ere ezin izan direla etorri. Mikel Artetarekin hitz egin dugun bakoitzean, beti etorri nahi izan du. Izan zen behin aukera hori, Estonian jokatu genuenean, Ingalaterran Liga amaituta zegoelako, baina ez zioten baimena eman, entrenamendua baitzeukan.

Nola banatzen duzue lana Jose Mari Amorrortuk eta zuk?

Ni bederatzi partidatan ibili naiz Iribarrekin, bat Iruretarekin eta beste bat Amorrorturekin. Iribar Athleticetik oso gertu zegoen, eta Javier Exposito, aldiz, Realetik gertu. Hala, Expositoren tokia nik hartu nuen eta berdin jarraitzen dugu orain jokalariak hautatzeko garaian.

Normalean bakoitzak bere zerrenda egiten du. Jose Mari eta ni, aurreko urtetik elkarrekin ibili garenez, iazko oinarriarekin egin dugu; Aranburu kenduta eta aldaketaren bat eginez. Gero, gure artean erabakitzen dugu zein sartu edo zein kendu. Ez da arazorik izaten, nahiz eta duda sor daitekeen bat edo bi jokalarirekin. Kasu honetan, Asier Riesgok Eñaut Zubikaraik baino gehiago jokatu izan du, baina aurten ez. Aurten bospasei partida jokatu ditu Eñautek, eta horregatik ekarri dugu.

Zu 2003tik zara hautatzaile. Zein bilakaera izan du ordutik hona Euskal Selekzioak?

Egun selekziora iristen diren jokalariak gazteagoak direla sumatzen dut. Lehen Mailan gero eta gazteagoak ateratzen ari direla ikusten da, eta selekzioan ere hala gertatzen da. Iaz Iñigo Martinezek jokatu zuen, eta bere lehenengo urtea zen Lehen Mailan. Aurten ere Illarramendi eta Ibai Gomez daude.

Gazteen kontu hori taldeen «errua» ere izan al daiteke?

Beraiek izaten dute meritua, beraiek ateratzen baitituzte gazteak, eta guk ikusi eta hartu bakarrik egiten dugu. Meritu handia dute Athleticek eta Realak honelako jokalari gazteak ateratzeagatik. Talde gehienak jokalariak lehenago ateratzen hasi direla uste dut. 1996tik, Bosman legea atera zenetik, Espainiako Ligara kanpoko jende asko etorri zela-eta, taldeek euren etxetik jokalariak ateratzea erabaki dute.

Larunbatean «etxera» itzuliko zara, Anoetara. Zer sentitzen da horrelako egoera baten aurrean?

Oso pozik nago. Gipuzkoarrek partida hona ekartzea eskatzen zuten jada, beti San Mamesen jokatzen genuelako. 2004an hemen jokatu genuen Hondurasen aurka, baina jende gutxiago etorri zen. Hor bi arazo garrantzitsu daude. Aurrena, Bizkaia Gipuzkoa baino handiagoa dela. Gainera, San Mamesera jende gehiago joaten da; beraz, beraientzat errazagoa da San Mamesera joatea Anoetara baino. Nik Bizkaiko jendeari Anoetara etortzeko eskatuko nioke, askotan Gipuzkoakoak asko eta asko joan direlako San Mamesera.

Guretzat, hoberena izango litzateke urtero tokia aldatzea: Gasteizen, Bilbon, Baionan edo Donostian jokatzea; hau da, taldea tokiz aldatu eta herri guztietan jendearen aurrean azaltzea.

Zaila izan al da deialdia egitea?

Deialdia ez da zaila izan, baina beti dauka problemaren bat, lesioak direla-eta. Horregatik, askotan 22 jokalari deitzen ditugu. Ez dakit azkenean 20rekin geldituko garen edo beste norbaiti deitu beharko zaion.

Uruguairen aurkako nire lehen partidan, gogoratzen dut nola bezperako entrenamenduan Urzaizek eta Xabi Alonsok tupust egin zuten, eta ezin izan zuen jokatu ez batak eta ez besteak. Orduan, korrika beste bati deitu behar izan genion. Kanpoan zegoen, baina jai-eguna utzi eta etorri egin zen.

Futbolari asko utzi behar izan al dituzue kanpoan?

Nik pena handia daukat batekin. Realarengandik oso gertu nago, eta Riesgori aurten ez zetorrela esateko deitu nion; gainera, Ion Ansotegi eta ni oso lagun onak gara... Askotan pena ematen dizu, baina denentzako tokirik ez dago. Beraiek ulertu egiten dute eta oso ondo portatzen dira.

Biharkoa norgehiagoka ofiziala izango balitz, Ingalaterran dauden jokalariek jokatzerik izango luketela uste al duzu?

Hori nola izango litzatekeen pentsatzea oso zaila da. Politikoen eskutan gaude; ez dago kirolaren eskutan. UEFA edo FIFA argiak dira: ez baldin bada politikoki aitortua, ez dio baimena emango. Orain Gibraltarren kasua dago. Ez dakit baimena emango dien ala ez, baina eskaera 2001a baino lehenago izan zen eta oraingo arauan ezin omen da aplikatu, eta hor utzi dute gaia. Beraz, hori iristean pentsatu beharko da.

Jokalari berrien artean, Realeko Zubikarai eta Illarramendi daude. Zer komentatu dizute?

Oso pozik daude biak, barrez hartu zuten deia. Nik zorte handia izan dut. 53 urte daramatzat segidan futbolean, eta hortik azkeneko 18-20, profesional bezala. Aurrena, Portuetxeko laborategi batean lan egin eta arratsaldeko bostetan entrenatzera joaten nintzen Bigarren Mailan zegoen Eibarren jokatzeko; beste hiru urte Aurrera Ondarroan pasa nituen. Horregatik, oso pozik egotekoa da nire herriko selekzioan hautatzaile izatea eta besteekin partekatzea.

Xabi Alonso etorriko al da?

Bai. Bera Donostian dago jada. Nahiko urduri pasa nuen astelehena. Berarekin duela hilabete eta erdi hitz egin nuen. Lehenengo momentutik esan zuen etorri nahi zuela eta bera arduratuko zela entrenatzaileari baimena eskatzeaz. Baina iragan larunbatean, emaitza kontuan edukiz eta 82. minutuan aldatu zutela ikusita, zeozer gerta zitekeela pentsatu nuen. Ezin izan nuen berarekin hitz egin gaueko zortziak arte. Ez zuen telefonoa hartzen, baina berak deitu eta lasai egoteko esan zidan, hemen egongo zela. Xabirena aipatzekoa da. Oso umila da eta gurekin, behintzat, oso ondo portatzen da.

Boliviako taldeari buruz zer aipatuko zenuke?

Xabier Azkargorta urtarrilaren 19an, San Sebastian bezperan, hara abiatu zen. Bazkari bat egin genuen berarekin Zarautzen eta alde egin zuen, baina ez zuen taldea udara arte hartu.

Peru, Uruguai eta Ekuadorren aurkako azken hiru partiden laburpenak ikusi ditugu. Hiru erdilarirekin jokatzen du eta aurrean aurrelari oso bizkor bat du, 33 urte dituen Salcedo, hain zuzen ere. Azken bost goletatik lau sartu ditu berak. Arean oso ondo mugitzen dela dirudi. Bestalde, Uruguairen aurka, lau goletik hiru estrategikoak izan ziren, bat falta baten bidez eta beste bi kornerretan.

Euskal Herriaren maila berean al dago?

Uste dut baietz. Partida zaila izango da, orekatua. Talde bezala, gu baino prestatuagoak egongo dira, ziur aski. Gainera, gu 22 bagara, asmoa da denek jokatzea. Garrantzitsua irabaztea da, baina denek jokatzea nahi dugu.

Azkargortak zenbait futbolari sendo utzi ditu deialditik kanpo...

Marcelo Martins Morenoren kasuan, azken partidetan ez du titular bezala jokatu. Beste entrenatzailearekin egunero jokatzen zuen, baina Xabierrekin uste dut denetan ez duela titular bezala jokatu. Boliviarentzat jokalari garrantzitsua da. Europan izan zen. Werder Bremenek fitxatu zuen eta hortik utzita joan zen Wiganera. Ingalaterran sei edo zortzi hilabetez aritu zen.

Zuk harreman sendoa duzu Azkargortarekin. Neurketari buruz hitz egiteko astirik izan al duzue?

Elkarrekin egin genuen ikastaro nazionala 1978an, Oviedon. Ondarroako Aurrera utzi nuenean, berak hartu zuen postua eta beti egon gara elkarrekin ikastaroak ematen. Harreman handia dugu; 35 urte dira elkar ezagutzen dugula. Partida prestatu baino lehen Skype bidez hitz egin genuen, baina ez dugu partidari buruz hitz egin oraindik. Asteartean Gabonetako zorion-txartela bidali nion. Ziur aski, gaur goizean bisitatuko dut.

Iaz aipatu zenuenez, honelako partidak irabaziz ofizialtasunaren alde borrokatzen da.

Bai. Egunen batean ofizialtasuna ailegatzen bada, taldeak maila duela jakitea garrantzitsua izango da. Beste tokietako futbola eta Europako Txapelketa bezalako lehiaketak ikusiz, bide onean gaude. Venezuelaren aurkako bi neurketak irabazi genituen; Serbiaren aurka ere bai, eta Kataluniaren aurkako bi partida oso garrantzitsuak ere aipatu behar dira. Maila eta intentsitate handiko partidak izan ziren. Tamalez, Galesen aurka 0-1 galdu genuen etxean, baina partida ona jokatuta. Eta hori garrantzitsua dela uste dut.

Euskal Selekzioa urtean behin zuzentzeak ez al dizu hutsunea uzten barnean?

Bai. Liga bukatuta, bi urtetik bi urtera, Europako Txapelketa edo Munduko Txapelketa izaten dira. Beraz, oso zaila da hor tartean partidak sartzea, eta klubei ez zaie asko gustatzen. Kontuan hartu behar da jokalariek oporretatik hiruzpalau egun galdu behar dituztela gurekin egoteko.

Ikusten al duzu egunen batean Euskal Herria ofizialki lehiatzen?

Ez dakit nik edo hurrengoek ikusiko duten. Ez dakit noiz, baina uste dut ailegatuko dela. Garrantzitsuena, ordea, jokatzea da eta partida bakarra izan beharrean, bi edo hiru jokatzea, aurkarientzat normala izateko. Gales, Ghana, Serbia, Mazedonia, Uruguai, Bolivia, Estonia... Herri ugarik ezagutzen gaituzte jada. Gainera, Estoniaren aurka UEFA araudiarekin jokatu genuen: denak elkarrekin atera, partida hasi baino ordu erdi lehenago jokalari guztiak epaileari aurkeztu... Hala jokatu genuen jada, behintzat.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo