GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga | Kazetaria

Salatzaile tematsuak

Carlos Iturgaiz Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPko presidentea zenean, beste alderdiren bateko infiltratua zela uste izatera iritsi ginen batzuk. Halako elementu bat aurkitzea oso zaila izan behar zuela esaten genuen lagun artean. Ez, ba. Antonio Basagoitik gainditu egin ditu haren ateraldiak eta jarrera setatia, argudioaren ordez iraina eta salaketa erabiltzeko ohitura. Hasierako «hau elementua!» «azkenean Iturgaiz gaindituko du» bihurtu zen, nahiz eta segituan «bai zera, honek sikiera etorri handixeagoa du» esan ohi genuen. Eta hala da, baina ez dio askorako balio izan. Eta horiek bezalako hirugarren bat topatzea ezinezkoa zen uste osoa genuen. Ez, ba.

Carlos Urquijok bere alderdikide bi horiek baino etorri handiagoa du, zalantzarik gabe, baina hari ere etorriak ez dio gehiegi balio, hanka sartzeko ez bada. Gainera, eztabaida askotan parte hartzen ez duenez, ez du argudiorik behar. Baina beste biek erakutsitako tema beraren jabe da. Bere ikusmolde gorri-horiaren araberakoa ez den ekimen bat sumatu orduko, Auzitegi Nazional espainolera joko du. Manifestazioak eta bestelako ekitaldiak debekatzeko, hainbat instituziok hartzen dituzten erabakiak bertan behera uztarazteko asmoz, debekatzeko, debekatzeko, debekatzeko... Beti ere edozertarako argudio bera erabiliz: biktimak umiliatzea edo terrorismoa goratzea saihestea. Donostiako Udalak Txillardegiri Hiritar Merezimenduaren Domina eman izana terrorismoa goratzea izan litekeela uste du Urquijok, Txillardegi ETAren sortzaileetako bat izan zen eta. Zenbat sari ez ote ditu jaso Manuel Fraga zenak. Barregarria, bai, baina arriskutsua bere aparatuetan hura bezalako hainbeste elementu dituen estatu batean.

Salatzaile konpultsiboen kasta modako dago, gainera. Azken egunotan erakusgarri ugari izan ditugu. Laura Alba UPNko kontseilari ohiak Ateak Ireki web orriaren aurkako salaketa aurkeztu zuen atzo, dokumental batek bere ohoreari eraso omen diolako. Athletic eta Realeko jokalari ohien partidua ere debekatzen saiatu dira eta, bai hortan, baita urriaren 12ko manifestazioa ere. Ezin dute disimulatu ere egin euren arazoa ez dela inor goratzea ez inor mespretxatzea, baizik eta herri honetan jende multzorik handiena euskal presoen eskubideak errespetatzeko eskaerak biltzen duela ikustea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo