GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Gasteizko Udala, gaixo dauden herritar presoekin

Euskal Herriko bigarren hiribururik jendetsueneko herritar gehienek gaixotasun larriak dituzten presoen askatasuna nahi dutela ez da inongo albistea, baina bai Gasteizko Udalak atzo bere egin zuela eskaera hori, Gotzone Lopez de Luzuriaga eta Jose Ramon Lopez de Abetxuko aske uzteko galdegiten duen mozioa onartuta. Mozioak, Bilduk eta EAJk aurkeztuta, talde bion eta PSEren aldeko botoak jaso zituen; bi heren, hain zuzen. Lehendik ere bazuen hiri horretako berrehun lagun ezagunen sostengua, eta atzotik ordezkaritza zabal eta anitz hori Udalean ere islatuta dago. Mozioaren aldeko botoa eman zuten taldeek bi argudio nagusi agertu zituzten: presoen eskubideen errespetua eta urratsak egin beharra. Izan ere, PSEko eledun Patxi Lazcoz aurrerapausoak ematearen alde agertu zen, une politiko eta sozial berria onartuta, eta bere alderdiak mozioari sostengua eman izana «keinu-politika» batean kokatuta. Horixe da, hain zuzen, bidea, gizarteak seinalatutako bidea. Alvaro Iturritxa zinegotzi jeltzaleak ere nabarmendu zituen norabide egokian eman beharreko pausoak. Idoia Garmendia PPko zinegotziak, ordea, esan zuen Udala ez dela horrelako arazoei heltzeko eztabaida-gune egokia. Hala ere, leku guztiak dira eztabaida-gune egoki, salbuespenezko neurriak, mendekua eta bidegabekeria guztiak salatu eta desagerrarazteko ahaleginean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo