GARA > Idatzia > Euskal Herria

Krisiari aurre egiteko UPNren neurriak antzuak direla nabarmendu du Bilduk

Yolanda Barcinak 2013rako iragarri dituen murrizketa berriak eta AHT bezalako azpiegitura handietan inbertitzen jarraitzea neurri antzuak dira, Bilduk nabarmendu duenez. Horrez gain, Nafarroako gizartearen ahotsaren aurrean entzungor jarraitzea leporatu diote.

p017_f02_199x107.jpg

Martxelo DIAZ |

Datorren urtean murrizketak egiten eta azpiegitura handien lanetan jarraituko duela esanez Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak egindako iragarpenaren aurrean, neurri horiek krisiari aurre egiteko eta enplegua sortzeko antzuak direla salatu zuten atzo Bildu talde parlamentarioko eledun Maiorga Ramirezek eta Bakartxo Ruizek.

Madrilgo PPren Gobernuaren aginduz UPNk Nafarroan ezarri dituen erabakiek «egoera okertu dutela» gaineratu zuten Bilduko parlamentariek, 50.000 langabe sortuz eta pobrezia poltsak handituz. «Egoera ekonomikoaz baliaturik, euren politika ezarri dute. Alor publikoetan murrizketak egin dituzte alor pribatuaren mesederako», azaldu zuten.

Nafarroako gizartearen protesten aurrean entzungor jarraitzea ere leporatu zioten Barcinari, eta urtean zehar mobilizazio ugari eta hiru greba orokor izan direla gogora ekarri zuten.

Horrekin batera, Barcina bakarrik dagoela azpimarratu zuten Bilduko hautetsiek. Madrilgo Gobernuaren esanen aurrean men egiten duen bitartean, gero eta zailtasun gehiago ditu Nafarroako Parlamentuan gustuko dituen legeak aurrera ateratzeko. Are gehiago, Parlamentuak UPNren egitasmoen kontrako legeak onartu dituela ere gogoratu zuten.

Pairatzen duen bakardadea eta jasotzen dituen kritiken aurrean, nafarrei hitza eman eta hauteskundeetara deitu beharrean, Barcinak boterean jarraitzea erabaki duela salatu zuten.

«Autokritikarik egiten ez duen Gobernua da Barcinarena. Bere erantzukizunei ez die aurre egiten», gaineratu zuten.

Gobernu espainolak Nafarroako Parlamentuaren erabakien kontrako helegiteak aurkeztu izana ere salatu zuten. Nafarroako Gobernuak autogobernuaren defentsan jarduteko duen betebeharrari uko egin diola ikusita, Bilduko parlamentariek zuzenean jo zuten Madrilgo Gobernura, Iruñeko Legebiltzarrean onartzen dena errespetatzeko eskatzeko.

Nafarroako CAN aurrezki kutxaren afera ere aipatu zuten Bilduko parlamentariek, hain zuzen, zer gertatu den argitzeko UPN eta PSN jartzen ari diren trabak salatu zituzten. «Bazirudien Barcinak PSN Gobernutik bota zuenean alderdi horrek UPNrekin zituen loturak apurtuko zituela, baina ez da horrela izan», esan zuten, bi alderdiek gai honetan ezkutatzeko zerbait badutela nabarmenduz.

«arrangurarik ez»

Urtezaharreko mezuan, krisiaren aurrean «arrangurarik ez dela behar» esan zuen Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak. «Alferrikakoa da kexuka aritzea», gaineratu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo